Mozilla Firefox, euskal komunitatearen nabigatzaile librea

  • Web nabigatzaile asko dauzkagu aukeran; batzuk libreak, beste batzuk ez; batzuk euskaraz, beste batzuk ez; batzuk hainbat sistema eragile eta gailutan dabiltzanak, beste batzuk ez. Mozilla Fundazioaren Firefox nabigatzailea harro egoteko modukoa da. Izan ere, software garatzaileen komunitateak musutruk garatu eta mantentzen duen nabigatzaile arin eta erosoa da, web teknologia berrienei euskarria ematen diona eta, hainbat kasutan, estandar berriak sortzen ere laguntzen duena.


2017ko apirilaren 28an - 10:19

Guzti hori gutxi balitz, euskararen ikuspuntutik oso garrantzitsuak diren beste ezaugarri batzuk ere baditu. Adibidez, euskal komunitateak, Librezale taldearen eskutik, Firefox euskaraz mantentzen du eta hainbat urte dira bertsio guztiak lehen egunetik euskaraz erabilgarri daudela. Firefox euskaldunok erabiltzen ditugun sistema eragile eta gailu ezagun guztietan erabilgarri dago gainera: GNU/Linux zapore desberdinetan, Mac eta Windows guztietan, Android tablet eta smartphonetan, iPad, iPhone eta abarretan.

Beraz, eska genezakeen egoerarik onenean gaude. Nabigatzaile bikain bat, guk geuk euskaratzen duguna eta nonahi erabil dezakeguna: sakelako telefono adimendunetan, ordenagailuetan, tabletetan, telebistetan… Baina hala ere, esan liteke euskaldunok ez dugula aukera paregabe hau behar beste ustiatzen. Izan ere, munduko beste hainbat txokotan gertatzen den bezala, Microsoften nabigatzaileen erabilera beherantz doa eta Google Chrome nabigatzailearen erabilera berriz gora eta gora etengabe. Gaur egun, nabigatzailerik erabiliena Googlerena da. Google enpresak, hainbat tresnaren bitartez (Search, Analytics, Webmaster Tools, Adwords), mundu guztiko blog eta webguneak ondo diseinatuta dauden ala ez erabakitzen du, zein den webguneak irisgarriak egiteko epea, SSL ziurtagiriak erabiltzeko garaia eta abar. Ostalarietan egiten diren moldaketen erritmoa, gero eta hein handiagoan, enpresa bakar horrek markatzen du. Falta zena Google enpresak web bezeroak ere kontrolatzea zen. Eta hori da hain zuzen gertatzen ari dena. Enpresa bati Interneten monopolioa ematen badiogu, sareko neutraltasuna bermatzerik ez dago.

 

Software librearen aldeko pertsona batzuk, ia konturatu gabe, Firefox bazter batean uzten ari dira eta nahi gabe AEBetako Google enpresa bakar horrek, mundu globalizatu honetan hain garrantzitsua bihurtu den Interneten zati handi baten kontrola lortzen laguntzen ari dira. Gailu askok Navigator edo Google Chrome instalatuta dakarte, baina Firefox norberak instalatu behar du. 5 minutu besterik ez dira eta inork ez du keinu hori gugatik egingo. Erdarekin eta euskararekin antzeko joerak bizi ditugu. Euskaldunok gure hizkuntz hautuez kontziente garen bezala, aukeratu dezagun era kontzientean gure nabigatzailea. Firefox bikaina da eta hamaika arrazoi ditugu berau erabiltzeko. Erabil dezagun bada!

Egoera honen aurrean, Librezale taldeko kideok, Firefox erabiltzeak dituen abantailak gogorarazi nahi dizkiogu gure lagun eta kideei:

  • Firefox librea da eta euskaraz dago.
  • Firefox azkarra eta erosoa da.
  • Firefox moldagarria eta ahaltsua da.
  • Firefox zure gailu guztietan dabil.
  • Firefoxek zure pribatutasuna, segurtasuna eta erabilera esperientzia beste inork ez bezala lantzen ditu.

Abantaila hauetaz guztietaz gain, Firefox erabiltzearen arrazoietako batzuk gogorarazi nahi dizkizugu:

  • Firefox erabiltzean mundu libre eta justuago baten alde egiten duzu.
  • Firefox erabiltzean euskara eta munduko beste hainbat hizkuntza gutxitu indartzen dituzu.
  • Firefox erabiltzean Mozilla Fundazioa sustatzen duzu eta bere helburuak lortzen laguntzen duzu.

Izan ere, Firefox nabigatzailea Mozilla Fundazioaren proiektu bat da, baina beste asko ere baditu eta denek ala denek, Internet osasuntsu, ireki eta guztiontzat erabilerraz mantentzen laguntzea dute helburu.

Informazio gehiagorako:

Albiste hau Librezaleren webgunean argitaratu dute eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Software librea
AntennaPod: entzun podcast guztiak aplikazio bakarrean

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko... [+]


Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaraz erabil daiteke

Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.


Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Whatsapp-a ez da izango EAEko hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude