Durangoko Hizkuntza Eskolak barkamena eskatu du kontseilua gaztelera hutsean egiteagatik

  • Hizkuntza Eskola Ofizialeko azken kontseilua gaztelaniaz bakarrik egin zela kritikatu du Marina Ealo ikasleen ordezkariak sare sozialetan. EHEk bat egin du salaketan eta babesa agertu dio Ealori; Berbarok espazio guztietan "euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzea" eskatu du. Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak erantzuna eman du: "Argi dago ez genuela behar bezala jokatu".


2017ko uztailaren 05an - 16:47
Durangoko EHEko kideek pankarta ipini zuten astelehenean Hizkuntza Eskolan. (Anboto)

Marina Ealo harrituta agertu da egunotan bere kritikak eduki duen eraginagaz, baina joan zen asteko batzarraren ostean, isilik ez geratzea erabaki zuen. Bere arabera, ez da lehen aldia izan; otsailean ere gaztelania hutsean egin zuten eskola kontseilua. "Ekainean berriro gauza bera gertatu da. Ez zait normala iruditzen, larria baizik", uste du ikasleen ordezkariak. Alemana ikasten dabil, eta beste zentro bateko irakasle da. Batzarraren amaieran berba egin zuen euskararen erabilera defendatuz, eta "atentzioa deitu" ziotela dio, gaztelaniaz jarraitzeko esanez.

Ealoren esanetan, 25 lagunek osatzen dute kontseilua, eta bakarrak ez zekien euskaraz. Antza, irakasle horrek "jarrera zalapartaria" eduki zuen bere hitzartzearen unean. Beste kontseilukideak isilik geratu zirela-eta, harrituta dagoela gaineratu du. "Eskola kontseiluan gauzek horrela jarraitzen badute, ez noa gehiago parte hartzen", iragarri du Ealok.

Zuzendaritzaren barkamena

Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak oharra bidali du ANBOTOra, egunotako eztabaidaren ostean. "Gaztelaniaz jardun genuela aitortu behar dugu bileran geundenetako hamasei lagunetik bik euskara ez dakitelako eta hirugarren batek A1 maila gainditu berri duelako. Horrekin ez dugu geure burua ezelan ere zuritu nahi, argi dago ez genuela behar bezala jokatu". Minduta sentitu direnei barkamena eskatu die zuzendaritzak. "Hau guzti hau, hemendik aurrera, kontuan hartuko dugu eskolako funtzionamendurako", esan dute oharrean.

Ohar horren erreakzio lez, Berbaro elkarteak akatsa onartu eta neurriak hartzea "aurrerapausoa" dela dio. "Durangoko Hizkuntza Eskola bidelagun dugu euskararen hedapen eta sustapenean eta hemendik aurrera ere, horrela izan dadin lanean jarraituko dugu".

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude