Kataluniako erreferenduma babestu eta Euskal Herrian ere pausoak emateko eskatu dute Bilbon

  • Milaka lagun bildu dira Bilbon Gure Esku Dagok deituta, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko eta antzeko prozesu bat Euskal Herrian abiatzeko eskatuz. “Denon bultzadarekin, urriaren 1ean demokraziak irabazi behar du!”, adierazi du Anjel Oiarbidek kataluniarrekiko elkartasunez amaierako hitzartzean. Manifestazioan nagusi izan dira “independentzia” eta “votarem” aldarriak.

Milaka lagun atera dira kalera Bilbon Gure Esku Dagok deituta kataluniarrekin elkartasunez. (Argazkia: Dani Blanco)

2017ko irailaren 16an - 20:19

“Hemen gaude demokraziaren funtsa jokoan dagoelako, erabakitzeko eskubidearen erabilpena jokoan dagoelako, eta oinarrizko eskubideak jokoan daudelako", etorkizuna erabakitzeko bozkatzea demokrazia dela adierazi dute Gure Esku Dagoko kideek lau hizkuntzatan egin duten hitzartzean.

“Kataluniako herritarren gehiengoaren borondatearen emaitza da erreferenduma eta Kataluniako erakundeek urrats hori egitea erabaki dute. Kataluniako lagunok, gure begirunea eta babesa dauzkazue, estem amb vosaltres. Bereziki jazarpen judizial eta poliziala jasaten ari diren hautetsiei, kargu politikoei, hedabideei eta gainerako herritarrei. Jaso ezazue elkarlanean aritzeko konpromisoa ere”, adierazi diete elkartasunez.

Aurretik, manifestazioa giro lasai eta baketsuan joan da. Lelo nagusia ondorengoa: "Bozkatu erabakitzeko / Votar para decidir. Demokrazia. Catalunya, estem amb vosaltres". Pankarta eraman dute Iñaki Goirizelaia, Lorea Agirre, Jule Goikoetxea, Jabier Muguruza, Jexux Uzkudun eta Estitxu Garaik, besteak beste.

Aurretik euria egin badu ere, orokorrean manifestazioak iraun bitartean eutsi egin dio, nahiz eta behin udaletxera heltzean berriz ireki behar izan dituzten aterkiak manifestariek. Txalo zaparrada eragin du megafoniatik jarri duten Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellen mezuak. Erreferenduma babestu eta elkartasuna eskertu du. L'estaca kantua abestuz amaitu da ekitaldia.

Erreferendumaren aurkako guda deklaratu du Espaniako Gobernuak

Manifestazioa etorri da Kataluniako erreferendumaren eta hauen sustatzaileen aurka Espainiako Gobernuak “guda” deklaratu ostean. Etengabe albiste berriak eragiten dituen egoeran, nabarmentzekoak dira Guardia Zibila ostiralean hainbat hedabideetan sartu izana edo Espainiako Ogasun ministroak Generalitateko kontuak bere kontrolpean hartuko dituztela ziurtatu izana. Larunbat goizean inprenta batetik Generalitatearen 100.000 kartel kendu izana pozez saldu du Espainiako Barne Ministroak, kataluniarren haserrea eta erantzuna eraginez.

Manifestazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, Bartzelonan bertan Espainiako fiskaltzak deklaratzera deitutako 712 alkate independentistek indar erakustaldia egin dute, erreferendumarekin aurrera jarraituko dutela adieraziz babesa erakustera joan den jendetzaren aurrean.

Babes adierazpenak

Manifestazioaren buruan ere eragileetako ordezkaritza zabala, tartean, Jasone Agirre eta Arnaldo Otegi (EH Bildu), Itxaso Atutxa, Joseba Egibar eta Jose Antonio Suso (EAJ), Garbiñe Aranburu (LAB), Txiki Muñoz (ELA), Txutxi Ariznabarreta (Independentistak Sarea) eta Begotxu Olaizola (ANC Euskal Herria) batzuk nabarmentzearren.

Manifestazioaren aurretik hedabideekin mintzatu den EH Bilduko Jaione Agirrek argi adierazi du “Espainiako estatua ez da estatu demokratiko bat, ez da estatu aurreratu bat, atzeratua da, ez dago Europako beste herri batzuen maila demokratikoan, eta hori Katalunian egunotan erakusten ari da”. Kataluniako herritarrei babes osoa adierazi ostean mahai gainean jarri du Euskal Herrian gehiengo soziala dagoela erabakitzeko eskubidearen alde, eta beraz, antzeko prozesu bat abia litekeela uste du.

EAJren izenean Itsaso Atutxak hitz egin du: “Katalunia nazioa da eta erabakitzeko eskubidea du”. Kataluniako herriari babesa ematera joan direla manifestaziora adierazi du eta errespetua eskatu kataluniarrekiko. “Urriaren 1ean erreferenduma egotea nahi dugu eta kataluniarrek askatasunez botoa ematea”. Espainiako Gobernua erreferenduma bermeekin egitea galarazten saiatzen ari dela gaitzetsi du. Adierazpenak amaitu berritan, kazetari batek “erreferendumaren bermeei” buruz galdetu dio eta ez ddu erantzun nahi izan. “Gaur hau esatera etorri gara” erantzun dio. Goizean alderdiko presidente Andoni Ortuzar Carles Puigdemontekin bildu da.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk elkartasuna adierazi nahi izan dio Kataluniako herriari eta oztopoen gainetik egiten ari den bidearekiko “miresmena” erakutsi du. “Erreferenduma demokrazia da, eta ez dago debekatzerik. Euskal Herrian kataluniar soberanistei babes osoa ez erakustea “estatuarekin kokatzea” bezala interpretatu du.

Independentistak Sareko Txutxi Ariznabarretaren ustez, “elkartasun garaiak baino, kataluniarren borrokarekin bat egiteko unea da”.

Esker ona Kataluniatik

Manifestazioko irudiak sareratu ahala, erreferendumaren aldeko kataluniarren esker hitzak ugariak izan dira. Guztietatik bat nabarmentzearren, @torrentjuliaaa erabiltzailearen txioak ondorengoa dio: "Moltes gràcies Euskadi. Ho necessitem. Lo necesitamos".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude