Rios Montt berpiztu dute Guatemalan, Lazaro bezala

Guatemalan aspaldi ez bezalako bortizkeria giroa bizi dute, lehendakaritzarako hauteskundeetarako hilabete falta denean. Joan den mendeko 80ko hamarkadan Ertameriketako errejimen genoziden eredu izan zen Guatemalan, berriro garai zaharretara bihurtuak dirudite. Komunisten kontrako borroka kontraintsurjentearen aitzakiatan («antiterrorismoa» hain hitz elegantea ez zen garai haietan hori zen militarren kontzeptua), milaka herritarren heriotza eragin zuen Efrain Rios Montt jeneralak, eta haren sarraskiak salatu izanagatik eman zioten Nobel Saria Rigoberta Menchu-ri. Orain, 30 urte beranduago, berriro lehendakaritzarako aurkezteko eskubidea lortu du Rios Montt famatuak, eta bere aldekoak ari dira terrorea hedatzen Guatemalan zehar, munduaren oharkabean. Hilabeteotan ikusitako giroa deskribatu du Velia Jaramillo kazetariak Mexicoko «Proceso» aldizkarian.

Biktimen laguntzan diharduen Grupo de Apoyo Mutuo erakundeak dioenez, aurten bertan ekaina bitartean 1.400 gertakizun bortitz jazo dira Guatemalan, eta horietan 737 hil dira asesinatuta eta 286 zaurituta geratu. Ez dira guztiak bortizkeria politikoaren atalean sartu behar, baina hauteskunde aurreko giro gogorraren adierazgarri dira. Edonola ere, Rios Montt-en aldekoek hilketa eta presio kanpaina gogorra ari dute hilabeteotan.

Diktadore zaharraren estiloko kanpaina

Abuztua arte 17 pertsona hil eta 13 zauritu ziren Guatemalan zuzenean hauteskundeekin lotuta. Horiei erantsi behar zaizkie mehatxuak eta etxe miaketak, denak ere oposizioko buruzagi eta militanteen artean gertatuak, jipoiak...

Uztailaren 18an Ramiro Valdez Partido para el Avance Nacional alderdiko hautagai demokristaua akabatu zuten Escuintla departamentuan: bere hiltzaileek AK-47 fusilak zeramatzaten, Guatemalan militarrek bakarrik dituztenak. Abuztuaren 4an PAN alderdi bereko Gustavo Garcia zauritu zuten, Peten departamenduan, errepidean ipinitako sasi-kontrol batean tirokatuta. Abuztuaren 11n Union Nacional de la Esperanza alderdi ezkertiarreko militanteak eraso zituzten bilera batetik etxera bidean, horietatik bat hil eta sei larri zaurituz. Abuztuaren 17an Edgar Arnoldo Lopez hautagaiak doi-doi lortu zuen bizirik ateratzea beste atentatu batean, Quiche departamenduan. Ezkerreko Nueva Nacion alderdiak salatu du bere lau militante hil eta beste hiru zauritu dituztela.

Gertakizun hauetan guztietan, errudunak falta dira beti, eta buruzagi politikoak ere oso kontuz mintzo dira horretaz. Baina denek diote bizi politikoa biolentziaz bete dela 1999an Alfonso Portillo lehendakari atera zenetik. Ordudanik berriro Frente Republicano Guatemalteko delakoa dago agintean, 80ko hamarkada odoltsu hartan militarren errepresio basatia bultzatu zuena bera, eta hauteskundeak hurbildu ahala gauzak okerragotzen ari dira. Grupo de Apoyo Mutuo erakundeko zuzendari Mario Polancok diagnostiko hau egin du: «Gobernuaren muinean daude sartuta narkotrafikoa eta krimen antolatua bultzatzen dutenak, eta kaosa sortu nahi dute, agintea ez galtzearren. Horiekin batera ari dira Guatemalako barnekaldeko zenbait kazike ere, bortizkeria eragiten».

1990ko irailaren 11n

Gauza bat baino gehiago ospatu dugu iragan berri den irailaren 11n. AEBetan gertatutako atentatuez gain, Chileko estatu kolpearen 30. urteurrena ere bazen. Baina egun horretan bertan, 1990ean, Myrna Mack antropologo guatemaldarra hil zuten hiriburuan, lantokitik etxera zihoala: 27 aizto kolpe eman zizkioten. Emakume horrek demostratua zuen ikerketa batean milaka indiar beren etxeetatik beste herrietara mugiarazteko operazioa Guatemalako gobernuak eta armadak subertsioaren kontrako plan baten barruan burutu zutela.

Lapurren batek egindako azioa zela argudiatu zuen gobernuak, baina Jose Manuel Merida Escobar poliziak bere kabuz ikertu eta militarren ezegitekoa izan zela erakutsi zuen. Laster akabatu zuten Merida polizia, baina ikerketaren ondorioz Noel Beteta Alvarez jeneralari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Eliteko eskuadroi bateko sarjentua zenez, Myrna Macken senideek eta giza eskubideen aldeko erakundeek lortu zuten bi koronel eta Augusto Godoy jenerala bera auziperatzea. Baita 2002ko urrian Juan Valencia Osorio koronela 30eko zigorrera kondenatzea ere. Baina 2003an, apelazioa irabazi eta libre dabil berriro hiltzailea bidali zuena.

Horrela daude lotuta iragan beltza eta oraina Guatemalan, eta giro horretan ari da hauteskunde eguna hurbiltzen. Azaroaren 9an bozkatu daitezkeenen artean Efrain Rios Montt zaharra izango da bat, bere alderdiak goiak eta beheak mugitu eta aurkezteko zeukan debekua gaindituta.

Diktadore zaharraren itzuleraren gerizpean ugaldu dira hilketak eta mehatxuak. Uztailean jaso zuten abisua anonimo bidez ezkerreko hautagaiek, Rigoberta Menchuk eta hainbat kazetarik: «Baita odola isurarazi behar badugu ere, gure aberria zuek bezalako arratoietatik askatuko dugu. Jeneralaren ordua iritsi da».

Ordu hori gerra zikinarekin batera iritsi ote den beldur da giza eskubideen mugimenduetako buru bat baino gehiago. Alvaro Colom lehendakaritzarako ezkerreko hautagaiak ezagutarazi du Rios Montt eta FRG bere alderdia agintera eramateko antolatutako konspirazioa: «Plan Lázaro» du izena.

Guatemalako ministro batzuk eskuetan izan duten plan horrek diseinatzen ditu Rios Montt -legearen arabera aurkeztu ezin zena- lehendakari izatera eramateko operazioak eta proposatzen du «indar erakusketak burutu behar direla, herritarrek ondo jakin dezaten FRGkin ezin dela jolasean aritu». Bigarren fase baterako zera proposatzen du: «Txokeko neurriak hartu, mehatxu anonimoak, zehatzak eta zuzenekoak, FRGrentzat arriskugarri gerta daitezkeenei, hau da, demokristauei eta ezkertiarrei».

Rios Montt jeneralak lurperatua zirudien, bere jenozidio estrategiekin. Baina Jesusek Lazaro bezala, norbaitek berpiztu du.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude