Naziaren ajea

  • Gasteiz, 1936ko irailaren 28a. Arabako hiriburuko agintari zibil eta militarrek hainbat ekitaldi antolatu zituzten frontera joateko prest zeuden tropa nazionalei eta Alemaniako Condor Legio ezagunari omenaldia egiteko asmoz.
Handik bizpahiru egunera parlamentu errepublikarrak Euskal Autonomia Estatutua onartu zuen; astebetera gerrako Jaurlaritza osatu zen, eta honen lehentasunetako bat Euzko Gudaroztea antolatzea izan zen. Euskal armada saiatu zen Gasteiz hartzen 1937an, Legutioko erasoaren bidez, baina porrota izan zen saiakera hura.

1936ko uztailaren 19an bertan, altxamenduaren biharamunean, Camilo Alonso Vega teniente koronelak Araba beregain hartu zuen, gobernadore zibila aldatuz; errepublikarrek greba orokorrerako deialdia egin arren, ez zuten arrakastarik izan. Beraz, irailaren amaierako egun hartan, Gasteiz frankistena zen, baita hainbat militar alemaniarren behin-behineko egoitza ere.

Dato kalean desfile militarra egin zuten, eta Plaza Berrian kontzentrazioa. Eta azkenik alemaniarrei afaria eskaini zieten Círculo Vitoriano-n. Afarian, aginte alemaniarrek honakoa proposatu zuten jasotako omenaldia eskertzeko asmoz: hurrengo egunean Heinkel HE-51A biplanoz osatutako eskoadrilak hegaldia egingo zuen Gasteiz gainean, eta hegazkinetako batetik lore-sorta botako zuten udaletxearen parean. Lore-eskaintza berezia egiteko Leon Ekkard Hefter tenienteordea hautatu zuten. Ekkard Hefter Kolonian jaioa zen eta hogeita lau urte zituen.

Alemaniarrek Frontón hotela zuten ostatu eta, afaria amaituta, goizeko ordu txikiak arte iraun zuen festa egin zuten bertan.

Biharamunean, 1936ko irailaren 28an Hefter tenienteordea zeremoniarako prest zegoenik ezin esan; gau guztia parrandan pasata, egoera fisiko tamalgarrian zegoen. Lehen pasaldian dagoeneko pilotuaren maniobra arriskutsuak ikusi ahal izan zituzten plazan bildutakoek. Bigarrenean, baxuegi egin zuen hegan eta lurreratze-trenak teilatu bat jo zuen. Kontrola galduta, plazan erori zen biplanoa. Hefter tenienteordea hegazkinaren hondakinen artean harrapatuta hil zen, kiskalita. Baina Antonio Peral Maza esnezalearen eta Lopez Erauskin izeneko beste pertsona baten heriotza ere eragin zuen pilotu naziaren ajeak.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 15a
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


2024-05-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean...

Euskal Herriko gune batzuetan bizilagun ezaguna dute jada dragoitxo arrunta. Nafarroa hegoaldean, esaterako, urteak daramatza (gutxienez 1980ko hamarkadatik) bertako hormetan eta etxe inguruetan gora eta behera, batez ere gau partean, argia duten inguruetan, jatena non... [+]


Eguneraketa berriak daude