Txema Olazabal: "Golfeko jokalariak gentleman izan behar"


1986ko irailaren 14an
Txema Olazabal golfeko jokalariari elkarrizketa
Txema Olazabal: "Golfeko jokalariak gentleman izan behar"
Hondarrabian, Jaizkibelgo golf zelaira hurbildu ginen abuztuaren erdi aldean, ea Joxe Mari Olazabal jokalariarekin elkarrizketa hau egitea erdiesten genuen; eta ez oso errez portzierto, udaran ez bait du han aste bete baino gehiago pasatzen. Orduan, jakin, ez genekien joan den asteko tamainako garaipenik lortuko zuenik, profesional mailan urte bete ere oraindik egin ez duenean, baina golfaren euskal jarraitzaileek somatzen zuten zegoeneko txapelketa handiren batetan egundokoa joko zuela: eta hara Europako Masters delakoa!
Duela hogei urte jaio zen Jaizkibelgo golfeko baserrian bertan, eta hantxe bizi da bere familia ere, egun osoan golfaren inguruan. Eguerdia da eta irribarre jatorraz agurtu gaitu, segidan harritu samar utzi gaituen euskara xamarrez mintzaldiari ekiteko, urteotan ia kastillanoz eta ingelesez bakarrik hitzegin izan duen arren.
Joxe Marik aitatzen zigunez, eskuartean makila bat zeukala jaio zen kasik. "Hiru edo lau urte nituela baneraman makila nerebin". Hura baino ez zen bere ingurugiroa: belardiak eta belardiak, zuhaitzak eta iparraldeko haize pittin bat. "Aurrerago gaztetxoentzako klase kolektibo batzutan sartu eta Agirre eta Arostegi jaunekin teknika ikasten hasi nintzen". Eta ordudanik badirudi esfortzurik ez diola suposatu munduko jokalaririk trebe eta gazteenen arteraino iristeak. Oso apalki kontatzen digu behintzat eta dena.
OLAZABAL.–Lau urtekin dagoeneko hasia nintzen. Horregatik uste dut hogei urtekin profesional izatera heldu naizela.
ARGIA.–Zenbat denbora daramazu bada profesional gisa?
O.–Bederatzi-hamar bat hilabete izango dira honez gero. Beraz, orain, nere bizimodu bihurtu da. Ikasketak utzi behar izan nituen, golfaren ezin konpaginaturik. Zortzi ordu igaro behar dira-ta gutxi gora behera pilotari joka profesional mailan mantentzeko. Ez da broma, ez. Kanpora joan beharra izaten dut gainera zenbait txapelketa jokatzera. Nere bizitza nola bideratuko nuen aukera egiteko momentua ailegatu zitzaidanean hartu behar izan nuen erabakia: edo ikasketekin segituko dut ahal dudan moduan edo golfari serioski ekingo diot. Bigarrenari eutsi nion, jakina, liburuak lagatuz.
A.–Etxean nola enkajatu zuten zeure erabakia?
O.–Tira, nik esan nien golfean jokatu nahi nuela. Gurasoek, COU bukatu behar nuela, bazpare, gauzak espero bezala gertatzen ez baldin baziren. Halaxe egin nuen.
A.–Hire familia golfari oso lotua dago, ezta?
O.–Bai denak nolabait klubera lotuak daude. Hemen bizi gara, hemen dago baserria! Begira, nere aitak zelaien zaintze eta konponketan egiten du lan, amonak sukaldean, amak zerbitzutan eta arrebak ofizinan. Golfarekin batera bizi gara, eta nere haurtzaroko giroa honetara mugatu izan da.
A.–Herorrek, golfeak jokatzetik aparte, denborarik hartzen duk gaztetxoei kontseiluak eman eta irakasteko.
O.–Ahal izaten dudanean. Denboraldi garaian ez dut astirik edota hor zehar nago txapelketaz txapelketa Euskal Herritik kanpo. Baina negua etxean igarotzen dut. Orduan geratzen naiz talderen batekin jokatzeko, hemezortzi-hemeretzi zulo; eta beraiekin iharduten dut, hau edo bestea egin beharko luketela gomendatuz.
