Udalbiltzako hautetsiak Espainiako Auzitegi Nazionalean dira

  • Gaur goizean hasi da Udalbiltzako 22 hautetsien kontrako ahozko epaiketa. Javier Gomez Bermudezek presiditzen duen Zigor Aretoak epaituko ditu Udalbiltzako auzipetuak, ETAko kide izatea leporatuta. Epaiketaren saioak uztailaren 16, 22 eta 23an izango dira eta ondoren, epaiketak irailean jarraituko du. Gaurko saioan akusazioak (Fiskaltza eta DyJ) eta defentsak aurretiazko gaiak azalduko dituzte eta auzipetuek deklaratuko dute. Defentsak salatu du Auzitegiak lekuko eta froga ugari ukatu dizkiela “epaiketa azkarra” egiteko asmoarekin.


2010ko uztailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Udalbiltza

Akusazio idatzietan ez dago inolako frogarik, eta auzipetuek behin baino gehiagotan salatu duten bezala, indukzioa atzekoz aurrera egin da, Egunkaria kasuan bezalaxe. Horrez gain, akusazioak orokorrak dira, auzipetuei ez zaie ekintza zuzenik egozten, egitasmoetan parte hartzea baizik: Zuberoa garatzen plana, Naziotasun Agiria, euskal selekzioa laguntzea, meteorologia institutua sustatzea... Nazio eraikuntzan aritzea da delituaren froga, Udalbiltzako kideen esanetan.

Azken egunetan auzipetuek babes ugari lortu dute, espektro politiko zabaletik gainera: PSN, PSE eta EEko kideak ere tartean daude. Euskal Herriko herri gehienetan babes taldeak sortu dira eta Madrilen ere bai. Atzo, hainbat eurodiputatuk euren “kezka” azaldu zuten eta Europako Batzordean eta Europako Kontseiluari galderak igorri dizkiete auziaren inguruan duten iritzia jakiteko. Bestalde Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz bere iritzia eman du eskuz aldatu zenetik. Idoia Mendia Justizia sailburuak esan du espero duela auzia “ahalik eta azkarren amaitzea”, bere hitzetan “justizia geldoak justizia izateari uzten” baitio. Hala ere, Jaurlaritzak azken epaia “onartuko” duela adierazi du.

Udalbiltzako hautetsiei elkartasuna adierazteko asmoz erakunde eta alderdietako ordezkari ugari izan da Auzitegi Nazionaleko atarian, Euskal Herritik eta Kataluniatik joandakoak, besteak beste.

Bestalde, gaurko prentsak epaiketaren hasierari emandako oihartzuna ezberdina izan da. Garak eta Berriak tarte handia egin diote gaiari. Lehenengoak editoriala eskaini dio: “Udalbiltzaren kontrako epaiketaren berezitasuna da hautetsiak epaitzen direla hautesleek agindutako jarduera politiko eta publikoagatik” dio Garak. Berria.info, aldiz, zuzeneko jarraipena egiten ari da epaiketari.

Noticias taldeko edizioek ere epaiketaren inguruko albistea dakarte. Auziaren inguruko oinarrizko datuak emateaz gain, auzipetuek lortutako babesa nabarmendu dute eta larunbatean Bilbon egingo den manifestazioaren berri ere ematen dute. Horrez gain, Deiak Koldo Izagirreren "Garçon!" artikulua dakar, aurretik beste zenbait komunikabideetan publikatutako iritzia. Harrigarriro, duela egun gutxi agentzietako informazioa baliatu zuten talde honetako egunkariek Udalbiltzaren auziari buruzko albistea emateko, besteak beste, Garzonek asmatutako “Udalbiltza-Kursaal” terminoa bere eginez.

Prisa taldeko egunkarietan ez da hitz erdirik esaten 22 euskal herritarren kontra hasiko den epaiketaz. Madrilgo prentsari dagokionez, El Pais egunkariak eurodiputatuen ekimenari eman dio garrantzia albiste labur batean eta Idoia Mendiaren hitzak ere aipatu ditu. El Mundok Garzonen tesiari bete-betean heldu dio: “ETAren kontraboterea, eserlekura” izeneko artikuluan. Garzonen autoan –eta akusazioen idatzietan– Udalbiltza ETAren “kontrabotererako” azpiegituren artean kokatzen du.

Udalbiltza auziari buruz gehiago jakiteko:

- Udalbiltza auziaren bloga

- ARGIA astekariak 2.239ko alean argitaratutako erreportaje zabala (PDF)


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude