Eskubideak, harrokeriak, justizia...


2005eko azaroaren 20an
Nago eskubideak konbentzioa direla, hitzarmen bat, ituna, paktua. Ez direla berezkotasunetik sortzen direnak, ez berez, inork eragin edo bultza gabe, etorri edo eskuratzen direnak. Horretarako ezinbestekoa da, konbentzioan, hitzarmenean, alde bat baino gehiago, bi gutxienez, izatea. Ezinbestekoa den bezala alde batek besteak konbentzitzeko ahaleginak egitea, samurrak ala latzak baina ahaleginak, jakinik alde bat bakarra baino gehiago ez direnean ados jartzen konbentzioa ez dela gauzatzen, eskubidea ez dela ez lortu eta ez praktikan jartzen.

Askotan, ez asmorik txarrenarekin, geure eskubideetan aritzeko haiek, eguna joan eguna etorri, berrikusi, birformulatu, birnegoziatuko ez balira bezala aldarrikatzen ditugu geure existentzia, nahi eta jabetzak. Eternitatearekin hasi eta eternitatearekin bukatuko balira bezala. Ondorioz, oso saio gutxi egiten dugu beste aldea, gureak aitortu eta ontzat eman behar dituena, aintzat hartu behar gaituena, landu eta konbentzitzen.

Historia argudiotzat hartzea horrelakoetan maiz gertatzen den kontua da. Historia gaindiezin den errealitatea bihurtzen dugu -interpretazioak ez ditut hemen kontuan hartzen- eta geroaldiari, geuk geure borondatera baldintzatu beharko genukeen geroaldiari, uko nabarmena egiten diogu fatalismoaren putzutan geure arnasak ia itomeneraino estutuz.

Horrela, zoritxarrez, Espainia Espainia da eta ez dago ez bere azpian, ez parean, bere mendeko ez den errealitaterik. Zertarako gogoratu gaztelerazko literatur tradizioan nazio hitza gaur Espainia deitzen den errealitate horretako lurralde eta giza komunitate askori egotzi zaiola, edo hitzak kontzeptu politikoaren konnotazio nabarmenak izan arren jatorriarekin zer ikusi gehiago duela beste ezerekin baino. Bai, bai, ados, jaiotzea dela seguruena gure ekintza politikorik garrantzitsuena.

Euskal Herriarekin ere antzeko, nahi genukeena eta inoiz izan ez garena fabulatuz besteren errealitateak ez aitortzera edo, onenean (?) ere, axola ez izatera bultzatuak gertatzen gara eta Espainian gerta daitezkeen itxikerien ispilu garden bilakatzen gara. Bi jarrerek ezinezko bihurrarazten dute etorkizuna eta, ziurrenik eskubiderik garrantzitsuena den, etorkizun eskubidea ukatzen diogu elkarri.

Eskubideen kontu hau, nirekiko, frankismo amaieran eta demokrazian zehar ikasi dugun ustea dut. Premian neukana eta lehen ez genekiena, diktadurek ikastea galarazten baitute, ikasi dugu, hainbeste denboran ukatu zitzaiguna, eta justizia kontu bihurtu dugu guztia. Hau da nirea, hau dagokit niri beraz zuk niri eman edo aitortu behar didazu eta ez daukat nik inori ezer zer eskerturik. Horrek esan nahi du besteek dituztela gurekiko betebeharrak eta guri horiek exigitzea besterik ez dagokigula, ez negoziatzea eta gutxiago eskertzea.

Justiziaren bidea aukeratu dugu, eskubideak eta bere subjektuak ondo definitu gabe daudenean, eskuzabaltasunarena eta esker onarena hautatu beharrean, azken hau, agian, bide egokiagoa izan daitekeela uste izatea bekatu mortala dela pentsatuz. Pena eta mina ematen didate nazionalismoen harrokeriek, justiziaz guztia zor zaiela uste baitute, eta beren lorpenetan beste inoren merezimendurik ez baitute ikusten. Zeken eta esker txarreko bihurtzen gaituzte. Harro.

Kezkatu egiten nau hainbeste ebidentziaren jabe den gizarte batean bizitzeak. Inbidia ematen dit katalanen erlatibizatze ahalmenak. Nazka ematen didate erlatibizagarriak absolutu bihurrarazten dituztenek.

Iruditzen zait "justizia/harrokeria" nahaspila horretatik jo dugula eta bazter batera uzten ditugula "eskuzabal eta esker oneko" izatearen bideak. Nik behintzat prest nagoela esango nuke nire eskubideen aitorpena egiten dutenei, oso gogo onez ez izan arren, merezimendu handiak aitortzeko eta ez nire lorpen soil direla aldarrikatzeko, eskubideak eskubide ditudala, batik bat, haiek aitortzen dizkidatelako. Uste dut honi diplomazia edo antzeko zerbait deitzen zaiola politikan eta hauxe eskatuko nieke nire herritar guztiei, lehendakariarengandik hasita, harrokeria gutxiago eta diplomazia gehiago.

Eta, portzierto, ez dut katalanak baino katalanago izan nahi.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude