Hezkuntzako proiektu berritzaileak partekatzeko jardunaldiak abian dira Donostian

  • "Bizikidetza uztartuz; elkarrekin ikasi" dute goiburu Gipuzkoako Berritzeguneek antolatutako XIII. jardunaldiek maiatzaren 8 eta 9an. Ostegunean "Golden 5" metodoa aztertuko dute. Ostiralean hizkuntza eta irakurmena izango dira ardatz. Hezkuntzako profesionalek esperientzia berritzaileak partekatzeko ematen duten aukeragatik jakin min handia sortzen dute jardunaldiok hezkuntza komunitatean. Ekitaldia zuzenean jarrai daiteke helbide honetan.


2014ko maiatzaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Gela kudeatzeko estrategia multzo bat da Golden 5, adituen esanetan "benetan eraldatzaileak direnak, berehalako eragina dutenak talde giroan eta emaitza akadamikoetan". Ezberdinekiko errespetua bermatzen du eta taldea kudeatzeko hainbat erraminta ematen dizkie nola ikasleei hala irakasleari.

Goizean gaiean aditu den eta aitzindari izan zen Maria José Lerak (Sevillako Unibertsitateko Psikologia irakaslea) sakonduko du teorian: "Golden hitzari jarraituz, helburua norberak dizdiratzea da, norberaren onena ateratzea. Norberak dizdiratzen duenean, konfiantza du besteen aurrean jokatzeko". Haren hitzetan, ikasle denek dute konpetente sentitzeko beharra, autonomia lantzekoa, eta beraz, egiten badakitela sentitzea "denek egiten badakiten ariketak jartzea garrantzitsua da".

Bi oinarri azpimarratu ditu, batetik espektatiba altuak izatea ikasle bakoitzarekiko, eta bestetik ikasle bakoitza gaitasun batekin lotzea: "ume bakoitzak merezi du atribuzio positibo bat izatea gela osoaren aurrean". Esaterako, "honek gaitasun handia du matematikan, edo hau oso trebea da hizkuntzetan". Izan ere, atribuzio edo lotura hauen arabera perzibitzen du talde osoak ikasle bakoitza, eta ikasle horrek asko hobetzen du trebetasun horretako motibazioa, saiakera eta abar. Horri lotuta gehitu du: "oinarritu dezagun eskola ikasle bakoitzaren indarguneetan, ez ahulguneetan", eta gehitu du normalean egiten dugunaren alderantzizkoa egin behar dela, ikasle bakoitzari gehien gustatzen zaion horretatik ase arte eman, eta ez bere zailtasunetan ekin eta ekin.

Hau dena aurrera eramateko, "Golden betaurrekoak jantzi" eta ikasleei bosnaka distira atera behar zaiela azaldu du (hortik Goldenaren 5 zenbakia). "Bestela, beti ikasle berekin ahazten gara. Bosnaka landu ikasleak, eta beti hartu bi ikasle distiratsu, bi 'zail' eta bat 'neutro, ikusezin'". Estrategia hauek berehalako emaitzak ematen dituela esanaz bukatu du: "brillantea denak brillante izaten jarraitzen du, ikusezin edo neutroek (eta batez ere lotsatiek) berehala sekulako aldaketa ematen dute, eta ikasle zailenek epe ertainera, 2-3 hilabetera nabarmen hobetzen dute".

Eguerditik aurrera bertako ikastetxeetako esperientziak kontrastatu dira mahai-inguruan. Villabonako Erniobe ikastetxea, Tolosako Laskorain ikastola, Tolosako Samaniego ikastetxea, Amezketako Zumadi eskola, San Benito ikastola, Urretxu-Zumarragako ikastola eta Zeraingo eskola.

Arratsaldean gaia osatzeko beste hiru esperientzia ezagutaraziko dira: "Sentitu, adierazi, aurkitu eta hazi" (Summa-Aldapena, Donostia), "Bitartekaritza" (Hirukide, Tolosa) eta "Cibermanagers" (Antigua Luberri, Donostia).

Ostiralean hizkuntza eta irakurmena ardatz

Xabi Payak bere esperientzian oinarritutako hitzaldiak ("Euskaraz ikasi, erdaraz bizi, nola sortu?") irekiko du biharko jarduna. Ondoren esperientzia hauek partekatuko dituzte: "Elkarlanean komunikazio konpetentziak sakontzen" (Eskoriatza), "Liburutegia, irakurzaletasuna eta literatura" (Intxaurrondo ikastola, Donostia), "Tertulia dialogikoak" (Zizurkilgo Pedro Mari Otaño), "Idazmenaren irakaskuntza eta ebaluazioa era bateratuan webquestak eta errubrikak erabiliz" (Zarauzko Lizardi) eta "Irakasle guztiok hizkuntza irakasle eta langile guztiak erabileraren eragile" (Irungo Toki-Alai).

Itxiera ekitaldia

Josean Pinedo, Gipuzkoako Berriztatzeko Programen arduradunak itxiko ditu jardunaldiak "Elkarrekin ikasi, bizitzarako gaitasuna" hitzaldiarekin, eta Xabi Payaren bertsoek emango dute errematea.

Ekitaldia zuzenean jarrai daiteke helbide honetan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


TxikiLinux Txokoa Herri Urratsen, sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzera emateko

Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta... [+]


Eguneraketa berriak daude