2025-12-08 09:36

Eliza katolikoaren dogma batek dio Andre Maria sortzez garbia dela, hau da, jatorrizko bekaturik gabe jaio zela, eta horregatik ospatzen da jai bat abenduaren 8an, haren jaiotza baino bederatzi hilabete lehenago. Santos Cerdanen auzia lehertu zenean, Maria Chivite lehendakaria agertu zen komunikabideen aurrean negar-malkotan bere ustekabea azaltzen eta errugabetasun garbia azpimarratzen. Geroztik, behin eta berriz adierazi du Nafarroako Gobernuan ustelkeria zantzurik ez dagoela baina, badaezpada, Parlamentuko eledun sozialista Ramon Alzorriz kargugabetu zuen.

PSN-PSOEko idazkari nagusia saiatzen ari da etengabe bere garbitasuna goraipatzen, baina ustelkeria arrastoak gero eta nabarmenagoak dira. Azkena izan da Nafarroako Gobernuaren Kontu-hartzailetza Nagusiak antzemandako 8,5 milioi euroko gainkostua Belateko tunelen obretan. Eremu horretako kontseilaria Oscar Chivite da, Mariaren osaba txikia; hala ere, gobernukideen ezinegona baretzeko, suebaki gisa, deliberatu dute kargutik kentzea Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Lopez Vera.

Jakina denez, Acciona da Belateko tunelen obran diharduen enpresa handiena. Konpainia 1997an eratu zen, Cubiertas y MZOVek, eta Entrecanales y Távorak bat egin ondoren. Entrecanales y Távora 1931an sortu zen, baina izugarri hazi zen frankismoak herri-lan asko esleitu baitzien; gainera, preso politikoen esklabo lana erabili zuen bere negozioa handitzeko. Hori dena gutxi balitz, 78ko erregimena ezarri zenetik ustelkeria kasu ugaritan ikertu dute eta parte-hartze nabaria izan du enpresa eraikitzaileen kartelean. José Manuel Entrecanales Domecq da Accionaren administrazio kontseiluaren presidentea.

Francok adierazi zuen dena lotua eta oso ongi lotua uzten zuela. Frankismoak bere muina galdu gabe eraldatu eta sortu zen gaur estatu espainarrean ezagutzen dugun intentsitate gutxiko demokrazia, hau da, 78ko erregimena. Besteak beste, ongi estekatua gelditu zen alderdi politikoen sistema eta, horretarako, ezinbestekoa zen sistemarentzat frankismoaren oinarriak xurgatuko zituen alderdi sozialdemokrata bat izatea. Ezaguna denez, Estatu Batuetako CIAk bideratu zuen garai hartako gobernu faxistarekin batera PSOEren moldaketa Espainia postfrankista antolatzeko eta, hori da, hain zuzen ere, gaur egun jasaten ditugun arazo anitzen iturria.

Horietako bat, egiturazko ustelkeria, 78ko erregimenari datxekiona, eta PSOE da sistema horren euskarri nagusia. Kalkuluen arabera, estatu espainiarrean ustelkeriak urtean 40.000 milioi euroko gainkostua eragiten omen die administrazio publikoei. Dirua egon badago zerbitzu publikoak finantzatzeko, baina ez hainbeste lapurri ordaintzeko. Gobernu aurrerakoi baten ameskeria saldu zaigu, baina marketina besterik ez da, politika neoliberalak eta murriztaileak disimulatzeko; funtsean, politika eskuindarrek diraute.

Hortaz, bada garaia itxurakeriari aurre egiteko. Ustezko ezkerreko politikek, egiatan eskuineko politika neoliberalak direnek, bidea errazten diote eskuin muturrari. Bada garaia erregimen ustela gainditzeko eta egiazko demokrazia sortzeko.

The post Ustez Sortzez Ustela. Iritzi artikulua. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.