2020-05-22 12:57

Sinatzaileak : Iker Narbona eta Maialen Baztan, NUPeko ikasleak eta UIBko kideak

Maiatzaren 6an Nafarroako bi unibertsitateetako errektoreek iritzi-artikulua argitaratu zuten Diario de Noticias de Navarra eta Diario de Navarra hedabideetan, COVID-19 y universidad [COVID-19 eta unibertsitatea] izenburupean (soilik gazteleraz). Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore den Ramón Gonzalo eta Nafarroako Unibertsitateko (pribatua, esan gabe doa) errektore den Alfonso Sánchez-Tabernero dira, hain zuzen ere, artikuluaren sinatzaileak. NUPeko ikasle garen heinean erantzutea beharrezkoa ikusi dugu, gure errealitatearen pertzepzioa errektoreek aditzera ematen dutenetik zeharo urrun dago eta.

Errektoreek sinatutako artikuluari darion baikortasunaz hitz egin nahiko genuke ondorengo paragrafoetan. Testu osoan zehar nabari daitekeen autokonplazentzia kutsuak goia jotzen du Gonzalok eta Sánchez-Tabernerok zera adierazten dutenean: “En Navarra contamos con un sistema universitario sólido, complementario y con capacidad de emprender proyectos comunes. Durante la pandemia nos hemos involucrado en varias iniciativas solidarias, hemos apoyado al sistema sanitario, hemos transformado rápidamente las clases presenciales en docencia online y hemos adaptado el funcionamiento de nuestras instituciones al teletrabajo de forma eficaz.”

Egia esan, baikortasun hau ez da unibertsitate baten edo bestearen ezaugarri esklusiboa, baizik eta unibertsitate sistema osoak erakutsi duen joera baten parte (horren erakusgarri da Nekane Balluerka EHUko errektoreari duela aste batzuk EITBn egin zioten elkarrizketa). Baina errealitateak badu beste aurpegi bat: egoera honen ondorioak jasan dituzten unibertsitateko langile klaseko sektoreena. Unibertsitateko langileen artean “ahaztuenak” izan ohi diren garbitzaile eta kafetegi nahiz jantokiko langileetatik hasi eta administrazioko, zerbitzuetako, irakaskuntzako eta ikerkuntzako langileetatik igaroz, ikasleriaraino; denok bizi izan ditugu, era batean zein bestean, jarduera presentzialaren eteteak suposatu dituen kalteak Beste behin, bereziki, egoera ekonomiko okerrenean dauden pertsonek.

Dena den, gu NUPeko ikasleriaren arazoetan zentratuko gara, NUPeko ikasle garenez bertako errealitatea hobeto ezagutzen dugulako. Gainera, UIBko (Unibertsitateko Indar Batasuna) kideok NUPeko 400 ikasle baino gehiagoren testigantzak bildu ditugu azken asteotan xede horrekin prestatutako galdetegi baten bidez. Testigantzetatik abiatuta irakurketa bat argitaratu genuen duela zenbait egun, eta horrekin batera zenbait eskakizun helarazi genizkien errektoretzari, zentroei eta departamentuei. Errektoreen artikuluak, begi-bistakoa denez, zerikusirik ez du testigantzetan azaltzen den errealitatearekin: ikasle askoren baliabide falta (ordenagailu bakarra etxean pertsona askorentzako, internet konexio kaxkarra...), etxeko askotariko egoerek ikasketa prozesuari gehitu dizkioten zailtasunak (ikasteko leku aproposik eza, senideren baten zaintzaren ardura...), online bidez klaseak emateak edukia barneratzerako orduan sortzen dituen zailtasunak, ebaluazio irizpideekin lotutako informazio falta nabarmena, ebaluazioa bera birplanteatu ordez “ez kopiatzera” soilik bideratutako gomendioen bidez azterketak are estresagarriagoak egitea (denbora muga zorrotzekin, webcam-a eta mikrofonoa etengabe konektatuta izatera behartuta...) eta abar luze bat.

Txanponaren alde horren aipamenik ez, eta aitzitik, dena ongi doala da artikuluak igortzen duen mezu nagusia. Hori gutxi balitz, duela pare bat egun gure eskakizunei erantzunez dokumentu bat helarazi ziguten errektoretzatik, azken hilabeteetan unibertsitatearen jardunaren nondik norakoak azalduz (baina gure eskakizunei kasurik egin gabe). Hura sorpresa gurea testu hau idazten ari ginelarik halako dokumentua jaso genuenean, hemen esandakoak baieztatu besterik ez baititu egiten. Dokumentuaren funtsa unibertsitatearen jarduna berriz ere goraipatzea da, gauzak zeinen ondo egiten ari diren azpimarratuz, kexa eta iradokizun guztiak kontuan hartzeko bideak ireki dituztela azalduz eta irakasleei irakaskuntza telematikora moldatzeko hainbat gomendio eman zaizkiela aipatuz. Gauza batean arrazoia dute: unibertsitateko langile askok eta askok lan ikaragarria egin dute (administrazioan kexa eta iradokizunak aztertzen, irakasle asko irakaskuntza egoera berrira moldatzen...). Ez dutena ulertzen zera da, guk ez dugula zalantzan jartzen unibertsitateko langileek egindako lana; kontrara, egin den esfortzu nabarmena aitortzen dugu. Kritikatzen duguna da gomendio eta bestelakoek, neurri eraginkorrekin lagundurik egon ezean, ez dituztela ikasleriaren gaineko gehiegikeriak saihestuko. Martin Goitiandia UIBko kideak maiatzaren 14ean publikatutako artikulu batean zioen, arrazoi osoz: ez du inolako zentzurik unibertsitateak gomendio batzuk emateak gero inork ez badie kasurik egingo.

Zentzu berean, behin baino gehiagotan entzun ditugu unibertsitate esparruko goi karguak egoera honetan “ebaluazio jarraitua sustatu” eta “azterketen pisua gutxitzea” gomendatuz (apirilaren 4ean Ramón Gonzalok Diario de Noticias de Navarra-n eskainitako elkarrizketan egin bezala, adibidez). Antza denez, Bologna prozesuaren ideala bat-batean aplikatu nahi dute, ebaluazioa bere horretan mantentzeko baldintzak ba ote diren zalantzan jarri gabe. Horren ordez, unibertsitateak zentro eta irakasle bakoitzaren esku utzi du ebaluazioaren ardura, era horretan eskuak garbituz eta askotariko gehiegikeriei ateak irekiz, ikasleriaren zati handi baten eskariei kasurik egin gabe. Baieztapen hau erraz egiazta daiteke lehen aipatutako galdetegiaren emaitzak ikusita, edo duela zenbait aste Twitterren abiarazi zen #LamentUPNA kanpainako testigantzak irakurrita: hor daude, esaterako, lan-karga areagotu arren azterketaren pisua mantendu duten irakasleak, ebaluazio irizpideak ukitu ere egin ez dituztenak, azalpen-saiorik ematen ez dutenak edo ikasleriaren kexa eta iradokizunei kasurik egiten ez dietenak. Argi utzi behar da afera honen gakoa ez datzala ikasleria versus irakaslegoa gatazka batean, unibertsitatea gidatzen duten interesetan baizik.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi matrikulen afera. Nafarroako instituzioek ez dute txintik ere esan horren inguruan. Bigarren seihilekoko matrikulen prezioa itzuliko ote zaie ikasleei kontuan izanda martxoaren erdialdetik aurrera irakaskuntza presentziala ez dutela jaso eta kanpoko praktikak ezin izan dituztela burutu? Irakasgai bat suspendituz gero, bigarren eta hurrengo matrikulen prezioaren igoera (NUPen kasuan, bigarren matrikularen prezioa lehenengoaren bikoitza da) berdin aplikatuko ote da baldintza hauetan? Hilabete hauetan ikasketak direla eta alokairua edo bestelako gastu batzuk ordaindu behar izan dituzten pertsonek konpentsazioren bat jasoko ote dute? UIBtik kurtso osoa daramagu tasen eta beken auzia lehen lerroan jartzen, kosturik gabeko hezkuntza erdiestera bidean ezinbestekoa baita horien baldintzak hobetzeko borrokak martxan jartzea, eta orain inoiz baino premiazkoagoa dugu auzi hau mahai gainean jartzea, kontuan izanda familia askoren egoera ekonomikoa okertzen ari dela eta itxura guztien arabera are gehiago okertuko dela.

Amaitzeko, antolakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi genuke. Ez goaz inora unibertsitateko langile klaseko sektore ezberdinen interesak era isolatuan defendatu eta besteen interesekin kontrajartzen baditugu gure interes amankomunak identifikatu eta defendatu ordez. Auziaren gakoa, esan bezala, unibertsitate publiko zein pribatua gidatzen duten interesetan datza. Gizarte honen logikaren baitan jarduten duen instituzio bezala unibertsitateak betetzen dituen funtzioak aztertzea dagokigu interes amankomun horiek defendatu nahi baditugu, eta hori ez da lan makala. Argi dagoena zera da: hitzontzikeriak eta baikortasun hutsalak ez dituztela gure baldintzak hobetuko. Beraz, antola gaitezen eta borroka dezagun.

Unibertsitateko Indar Batasuna unibertsitateko langile sektore (ikasle, irakasle, ikerlari, garbitzaile etab.) ezberdinen interesak defendatzeko antolakuntza tresna da. Horretarako sektore horien indarrak biltzea bilatzen du, bakoitzaren borrokari erantzun bateratu bat emateko.