Gernikako bonbardaketatik bakerantz


2004ko ekainaren 13an

Gernikako Bakearen Museoa hiribilduko Udalak sortu zuen 1998an. Iratxe Momoitio zuzendariak eman digu haren jaiotzaren berri: «Gernika ezagutzera zetozen askok 37ko bonbardaketarenganako jakin-mina agertzen zuten. Hori dela eta, 1998 aurretik erakusketa bereziak egiten ziren udan. Azkenik, epaitegi zaharraren eraikina hustu eta Udalaren eskuetara igaro zenean, bertan Gernikako historiari buruzko erakusketa finkoa ipintzea erabaki zen».

Handik urtebetera, museoaren izaera aldatu egin zen. Gernikaren esanahi sinbolikoaz jabetuta, herriari begirako museoa unibertsalago bihurtzea erabaki eta orain museoaren kudeaketaz arduratzen den Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa sortu zen. «Hasieran 1937ko bonbardaketa zen ardatz nagusia», gogoratu du Momoitiok; «gaur, aldiz, museoak helburu zabalagoa dauka. Alegia, bakea».

Iaz, museoak aldaketak nozitu zituen itxuran zein ariman. Ordura arte «oso tradizionala» zen, Momoitioren berbak erabiltzearren. «Horma zuriak, testudun panelak nongura…». Orain, museoak oso era desberdinetan apaindutako gelak ditu, eta bonbardaketa ez da dagoeneko gai nagusia.

Hiru galdera ibilbide bakarrerako

«Bisitaldiak hiru galderei erantzun gura dio», azaldu digu Momoitiok: «Zer da bakea? Zer gertatu zen Gernikan bakerik ez zegoen une batean? Eta, hirugarrenik, zertan da bakea munduan gaur egun?». Horiei erantzuna eman guran, gernikar museo gazteak objektuetan baino sentimendu eta ideietan oinarria daukan ibilbidea eskaintzen du. Lehen areto bietan, Historian zehar bakeak izan dituen hainbat definizio azaltzen dira. Badira panel batzuk, «baina ez dute letra gehiegirik», ohartarazi du zuzendariak.

Hurrengo urratsa ikus-entzunezko emanaldia da. «Bi ditugu museoan, eta biak indar handikoak». Lehenbizikoak, hain zuzen, ibilbideko bigarren galderari erantzuna eman nahi dio. 1937ko gernikar egongela baten irudikapena da, eta bertan andrazko baten ahotsa entzun daiteke. Emakumeak bere bizitzaren berri emango digu, eta baita bonbardaketa lazgarria zelan bizi izan zuen ere. Segundo batzuetan, irudiek eta zaratak bonbardaketaren unera eramango dute bisitaria.

Bisitak aurrera egiten du. Gernika eta Alemaniaren arteko berradiskidetzetik abiatuta, munduan izandako hainbat bake prozesuk hartuko dute protagonismoa: Hegoafrika, Ipar Irlanda… Haraxeago, Picassoren Guernica gogoangarria erabiltzen da giza eskubideez hitz egiteko, eta azkenik euskal gatazkaren nondik norakoak agertzen zaizkigu. Honezkero, hirugarren galderaren erantzuna ere emanda dago.

Iaz, birmoldaketa burutu ondoko lehen urtean, 15.000 lagun hartu zituen Gernikako Bakearen Museoak. Kopuru txikia delakoan-edo, Momoitiok zenbait ohar egin dizkigu: «Museoa ezezaguna da oraindik, eta gainera, Gernikako gainerakoetan ez bezala, sarrera ordaindu behar da». Bisitari arruntek launa euro ordaindu behar dute, eta jubilatuek, ikasleek, langabetuek eta kide askoko familiek, bina.


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gernika 1937
Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Atzoko krimenak ahaztuta, gaurko gerrak nola saihestu?

Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]


Kondor Legioaren krimenak, Alemanian (ere) ahaztuta

Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa... [+]


Eguneraketa berriak daude