Espainia ongi doa eta Euskadi ere bai

  • Espainia ongi doa, zioen Aznarren PPk bere kanpaina ospetsu batean. Euskadi ongi doa, errepikatzen die EAJk etengabe herritarrei, eta mezua burmuinean iltzatu zaio boto-emaileen %37ri.


2016ko irailaren 27an - 07:59
Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press

Boto jeltzalea oinarri sendoa den ideiak, “ongi goaz” ideiak azken lau urteetan sarean harrapatu ditu beste esparru politikoetako boto-emaile ugari, hasi PPtik eta EH Bilduraino.

Zentralitate, egonkortasun eta moderazioaren paradigma, EAJk eroso gobernatzeko alfronbra gorria du, alfonbra azpian sartu ezin diren arazo sozialek horretarako aukera izorratzen ez badiote bederen.

Nola egingo du hori? Nahieran. Logikoena litzateke beren moldera gehien hurbiltzen den PSEko makulua baliatzea, eta denak adierazten du hala izango dela. Bide hori PSEren hilobirako bidea izan daiteke, baina gaitza da PSE Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin egiazko harresi soziala eratzen irudikatzea. Eta gainera, ausartuko balitz ere, EAJren eta PPren zentro-eskuinak 38 boto ditu, gehiengo osoa.

Ezkerrak jai

EH Bilduk hegemonia lehiatu zion EAJri 2012ko saioan. Azken hauteskundeetako Podemosen indar erakustaldiak piztu izan du horretarako ametsik aldaketa ezkerretik amestu dutenen artean. Hauteskunde eguna hurbildu ahala, baina, ametsa samur desegin da, hegemonia lehiari uko egin baitiote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Egia esan, hegemonia kontuetan pentsatzeko baino, EH Bilduk nahikoa zuen azken boto-zauri mingarrietatik sendatzeko formulen bila jardutearekin. Elkarrekin Podemosek oraindik ere ihes egiten dio EH Bildurekin aldez aurretik ezer bateratu saltzeko aukerari; lehiakide izateaz gain, Podemoseko egoitza zentrala Madrilen izateak badu eraginik oraindik.

Emaitzak ikusita, beraz, pentsa liteke denak bere horretan jarraituko duela joko instituzionalean. Ekonomia suspertzen jarriko du indarra EAJk, orain arteko bideari eutsiz. Espainian eskuina zentralistaren indarra ikusita, autogobernuan ezin espero bultzada handirik, are gutxiago Madrilekiko konfrontazioa elikatzeko bada: “Vade retro Katalunia”.

Betor Kolonbiako haizea

Behin EH Bilduren mehatxua gainetik kenduta, gatazkaren amaiera ordenatuaren esparruak har dezake beste indarrik legealdi honetan, batez ere horretarako inoiz baino sostengu sendoagoa izan dezakeelako Eusko Legebiltzarrean.

Kolonbiako bake prozesuaren haizeak dokumental eta erreportajeetarako baino gehiago ere balio beharko luke hemen; areago oraindik Espainian eta Frantzian ia 400 preso direnean sakabanatuak eta baldintza estuetan. Ez da kanpainako gaia izan, baina izan beharko luke legealdikoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude