Torturaz ez dakizuna

  • Abu Ghraibeko torturen argazkiak lehenbiziz ikusi nituenean –barrenak nahastu arren– ez nintzen harritu argazkiek erakusten zutenagatik, ikusitakoak ezkutuan geratutakoarekin erkatuta txikikeria zela samur imajina bainezakeen. "Zer inpunitate maila, argazki eta guzti!" pentsatu nuen, eta luzaroan jarraitu dut horrela. Kasurik txarrenean apropos zabaldutako irudiak ere izan zitezkeela pentsatu izan dut, jakina baita kontrainsurgentziaren munduan disidenteei zer espero dezaketen helarazi behar zaiela.


2008ko apirilaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
torturadores & CIA liburuaren azala

Xabier Makazagaren liburu mardulak –Tortura & CIA– erakutsi dit argazkiak torturaren parte bat gehiago zirela eta zabaldu badira “argazkilariekiko” kontrol ezagatik izan dela. Sexuarekiko guztia oso era berezian bizi da musulmanen kulturan eta sexu erasoen argazkiak erakustea eta gizarteratuko ziren mehatxua luzatzeak biziki laguntzen zuen galdeketarako “prestaketa”. Michel Koubik-ek dioen moduan, galdeketa eraginkorraren langintzak hiru fase ditu, eta Israelgo Shin Bet segurtasunaren zerbitzura galdeketetan 21 urtez aritu izanak Koubik-en esperientziaren mailan ematen digu. Hiru fase, dio berak: “Atxilotuaren prestaketa, ikerketa eta taularatzea (antzerkia)”. Hala hitz egiten du prestaketaz NewsCientist aldizkarian egindako elkarrizketa batean: “Jendeak beldurra dio ezezagunari. Torturatua izan daitekeelako ikaratzen da... irudikatu zeure burua kaputxaz estalia, gosetua, nekatua eta izutua, erabat isolatua eta zer gerta dakizukeen ez dakizula. Atxilotuak edozer posible dela sinesten duenean –tortura, hilketa, espetxe mugagabea edota bere pertsona maiteen jazarpena...–, galdekatzailea orduan has daiteke bere lanean”. Eta harrotasunez dio oso gutxik eutsi ahal izan diotela bere tekniken aurrean, “primarioenek”.

 

Makazagak prestaketa eta galdekatzailearen lanaren berri zehatza ematen digu 210 orrialdeko PDF formatuko liburu honetan, gaur egun erabiltzen diren ohiko torturez eta mende honetan hauek izan duten sorrera eta garapenaz informazio ugari emanez. Kolpeak, poltsa, bainera, waterboardinga, elektrodoak, tortura psikologikoaren hainbat aldaera, ariketa fisikoak, postura zail eta mingarriak, isolamendua... borreroak, milaka aurpegi izateaz gain, informazioa atera eta mina eragiteko milaka molde dituela erakusten da. Torturaren ikerketetan milioika mila dolar nola gastatu izan diren azaltzen digu, duela hamarkada batzuk MKUltra moduko CIAren ikerketa psikologiko sekretuetan, Manhattan proiektuan edo gaur egun Guantanamon.

 

Manhattan psikologia ikerketetan parte hartutako Donald O. Hebb doktore kanadarrak, esate baterako, frogatu zuen bi egunetan psikosi egoera sor zezakeela pertsona batean. Boluntarioekin egin zuen froga hau: aire egokitua zuen kutxa-gela oso txiki batean sartu, eta zentzumenak kendu zizkien betaurreko beltzak, eskularruak eta belarriak estaltzekoekin. 24 ordutan haluzinazioak hasten ziren eta 48tan pertsona erabat hondoratzen zen.

 

Tortura eta indar maila baten erabileraren edo presio gogorraren artean egiten diren desberdintasunak azaltzen dira liburuan, Mendebalde garantistan dagoen eztabaida hipokritatzat joz. Eta presio gogorraz ulertzen denaren berri ematen digu Mark Bowden kazetari amerikarrak “informazioa ateratzeaz” egin duen saiakera artikulu luzearekin: The Dark Art of Interrogation  (Galdeketaren arte iluna / El oscuro arte del interrogatorio): “Tortura gizateriaren aurkako krimena da, baina presio gogorra hipokresia ukitu batekin ere erabilgarria da: debekatua izan behar du, baina aldi berean sekretupean erabili egin behar da”.

 

Ez nekien Francoren diktaduraren ostean 7.000 pertsonek salatu dituztela torturak Euskal Herrian... Horietako batzuk torturapean hil ziren gainera: Joxe Arregi, Mikel Zabalza, Esteban Muruetagoiena, Joxi Lasa eta Joxean Zabala... Eta izandako zigor judizialik handiena lau urtekoa izan dela (Gero Espainiako Auzitegi Gorenak batean utziko zuena), 1992an torturatutako Kepa Urraren kasuan; eta nola zigorgabetzen dituzten torturatzaileak eta kondekoratu, eta zein kargutan diren gaur egun; Hego Afrikako Steve Bikoren hilketa 1977an, Almeriako hiru gazteena, Roquetasekoa, hipotesi ugari, aholkuak, torturaren aurkako neurri eraginkorrenak... Torturari buruz jakin gura duenak erreferentzia garrantzitsua du liburu honetan.

 

Xabier Makazaga 1958an jaio zen Zarautzen eta 80ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herrira exiliatu zen. 1987an atxilotu zuten eta tortura psikologikoa salatu zuen. Hamar urte eman zituen preso Frantziako espetxeetan. Askatu ondoren, bi urtez bizi izan zen bere herrian, baina torturaren beldur, Bruselara jo zuen eta dagoeneko lau urtetik gora daramatza bertan.

 

Lotura interesgarriak:


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


Animalien askapena akademiatik aztertzen

Ertz askotatik landu dute antiespezismoa Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresuan; hala nola literatura, intersekzionalitatea, komunikabideak, zinema eta historia ikertu dituzte. Estibaliz Ania Valle Ruiz de Garibay eta Surama Lázaro Terol ikerlariek literaturari... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude