ELA, Jaurlaritzaren murrizketez: "Langileei inoiz egin dien erasorik latzena"

  • Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hainbat neurri hartu zituen atzo funtzionario publikoen lan baldintzen inguruan: langile publikoen soldatak izoztu; gaixotzen diren langileen soldatak erdira jaitsi gaixoaldiko lehen hiru egunetan; borondatezko erretiroentzako diru-ordaina kendu; txanda-kontratuak murriztu; 65 urtetik aurrera lanaldia luzatzeko aukera kendu; adineko langileentzako baimen bereziak ezabatu...


2012ko urtarrilaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58
ELA, LAB eta STEE-EILAS-en protesta atzo, Lakua aurrean

95 milioi euro aurreztu nahi ditu 2012an Jaurlaritzak. Sindikatuek jada lanuzteak iragarri dituzte datozen asteetan.

Neurri horietan langile publikoei gehien eragingo diena gaixoaldi laburretan soldatak murriztearena izango da. Orain arte, lanera joaten ez zen lehen hiru egunetan, soldata osoa jasotzen zuen gaixotutako langileak –sektore pribatuko enpresa gehienetan bezalaxe–; hemendik aurrera soldataren %50 baino ez du jasoko lehen hiru egun horietan. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramalearen esanetan absentismo "jasanezina" saihesteko neurria da honakoa. Bestalde, Mendiak azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak onartutako asteko lanaldiaren luzapena Eusko Jaurlaritzako langileei eragiten ote dien aztertzen ari dira.

Sindikatuek gogor egin diote Jaurlaritzaren dekretuari. ELAren esanetan "Jaurlaritzak langileei inoiz egin dien erasorik latzena" da. Bere esanetan administrazioko langileak "jo puntuan" jarri nahi ditu baja gehiegi hartzen dutela esanez "horrelako abusuen adibiderik aipatu ez badute ere". LABek ere gogor salatu ditu murrizketak eta Jaurlaritzak "langileen kontura dirua lortu" nahi duela esan du. Sindikatuek jadanik iragarri dute lau orduko lanuztea deituko dutela otsailaren 9rako eta atzo ELA, LAB eta STEE-EILASek bilkura egin zuten Lakuan protesta egiteko.


Eguneraketa berriak daude