Udalak subkontratatu!?

  • Azpikontratatu esan beharko omen nuke baina, azpi aurrizki moduan erabiltzea gogorregi gertatzen zait: azpijoko, azpikeria... eta gainera guk azpiak edo simaurrak atera eta bota egiten genituen, baserrietan. Orain ere ateratzen dituzte batzuk –bistara– eta beste batzuek kontratatu, baina prostituzio kutsua hartzen duelakoan, inork gaizki ulertu eta minik har ez dezan, sub jarri dut. Barka atrebentzia!

    Nik, udalaren funtziorik interesgarriena herri dinamika sortzean dakusat; herritarrak zertan hartan lanean jartzean eta ez hainbeste obrak egin eta sekulako jaiak prestatzean, denon dirua erabiliz. Bai, denok dugu estimuan kostatzen zaigun hura eta beste gabe aurrean, eginda, jartzen digutena, akaso, aintzat hartu ere ez dugu egiten.
Iñaki Murua
Dani Blanco
Bada, duela hogei urte inguru hasita ari naiz ohartzen, udalen helburuetako bat horixe dela, dena eginda ematea egiten parte hartzeko aukera eskaintzea baino. Batzuetan interesagatik eta besteetan irudimen ezaren eraginez. Harriduraz jakin nuen Bizkaiko Enkarterrietan Olentzeroa ere subkontratatu egiten zutela –dutela?–, nahiz eta herriko euskara taldeak bereak eta bi egin ekintza bere gain hartzeko. Nonbait, euskara talde hark burututako Olentzeroak arrakasta eta iraupena ziurtatzen zituen baina ez zen ongi ezkontzen udalak ohituraz diru kontuak egiteko zeukan burokrazia eta ereduarekin eta, gainera, buruhauste gehiago sortzen zuen subkontratatuz dena bere gain hartzen zuen enpresak baino, nahiz eta hark gehiago kobratu.

Gipuzkoako Goierrin, herri txiki bateko jaietan, igande eguerdiz, lehenengo nire belarriek topo egin zuten herriko plazan erdara eta euskara txandakatuz ari zen aurkezlearekin. Herritar denek euskara ulertu ez ezik egin ere hark baino bikainago egiten zuten lekuan, bertako zein ari ote zen erdaraz ikustera hurbiltzean, nire begiek ezezagun batekin topo egin zuten. Harrijasotzaile nafar euskaldunekin; aizkolari gipuzkoar euskaldunekin eta oilar-poni- ahari... dantzan zerabiltzan euskaldun arabartu batekin eta han bildu ziren herritar taldetxoarekin nire hizkuntzan aritu nintzen. Ez zitzaidan buruan kabitzen herri hartan jaialdi hura subkontrata bidez ekarri izana. Ez zegoen bada esataririk bertan kanpora bila joan beharrik gabe! Eta, besteekin nahasian, saltsa jartzeko adinako kirolariak ere bai, noski. Baina herritarrak –ez askorik, egia esan– begiratzera eta tarteka txalo jotzera etorriak ziren. Ezin zuten besterik egin.

Bi adibide hauez gain beste sail bat ere ikusi dut eta pentsatu izan dut: udal ordezkari hauek nola lortu nahi dute herriak parte hartzea? Ikusleak hurbiltzea, partaide denak kristo etxekoak izanda? Zergatik gastatzen dute hainbeste diru “izenetan”, herritarren arteko apustu eta desafioak merkeago eta interes gehiago pizten dutenak direla jakinda? Nola sortu nahi dituzte kirolariak? Esatariak? Aurkezleak? Antolatzaileak? Herritar arduratsuak? Herriko ekintzetan bustiko diren gazteak? Zinegotzi berriak? Herritarren arteko harremanak estutzea? Hau halakoren alaba dela eta beste hura holakoren maitalea dela ezagutzea? Koadrilak sendotzea eta ekintzak proposa ditzaten lortzea? Azken batean, herri bizia?

Badakit nire ikuspegia hiri handietan berez itoko dela, baina han ere zerbait egiterik izango da, besterik ez bada auzoetan edo elkarteen artean edo koadrilaka edo... Badakit nire ikuspegiak udal ordezkarien bizia konplikatzen duela, bai. Baina, hori begi bistakoa da, karguak lana dakar –edo ekarri beharko luke! Eta, hobe litzateke lanak kargua ekartzea, baina tira…– eta horretara ez badoaz zertara doaz?

Begira, gure udaletako ordezkari gehienek jarrera aldatzen ez badute –eta uste dut egoera okerrera egiten ari dela, gai honetan bederen– nik hauxe proposatzen dut: subkontrata ditzagun udal kudeatzaileak. Enpresek aurkez dezatela beren agintaldirako ekintza plan zehatza. Interesgarriena eta merkeena norena den bozka dezagun, eta beste obra denetan egiten den bezala, hitz emandakoa bete badute ordaindu eta bestela ez. Garbiagoa litzateke eta denok jakingo genuke zertaz ari garen.

Azkenak
Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


2024-05-14 | Hala Bedi
Kutxi kaleko etxe okupatu bat hustu du Udaltzaingoak

Zazpi urtetik gora okupatuta eman ondoren hustu egin dute Aiztogile kaleko 92. zenbakia.


Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


Eguneraketa berriak daude