2020-07-19 11:37

 

Azken urteotan, Donostian gero eta ohikoagoak izan dira Tourist go home leloa darabilten pintadak. Turismogintzak gurean eragin dituen kalteak, eta honen gorakadak dakarren ezinegona, askotan islatu da modu honetan (argazki hauek egun pare batean egindako bilduma dira). Halakoak egin ditugunoi kristorenak eta bi bota dizkigute: Xenofoboak gerala esan digute, umemokoak deitu gaituzte, proboka-tzaileak, naziak, prehistorikoak... diagnostiko psikiatrikoa ere egin digute: Turismofobia!

Eta hala ere, aldarri horrek kaleetan jarraitu du. Ez da antolakunde edo mugimendu baten leloa, hamaika txokotan jende ugari eta anitzek jartzen dutena baizik. Testu honen xedea Tourist Go Home leloa(eta antzeko mezuak) azaldu eta kritika batzuk erantzutea da. Halakoak egin izan dituen kide batek idazten du, baina ez inoren izenean. Beraz, zergatik Tourist Go Home? (aurrerantzean TGH)

Askok diote TGH leloak ez duela industria honi buruzko eztabaida sustatzen, argumentu ahula delako. Argi dago, inongo eragilek ez du TGH argumentu gisa erabili, ez da eztabaidan parte hartzeko modu bat, eztabaida bera xaxatzeko modu bat baizik. Turismoak zapaltzen gaituen hirian, TGH pintadek ireki zuten, hein handi batean, gaiaren inguruko arrakala. Komunikabide handietan ahotsik ez daukagunok, mezu zuzen honen bitartez, teleberriak ireki ditugu. Industria honen garapena, “turismogintzaren bakea” urratzen duen leloa da. Batzuek analisi falta egotzi diote lelo honi. Noski, ez da eskuorri bat, ez tesi bat, ez politika publiko bat, ez halako ezer: garrasi edo margoketa bat da. Turista errudun bilakatzen duela askotan esan da, baina aldarrikapena sinpleagoa da: Turistak zoazte etxera. Turismogintzaren lobbya kritikatzen ez duela diote batzuk, baina lobby hau ederki urduritzen du leloak1. Batzuek nahiago lukete margoketarik ez egotea, eta instituzioen prozesu partehartzaileetan, uzten digutenean, adeitsu esatea: “tira, inorri errua bota nahi gabe, uste dut batzuk, asmo onez, gure ordezkariak eta enpresariak (bertakoak badira ere) okertu egiten direla, eta mesedez eskatu nahiko nieke turismo eredu zehatz honen ondorioez kezkatu eta gogoetatu dezaten”. Ordea, gauez idazten dugu ilegalak diren moduetan: Tourist go home.

Leloa ez omen da egokia, turista interpelatzen duelako. Aitzitik, zapalkuntza turistikoak pribilegioak ematen dizkio turistari. Bertako herriak, jana, etxebizitza, kultura eta hizkuntza merkantzia bihurtu eta hari eskaintzen dizkio industria honek. Beraz, ardura partekatua da politikarien, industriaren eta turismo kontsumitzailearen artean.
Hala ere, inork ez du “turistak errudunak” margotu, nik dakidala.
Mezua, beraz, zuzenagoa da. TGH idazten denean, turista alde egitera bultzatzen da. Kontsumitzailerik gabe, ez dago merkantziarik. Esango da (poteatzaile, asmo oneko lagun, tertuliano, politologo... aho batez esango dute) honakoa: biolentoa da! Ezeroso sentiarazten du turista! Eta hori hala da.

Beste batzuen kaltearen alde gozoa gozatzen duena da pribilegiatua. Eta pribilegiatuak deseroso egotea aproposa da zapalkuntzak garaitzeko2. Mike, Yoko, Javier edo Frida turistak ez dira gure etsaia, ez ditugu mespretxatzen, baina haien presentziak zapalkuntza elikatzen du, eta, beraz, hobe etorri ez balira. Haiekiko gure adeitasun eta sumisioa turistifikazioaren aliatu onena da3. Hala, TGH ez da eztabaidarako argumentu bat, ekintza zuzen bat baizik: Deserosotasuna eragin eta haserrea adierazten duen ekintza bat. Bizi dugun bakeak gerra bat ezkutatzen duelako4. Pribilegiatuok -bai, turismoa egiten dugun guztiok, egiten dugun unean, eta baita Zaran erosten dugunok, botere harremanez baliatzen garenok...- deserosotzea ez dugu inola ere eraso gisa bizi. Are, kontuan hartu beharko genuke ez dela sekula izan inor deserosotu ez duen jendarte eraldaketarik. Historiak aurrera egiten duenean, konfrontazioa eta tentsioa mahai gainean izaten dira.


Horixe baita Tourist Go Home, Refugees Wellcome aldarriaren funtsa: Turistak gure gainetik kokatzen ditu sistemak, eta errefuxiatuak gure azpitik. Batzuek mugikortasunaren pribilegioa dugu (are, bidaiatzea bera ona, desiragarria, beharrezkoa denaz konbentzitzen gaituzte) eta beste batzuek migrazio derrigortuak, mugak eta espetxea. Hain zuzen, Ceuta eta Melillako harresiak eraiki eta babesten dituztenek, gure kaleetatik paperik gabeko donostiarrak (berdin du non jaiotako gure hirikideak) atera eta Atzerritarrak Atxikitzeko Zentroetan (CIEak) espetxeratzen dituzten alderdiak, eskandalizatzen ditu TGH leloak. Otsoak dira, artzainari ardiak libre uztea exijitzen.


Beste batzuk turismo ereduen -eta turista ereduen- arteko bereizketak egitera gonbidatzen dute. Eztabaida hau ez da berria5, eta interesgarria da turismoa analizatzerakoan. Baina testu honetan ekintza zuzenaz ari gara: Donostian behintzat, nik dakidala, inork ez ditu langile klaseko turista errespetudunak sistematikoki erasotzen. Ekintza zuzenak turismo industriari, politikariei, hotelei, luxuzko ibilgailuei, enpresariei, loa galarazten dutenei, babosoei, azpiegitura turistikoei... egin zaizkie hemen.


Amaitzen joateko, hainbatetan TGH leloa ingelesez margotzearen koherentzia falta aipatu da. Mezu zuzena da, ez du bitartekaritzarik nahi, eta ez dago gure herrikideei zuzenduta. Badago bestelako mezu ugari gure bizilagunei emateko. Honekin lotuta azken ideia batekin amaitu eta itxi nahiko nuke: TGH aldarria haserre adierazpen bat da, hiri erakusleihoa zikintzen duen mezu bat. “Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan”, dio kantak, eta horixe da proposamena. Nork bere tokitik, nork bere ikuspegitik, zapalkuntzari aurre egitea, hoberen deritzon molde, diskurtso eta estrategiekin.

 

1.2017-ko abuztuaren 9an, "sektoreari babesa" azaltzeko ekitaldi bat antolatu zuen patronalak SanTelmon, pintadei erantzunez. Kritika eta mobilizazioak ugaritzen ari ziren, eta biktimismoa hautatu zuten, Gasco buru izan zuen "desagrabio" ekitaldian. Kanpoan protesta egiteagatik hainbat lagun zigortu (isundu, jo, erretenitu, lapurtu) zituen ertzaintzak, eta hor ez zuten inolako biolentziarik ikusi.
2. Mugimendu feministaren eta intesekionalitatearen ekarpenekin hobe uler daiteke hau.
3. "Una ciudad amable merece tu sonrisa, ofrecesela a quien nos visita" Leloa plantatu zigun patronalak donostiako kontainer guztietan, eta markesinetan antzeko mezuak gipuzkoako foru aldundiak.
4. Ez al da gerra geure etxe eta auzoak galtzea, zaratagatik geure osasuna galtzea, esplotaziopeko lan prekarioa bizitzea, paisaia linguistikoan gure hizkuntza ezabatzea…
5. Ipar euskal herrian, lurraldearen alde eta turismoaren kontra lerratu zirenek luze eztabaidatu zuten. Mota ezberdinetako eragileek industria turistikoaren, "burges bisitarien", bertako edota kanpoko espekulatzaileen aurkako hamaika ekintza molde garatu zituzten.
TURISTA HIRIA fanzina: “Hotel gehiago ez” kolektiboa, Donostiako parte zaharrean turismogintzak eraitsitakoari berreskuratze bide zidorrak elikatzeko sortu genuen. Auzotarrei auzoak lapurtzen diren auzo hauetan auzoari hitza emateko garaia etorri da. Hortara dator Turista Hiria fanzina. Irakurketa on! Komentarioetarako ez duda eta honera idatzi: turistahiria@riseup.net