A.–Zenbat irauten du bada golfeko denboraldiak.
O.–Zortzi bat hilabete dira, bederatziraino iritsi daitezkeen zortzi hilabete, gutxi gora behera. Apiriletik hasita edo. Hiru golf zirkuito daude: amerikarra, asiatikoa eta europeoa. Horietatik europarra baino ez dut ezagutzen oraingoz, baina akaso Asiara joango naiz bi edo hiru txapelketara. Ikusteko, ezagutzeko batez ere, hango bizimodua, hango golf zelaiak...
A.–Nola hasi hintzen konpetiziotan.
O.–Lehen bazen alevin izeneko maila bat. Hantxe hasi nintzen, aurrena geratuz, zazpitik bederatzi urte bitartekoen artean.
A.–Hik betidanik destakatu izan duk golfean ala azken urteoteko esfortzuen poderioz etorri duk hire garaipena.
O.–Egia esan, ni ondo jokatzen hasi nintzen txikitatik; beti makila eta pilota artean! Maila hori pasatu nuenean ere txapelketak eskuratzen segitu nuen. Urtero irabazten nuen garrantzitsua zen zeozer. Progresiboa izan da, bai, baina nik uste betidanik izan dudala iaiotasuna, oso gazte hasi nintzelako akaso.
A.–Eta orain konpetizio altuetan zer moduz konpontzen haiz. Amateur izatetik profesional izaterainoko pausua galanta izango bait da.
O.–Nik, nik ez nuen espero honenbesteko arrakasta. Harritu samar nago. Lehendabiziko urtea da, eta maila honetan munduko onenak daude. Harrituta, baina kontent.
A.–Ez zaik iruditzen oso saltu handia dela halako golfista gazte batentzat profesionalerakoa.
O.–Bai eta ez. Ez, hori egunen batean egin beharko nuelako. Gogorrena dena zera da, hemen nere bizibidea jokatzen dudala. Lehen, amateur gisa, nere posibilidade guztiak zelairatu gabe irabaz nezakeen, baina orain zailtasunak erabatekoak bihurtzen dira. Profesionalak gara eta ez da inon ezer erregalatzen.
A.–Diru kontuak ere asko aldatuko hituen profesional mailara igotzean.
O.–Kontua sponsor baten babesean oinarritzen da. Garaipenen arauera jarraitzen zaituzte eta zugan egin dezakete apostu. Atzerriko jokalditan zorterik izanez gero... Bidaiak, janariak, hotelak etabar beregain hartzen dute beren marka eramatearen truke. Nik profesional izateko asmoa neukan jadanik. Kanpoan txapelketak irabazten nituen, nere aurka zebiltzanak ez zitzaizkidan horren zailak iruditzen, amateur mailan ia dena irabazi nuen... eta bakarrik etorri den kontua da saltuarena. Noizbait izan behar zuen.
A.–Euskadi mailan federaziorik badago gazteak kirol honetan bultzatzeko?
O.–Orain bai, sortu berri da. Adibidez, oraintsu Biarritzen antolatu dute open bat, eta gazteak laguntzen dituzte etxetik kanpo mugitzeko. Horrek asko motibatzen du. Nik ezagutu badut ere, nere profesionalerako pausuaren atarian izan da. Orain hasi dira benetan zeozer laguntzen.
A.-Euskal golfaren etorkizunaz mintza gaitezke: laguntzak, zelaiak, jokalariak...
O.–Ez da erreza hori ikustea. Biarritzen, Hondarribian, Zarautzen, Bilbon (bi) kanpoak badira. Gutxi dira hala ere, baina kontua da lau-sei kanpokin jende ona ateratzea. Hori da erronka. Hamar-hamabost urtera, auskalo! Beti dago esperantza bat. Azken finean, diruaren bueltan dabil arazoa, ez? Dirua, eta gazteek txapelketak irabazteko amorrua edukitzea. Horretan oinarritzen da izan dezakegun etorkizuna.
