Erabakitzeko eskubideaz

Hori da egun hauetan jai eta aste entzuten duguna. Egia esan, erdaraz entzuten dugu maizago: "El derecho a decidir". Nork erabakiko, ordea? Zer erabakitzeko eskubidea? Ez zaigu esaten. Hizkuntza kriptikoa nagusi.

Zergatik ote?

Euskal Herriko mundu politikoan agintzen dutenek -Madrilekoek, jator hitz eginda- ilunpe horretan jarraitu eta hitz garbi eta zehatza aipatu ezinezko tabu bihurtu dutelako. Eufemismoak bultzatu, eta hizkera gardena debekatzen digute. Mahaiaren gainean dagoen arazoa, hala ere, garbia da. Eta soluzioa ere bai:

"Herri guztiek dute beren buruaz jabetzeko eskubidea. Eskubide hau dela bide, inolako mugarik gabe hautatzen dute beren antolakuntza politikoa, eta libroki bermatzen beren garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala", NBEn Batzarre Orokorrean, aho batez, 1966ko abenduaren 16an onartu ziren bi Itun Internazionaletako lehenengo artikulua.

Bi PIDH horien gauzaketaren amaieran edozein helburu da zilegi. Estatu beretan eta inolako aldaketarik gabe segitzea, Autonomia hau edo hura legeztatzea; edota askatasun osoan, Estatu askatu bat sortzea.

Zergatik ez da hau argi eta garbi aldarrikatzen? Eta Euskal Herriari, herri bat delako, autodeterminatzeko eskubidea datxekiola.

Ohar garrantzitsu bat honetaraz gero. Herriek dutela autodeterminazio eskubidea, ez eskualdeek, ez auzoek, ez probintzia puskek. Ez zernahik.

Geografia txoko batek, adibidez, edo gizarte atal batek, nahi duten galdera egiteko eskubide demokratikoa dute dagokien problematikan. Zalantzarik ez. Baina geografia txoko horrek edo gizarte atal hark ez dauka autodeterminatzeko eskubiderik.

Bide beretik, ohiko hauteskundeetan erabakitako politikabidean ematen diren urratsak ez dira autodeterminazioa. Gure arteko batzuek batzutan esan izan dutenaren kontra: "Los vascos llevamos ya años auto-determinándonos todos los días..."

Autodeterminazioa erreferendum berezi batez obratzen da. Eta autodeterminatzen den subjektua herria da.

Eta herri baten faktore objektibo nagusia hizkuntza da; eta faktore subjektibo nagusia mendeetan barrena kondaira amankomuna egin izana. Alderdi nazionalen bidez eta borroka armatu abertzalearen iraupenean ikusgarri. Are gehiago, Estatu Nazional propioa mendeetan barrena ari izan denean -gure kasuan Nafarroa lekuko zalantzagabea delarik-.

Guztiz beharrezkoa, era berean, ideien mailan oraingoan, herri eta populazioa ongi bereiztea. Adibide bakar bat ematekotan, Kanakiako kasua (Nouvelle Calédonie). Ongi aztertu ziren orduan kanakiarren eskubide politikoak eta han berriki finkatutako frantses etorkinenak. Eztabaida juridiko haiek berrikertzea interesgarri izan daiteke orain.

Gure artean sortzen ari den nahaste-borrastea argituz joateko, hitz batez, oso beharrezkotzat joko nuke nik orain, berriro ere, Herria 2000 Elizak 1985eko martxoan eta 1990eko martxoan antolatu zituen bi Kongresu gogoangarri haien errepikapena antolatzea. Orduan bezala gaur egun Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan bilerak eginez.

Orduan, Guy Héraud irakasleak deitoratu zuenez, Europako Estatuen presioaz, ez zegoen autodeterminazio prozesu adibiderik Europan aurkezterik. Etsenplu guztiak urrutikoak ziren, kolonietakoak, eta abar.

Egun Montenegroko adibidea badugu; batere goxoa izan ez diren Serbiak berak eta Solanak bedeinkatua. Balegoke honetaz zer esanik eta zer ikasirik. Eta gero, hirugarren bilduma mamitsuan, entzundakoaz zer argitaraturik.

Eta, nik neuk bederen, erronka bota dut hemen lerro xume hauen bitartez.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 09a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude