Gehituren manifestua LGTBI Harrotasunaren egunaren harira

  • Gehituk, Euskal Herriko beste LGTBI elkarte batzuekin batera, Donostiako herritarrak deitu ditu ekainaren 28a LGTBI Harrotasunaren eguna dela eta, Boulebarretik hasita 19:30ean "LGTBI eskubideen alde, hemen eta munduan" leloarekin egingo duten maniestazioan parte hartzera. Manifestu bat bidali dute hedabideetara, jarraian osorik irakurgai.


2017ko ekainaren 28an - 11:35

Aurten ere, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan gertatutakoaren oroimenak bultzatuta, LGTBI kolektiboko kideok beste behin bilduko gara eskubideak errebindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta errespetuaren eta bizikidetzaren alde egiteko.

Orain arte lortutako guztia ospatu eta oraindik lortzeke daudenak nabarmendu nahi ditugulako egun horretan. Aurten lortu ditugun zenbait aurrerapen azpimarratuko ditugu jarraian, eta benetan uste dugu jauzi kualitatiboa ekar dezaketela LGTBI pertsona askoren eguneroko errealitatean, besteak beste:

Joan den maiatzaren 4an, FELGTB Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatu Federazioak sustatutako LGTBI berdintasunaren aldeko Lege Proiektua erregistratu zen, eta Gorteetan ordezkaritza duten ia alderdi politiko guztien babesa jaso du. Espero dugu lege-proiektu hori, oraintxe bertan parlamentu-izapidea hasten ari dena, lehenbailehen errealitate bihur dadin.

Martxoaren 10ean tratu-berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako Lege Integraleko Proposamena aurkeztu zen Diputatuen Kongresuan, eta, gugandik gertuago, Eraberean, eta Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Euskal Sarea jarri dira abian, bi ekimen positibo ildo horretan.

Baina hala eta guztiz ere aurrera jarraitu behar dugu LGTBI kolektiboko kideoi bizitza zailago egiten diguten traba guztiak salatzen eta agerian jartzen. Maila horretan, honako hauek salatu nahi ditugu:

Agerikoa da nazioarteko espektro zabalean LGTBI kolektiboak giza eskubideen urraketari egin behar diola aurre; izan ere, 70 herrialde baino gehiagoko lege-esparruek sexu-harremanak zigortzen dituzte, eta 11 herrialdetan heriotza-zigorraren aukera ere aintzat hartzen dute arrazoi horrexegatik. Ildo beretik, sexu-joera eta/edo genero-nortasuna tarteko egindako gorroto-delitu ugariak salatzen ditugu, eta egoera hori geldiarazteko neurriak hartzeko eskatzen dugu.

Gure ingurunean diskriminaziozko gertaerak eta/edo hitzezko eraso zein eraso fisikoak ikusten jarraitzen dugu, eta horrek agerian uzten du sexu-aurreiritzi batek indarrean jarraitzen duela; horren arabera, sexualitateen artean hierarkia moduko bat ezartzen da, eta horrelakoak gertatzeko oinarriak finkatzen dira.

Trans kolektiboa patologizatu egin da, eta kolektibo horren premiei beren osotasunean eta generoa askatasunez adierazteko eskubidetik abiatuta helduko dien estatu-lege bateraturik ez dago.

Trans adingabeak espezifikoki aipatuz, zenbait sektore erreakzionario sexua/generoa bizitzeko moduarekin zerikusia duten eskema zaharkituak iraunarazten ahalegintzen dira behin eta berriz, horrela gizarteak alor horretan egindako aurrerapenak bertan behera uzteko.

Oraindik ere familia homoparentalek diskriminaziozko baldintzak pairatzen dituzte laguntza bidezko ugalketako teknikei, adopzioari eta filiazioari dagokienez.

Botere publiko, estamentu ofizial eta ikastetxen guztiei eskatzen diegu, halaber, gure kolektiboarentzat gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzea ahalbidetuko duten neurriak har ditzan, eta, ildo horretan, honako eremu hauei ematen diegu lehentasuna:

Hezkuntzan sexu- eta genero-aniztasuna integratzea, alor horretan ideia berriak sortzen laguntzea, eta sexu-orientazioagatiko eta genero-nortasunagatiko eskola-jazarpenari aurre egiteko prebentzio-lanaren oinarriak jartzea.

Emakume lesbiana agerian jartzea, haren errealitatea onartzeko eta gizartean legitimatzeko, eta haren eskubideak askatasunez baliatzeko neurriak abian jartzeko eskatzea.

Esparru heteronormatiboaren alternatiba eta aniztasunaren espektro zabalaren parte izanik, legitimitatea eta errespetua behar duten sexualitate guztiak agerian jartzea.

Sarritan alde batera uzten diren biztanle-sektoreak, hala nola hirugarren adineko pertsonak eta/edo dibertsitate funtzionala dutenak, agerian jartzea, eta haien sexu-eta afektibitate-aniztasuna bizitzeko eskubidea bermatzea.

GIBaren inguruko eta estigmaren eta diskriminazioaren aurkako Estatu-itun bat onartzea. Premiazkoa da maila horretan abordatze integralak gauzatzea, GIBari bere alderdi guztietan erantzuteko, Gobernuetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta patronaleko eta GKEetako ordezkariak inplikatuz.

Hasieran aipatu dugunez, ekainaren 28 honek beste aukera bat eskaintzen digu lorpenak eskaintzeko eta oraindik lortzeke dagoena nabarmentzeko. Aldez aurretik aipatutako gertaerak horren adierazgarri dira. Gehitu Elkarteak urteak daramatza ekimen horretan bere ekarpen txikia eginez, baina ekainaren 28an, LGTBI harrotasunaren nazioarteko Egunean, asmo hori berretsi nahi dugu beste behin ere, eta elkarlanerako deialdi bat egin nahi dugu, aipatutako plano guztiekin bat etorriz, BERDINTASUNAREN erronka handi hori azkenean errealitate izan dadin.

Halaber, partikularrei eta erakunde guztiei dei egiten diegu ostadar-bandera harrotasunez erakutsi dezaten, kolektiboaren berdintasunaren aldeko borrokarako ikurra den aldetik, gure gizarteak pertsona guztientzako giza eskubideak lortzeko bidean aurrera egin dezan lortzeko hainbat pertsonak, elkartek, GKEk eta botere publikoek batera egiten dugun ahaleginaren adierazgarri.

2017 LGTBI HARROTASUN egun zoriontsua!!!!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Transen eskubideen aldeko elkarretaratzea eginen dute Baionan, 800 eragileren deiarekin bat eginik

Maiatzaren 5ean mobilizatzeko deia luzatu dute 800 eragilek Politis komunikabidean plazaraturiko iritzi artikulu baten bitartez. Tartean daude besteak beste, Annie Ernaux idazlea, Hiesaren aurka dabilen Act Up elkartea, Planning Familial talde feminista ezaguna,... [+]


“Gustatuko litzaidake pentsatzea bidea urratu dudala atzetik datozenentzat”

BAMBIk (Amurrio, 1999) diru bilketa abiatu du, bere trantsizio prozesuaren barruan, aurpegia feminizatzeko asmoz. Trans kolektiboaren egoeraren eta bere ibilbide artistikoaren inguruan mintzatu da.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude