2020-07-19 11:52

Deskribapen orokorra

26 urte ditut, Aterpetxe batean egiten dut lan eta Donostian bizi naiz. Gurasoen etxean oraindik. Nahiago nuke etxetik kanpo bizi baina hiri honetan oso zaila da neurriko alokairu bat bilatzea, oso garestia bait da.  
Bilbon egin nituen ikasketak, Publizitatea eta Harreman Publikoak EHUn. Graduak irteera asko ematen ez zizkidanez turismoari lotutako Goi Mailako Ziklo bat egin nuen orain dela urte pare bat turismo munduan lan gehiago zegoelakoan. Lagunekin kalean, berriketan eta poteatzen egotea gustuko dut eta Urgullera paseoak ematera joaten naiz bakarrik egon nahi eta ahal dudanetan.


Non egiten duzun lan?
Aterpetxean Martxoa inguruan hasi nintzen lanean klase kide batek jende bila zebiltzala esan zidalako. Nahiago nuen lanean hasi praktikak egin baino eta ez nuen bitan pentsatu. Goi Mailako Zikloa ikasten nuen bitartean museo batean egiten nuen lan baina oso soldata txikia nuen eta bizirauteko bakarrik irabazten nuen, baina independentzia pixka bat ematen zidan. Oraingo lan honetan aurreko lanean baino hiru aldiz gehiago irabazten dut, Konbenio Kolektiboak markatzen duena.
 

Nola da zure lana?
Lan orduak nahiko onak iruditzen zaizkit 8 ordu egiten ditut lan, ez gehiago eta ez gutxiago eta goizeko ordutegia edo arratsaldekoa izan dezaket, astero aldatzen da. Nahiago nuke beti ordutegi finko bat eduki baina ostalaritzan oso zaila da hori lortzea asteburu eta jai egunetan lan egin behar delako.

Nola baloratzen duzu zure lana? Luzaz segitu nahi al duzu?
Harreran lan egitea oso gogorra dela iruditzen zait, ia lau urte daramatzat jende aurrean lan egiten eta beste lan bat topatzea gustatu litzaidake. Jendea askotan ez da ohartzen aurrean duen pertsona haragi eta hezurrekoa dela eta horrek nekatu egiten zaitu beti erantzun behar duzulako langile bezala eta ez pertsona bezala. Arazoa ez dut uste harreran lan egitea denik baizik eta jendeak zure aurrean duen tratua maniki bat izango bazina tratatzen zaituztelako askotan. Etorkizun hurbilean beste sektore batean lan egitea gustatuko litzaidake.
 

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Euskara, gaztelania, ingelesa eta frantzesa hitz egiten ditut. Euskara izan da nire ama hizkuntza eta gaztelera eta ingelesa txikitatik eskolan ikasi ditudanez esan daiteke bi hizkuntzak maila berean ezagutzen ditudala, beraz, ez dut arazorik ingelesez komunikatzeko, askotan pentsatu izan dut gaztelania hitz egiten bezainbeste dakidala ingelesez.
 

Zer kontaktu duzu nagusiarekin?
Nagusiarekiko tratua osoa estua izan da hasieratik, nahiago du tratu pertsonal eta familiarra izatea hori bait da Aterpetxeak proiektatu nahi duena. Guztiak gara berdinak eta horrek oso eroso sentiarazten zaitu lan tokian.
 

Zenbat etxetan lan egiten duzu?
Ez dut beste inon lanik egiten.
 

Zer kontaktu duzu turistekin?
Kontaktu zuzena dut turistekin egunero. Lan honetan ikasi dut zerikusi handia dutela kanpotar bakoitzaren kultura eta ohiturek baina ezin dituzula pertsona guztiak multzo berdinean sartu. Pertsona bakoitzak bere pertsonalitatea dauka eta ezin duzu jakin nolakoa izango den edo nola jokatuko duen zure aurrean eta besteen aurrean. Aterpetxe bat izanik gelak partekatu egiten dira askotan eta baliteke noizean behin elkarbizitza arazoak izatea batek edo besteak. Badago egunean zehar lo egitea gogoko duena eta alderantziz. Ezin duzu aurreiritzirik eduki, izan ere, bakoitzak egoera pertsonal desberdinak ditu edo errealitate desberdinak bizi ditu. Batzuk adibidez, etxegabeak dira, alkoholarekin arazoak dituztenak besteak, atzerriko herrialde batetik etorri berriak direnak, arazo familiarrak edo bestelako trastornoak dituztenak, denetarik topa dezakezu.  Ez da gizartearen erretratu bat besterik.

Esperientzia berezi asko bizitzen dira aterpetxeetan. Ezingo nuke bat aukeratu. Arrazakeria egoerak, matxismo egoerak eta klasismo egoerak ez ditut zuzenean ikusi baina beti pentsatzen duzu bezero baten kexaren atzean beste arrazoiren bat egon daitekeela. Lehen esan bezala ez dut uste kultura edo ohitura arazoa denik baizik eta pertsona bakoitzak bizi duen errealitatearena. Bezero asko ezin izan ditugu onartu jarrera ez egokia edukitzeagatik baina ez arrazakeria, matxismo edo klasismo arazoengatik, horiek zuzenean kanporatzeko arrazoiak izango liratekeelako.

Bizipen txarrik ez dut pairatu oraindik, beti daude ez eroso sentiarazten zaituzten egoerak, batek ordaindu nahi ez duela, aterpetxea ez dela espero zuena, eguraldi txarra dela eta kexatzen dena, gelakideaz kexatzen dena, etab. baina ez kontatzeko moduko ezer.

TURISTA HIRIA fanzina: “Hotel gehiago ez” kolektiboa, Donostiako parte zaharrean turismogintzak eraitsitakoari berreskuratze bide zidorrak elikatzeko sortu genuen. Auzotarrei auzoak lapurtzen diren auzo hauetan auzoari hitza emateko garaia etorri da. Hortara dator Turista Hiria fanzina. Irakurketa on! Komentarioetarako ez duda eta honera idatzi: turistahiria@riseup.net