William A. Douglassek jasoko du Durangoko Azokako Argizaiola saria

  • William A. Douglass antropologo estatubatuarrak jasoko du aurtengo Durangoko Azokako Argizaiola saria eta Eskozia izango da herrialde gonbidatua.


2013ko azaroaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Itziar okariz artistak egin du autengo edizioaren kartela.

Mr. Basque ezizena jaso izan du Douglassek Euskal Herriarekin izan duen harremanarengatik. Antropologoa eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Gaien Zentroko irakasle emeritua, 1963az geroztik Euskal Herrian hainbat landa lan egin ditu, batez ere Etxalarren (Nafarroa) eta Aulestian (Bizkaia). Amerikan eta Australian ere ikertu du euskaldunen presentzia.

Gainera, Euskal Herriko gatazka armatua konpontzeko saioetan bitartekari lanetan aritutakoa da, 2009. urtean argitaratu genuen Larrun aldizkarian kontatu zuen moduan. Abenduaren 6an egingo den ekitaldian jasoko du Argizaiola.

Kulturaren plaza

Gaur aurkeztu dute ofizialki Azokaren 48. edizioa. Abenduaren 5etik 8ra egingo dute eta, besteak beste, guneek kokapen berria izango dute dute hartara Durangoko hainbat txokotara zabaldu ahal izateko.

"Kulturaren plaza” da aurtengo leloa. Egoki hartutako esaldia da, kultur produktu eta ekimen asko plazaratuko dituztelako, plaza askotara.

Izan ere, zortzi gune muntatu dituzte, eta azoka nagusia beti bezala Landako gunean badago ere, gainontzeko tokietan ere izango da zer ikusia: besteak beste, bideoak, irudiak eta musika. Inor distantziarengatik desanimatu ez dadin, sustatzaileek argi utzi dute txokoak ez daudela urruti. “Bost minutuan” heldu daiteke batetik bestera.

Liburuak baino askoz gehiago

Liburuez gain, 48. edizioan musika izango da protagonista. Hala iragarri dute antolatzaileek. Diotenez, 50 zuzeneko kontzertu baino gehiago eskainiko dituzte Ahotsenean eta Plateruenean.  

Ahotsenean lan berriak aurkeztuko dituzte sortzaileek, ordu erdiko emanaldietan. Plateruenea, aldiz, gaueko emaldietarako prestatu dute. Hamaika taldek joko dute: hala nola, EH Sukarra, Su Ta Gar, Mursego, Esne Beltza, Iheskide eta Napoka Iria. Kontzertu guztien zerrenda azokaren web-gunean dago ikusgai.

Horrez gain, liburu eta proiektu mordoa aurkeztuko dute Ahotsenean bertan. Adibidez, GAL 30 urte lana aurkeztuko du martxelo Otamendik eta Euskal Herriaren historia laburra Iñaki Egañak.

Kabi@ digitalaren plazan, teknologia berriei lotutako gaiak jorratuko dituzte –Egun batean 3D inpresorak hezkuntzan izan dezakeen erabilpena aztertuko dute, kasu–.

Eta bideoei dagokienez, Irudienean izango da film-laburrak eta pelikulak ikusteko aukera. Besteak beste, Amaren Eskuak eta 81. amama obrak paratuko dituzte ikusgai.

Egitaraua osorik: 


Eguneraketa berriak daude