"Ez genuen uste egin zitekeenik, egun batetik bestera haurreskola itxi eta 12 familia alternatibarik gabe utzi"

  • Eskualdean, euskarazko haurreskola bakarra da Ziburuko Luma. 12 ume hartzen zituen, harik eta astelehen batez bat-batean guraso eta senideek haurreskola itxita aurkitu duten arte. Luma Elkarteko Administrazio Kontseiluaren erabakia “lekuz kanpokoa” eta “harrigarria” dela diote gurasoek: otsailaren 6tik kontziliatu ahal izateko ezinean dabiltza, baina baita ekinean ere, elkarte berri baten pean haurreskola berriz irekitzeko.


2017ko otsailaren 20an - 09:03

“Gurasook oso pozik geunden, bai haurreskolaren martxarekin, bai bertako hiru langileekin. Ordutegiari, gestioari… lotutako galdera batzuk eginak genizkion Luma kudeatzen duen Administrazio Kontseiluari. Eguberritan, gutun bidez Kontseiluak jakinarazi zigun martxoaren 28an haurreskola itxiko zutela, langileekin arazoak argudiatuz. Erabaki genuen beste elkarte bat sortzea, haurreskola bere gain hartuko zuena, baina prozesua gauzatzeko denbora emango zigutela esan arren, egun batetik bestera eta ezer adierazi gabe Kontseiluko hiru kide agertu ziren haurreskolan eta langileak kanporatu zituzten, haurrak eskola barruan zeudela”, kontatu digu Oier Imaz gurasoetako batek. “Esperpentikoa eta surrealista izan da”.

“Pertsonalki, ezintasuna eta erronka suposatu du egoera berriak”

Gestio kontuei lotutako afera izanik, lekuz kanpokoa iruditu zaie gurasoei Administrazio Kontseiluaren erreakzioa, eta ez dute ulertzen erabakia. “Ez genuen uste hori egin zitekeenik, zerbitzu publiko bat, oinarrizko behar bat, modu horretan eten eta 12 familia aukerarik gabe utzi. Gaur da eguna, biltzeko behin baino gehiagotan eskatu diogun arren, Kontseiluarengandik erabakiari buruzko inongo argibiderik jaso ez duguna”, kritikatu du Imazek, eta gurasoen ezinegona azpimarratu du. “Pertsonalki, ezintasuna eta erronka suposatu du egoera berriak: bikotekideak eta biok lana egiten dugu, eta senide eta lagunengana jo behar izan dugu. Gurasoon artean antolatu gara; ordutegien arabera batzuetan guk hartzen ditugu besteen umeak, eta alderantziz”.

Udalaren aldeko jarrerarekin, itxaropentsu

Euskarazko eskaintza duen inguruko haurreskola bakarra mantentzeko konpromisoari tinko eusten diote gurasoek, eta Ttipi Ttapa elkartea osatzeari ekin diote dagoeneko. Haurreskolak kontzertatu gisa funtzionatzen zuen, Udalaren finantzaketa eta lokalekin, eta CAF eta PMI instituzio publikoen eta Udalaren jarrera eraikitzailea azpimarratu du Imazek: horregatik, elkarte berriarekin Udalak baldintza berdinak mantentzea eta haurreskolari segida ematea da gurasoen asmoa; ikastetxearen ateak berriz irekitzeko itxaropena dute beraz. Bitartean, “inprobisatzen jarraituko dugu”, kontziliazioa posible egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


TxikiLinux Txokoa Herri Urratsen, sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzera emateko

Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta... [+]


Eguneraketa berriak daude