Hemengo jokalariei dagokienez, badira lau edo bost gazte ongi jokatzen dutenak. Bi espainiako selekzioan ari direnak: Jesus Mari eta Jose Manuel Arruti, hondarribitarrak, une hauetan British Opena jokatzen ari direnak. Beste asko badira zortzi-bederatzi urtekoak, hemendik zazpi edo zortzi urtera jokalari handiak izatera iritsi daitezkeenak. Jokatu eta jokatu egin behar!
A.–Golf jokalari izateko ze gaiatsun behar da. Botazak sekretua! (Farre egiten du. Antza denez badu pozoien bat eta ez digu azaldu nahi).
O.–Golfa, golfa polita baldin bada ere, oso zaila da. Ingelesek esaten duten bezala, gentleman izan behar duzu jokalari izateko. Bizitza beste ikuspuntu batetik begiratzea eragiten dizu.
A.–Baina golfeko jokalari izateko aukerak ez dira nolanahikoak...
O.–Aukerak, ba–onartuko nahiko ez balu bezala–, oso desberdinak dira. Ez materiale kontuan garestia delako, golfean jokatu ahal izateko zelaia behar delako. Klub bateko sozio egin behar da, eta, jakina, ez dago mundu guztiaren eskuragai.
A.–Golf zelai publikorik badago Europan?
O.–Espainian ez dago. Frantzian orain hasi dira: bost daude dagoeneko eta hiru proiektuan. Ingalaterrakoa berriz izugarria da, beste galaxia bat. Han badira zortzirehun bat zelai, eta horietatik agian bostehun dira publikoak. Edonork joka dezake; benetan pozgarria da, zer esango dizut, taxista bat primeran jokatzen ikustea! Tradizoak zer ikusi handia izan du. Oso samurra da hori nabaritzea. Han sortu zen golfa eta mundu guztiak ezagutzen du zein den jokalari hau eta zein bestea, non jaio zen eta zein koloreko begiak dituen.
A.–Golfak ere, saskibaloiak edota futbolak bezala, ba al du mundu ezkuturik.
O.–Ez, ez da sekula ikusi. Diru eta azpijokoak ez dira existitzen. Horregatik esaten nizun golf jokalariak gentleman direla. Golfa ez da futbola edota saskibaloia izan daitekeen bezalako negozio bat. Sponsorrek, adibidez, dirua propagandaren truke ematen dute, besterik ez. Sponsorrik ez balego golfa akabo, amateur mailan ezik. Futbolean klubak kentzearen antzekoa izango zen.
A.–Eta bukatzeko, torneotan parte hartzeko rankig bat egon ohi da. Nola hago.
O.–Ba... hamaikagarren–lotsatuko balitz bezala–.
A.–Neoprofesionaletatik lehena.
O.–Bai... Presio haundia suposatzen du. Batzutan asko espero dute nigandik; baina batzutan ondo ateratzen da eta bestetan ez. Hor mantentzeko gai sentitzen dut nere burua, erregular samar bait nabil aurtengo denboraldian: bigarren postu bat Ingalaterrako open batean, hirugarrena bi txapelketatan, Madrilen eta Holandan hamahirugarrena, eta garrantzitsuena British Open-eko hamaseigarrena...
Badira lau txapelketa haundiak munduan: hiru ameriketan jokatzen dira eta bakarra Europan: Britainiar Opena, Masterra, US Opena eta PGA, horiek osatzen dute Grand Slam delakoa. Britainian lortu nuen hamaseigarrena mundiala izan duk!
A.–Eta noraino ailegatuko ote haiz.
O.–Ausardiaz... nik uste Severianoren alturara ailegatuko naizela.
–eta farre egiten du ia algaratan. Hau izan da elkarrizketako erronka bakarra, eta berau txantxetan edo botatakoa.
G. ARRESE
(Argazkiak: F. LILLY)
Dagoeneko Txema Olazabal munduko golf jokalari onenetarikoa da, hogei urte besterik ez dituelarik. "Hiru-lau urtekin baneraman makila nerekin".
"Nik ez nuen hainbesteko arrakasta espero. Harrituta nago, baina kontent".
44-45

GaiezKirolaGolf
PertsonaiazOLAZABAL2
EgileezARRESE1Kirola

Azkenak
Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


Eguneraketa berriak daude