2025-07-26 07:29

Harriduraz jaso genuen aste honetako mahai negoziatzailean helarazitako informazioa: ikasturte berrirako sortu beharreko hezitzaileen lanpostuen zerrendan ez dira adostutako 63 lanpostuak gehituko.

2024an Steilasek gehiengo sindikalarekin eta Haurreskolak Partzuergoarekin batera  sinatutako akordioak erabateko berme juridikoa du. Aldi berean, zehatza da eta honako hau adierazten du: “Haurreskolak Partzuergoko zentro batean urte bateko urtarrilean matrikula hazkundea dela-eta, ekoizpen beharrengatiko kontraturik baldin badago, eta hurrengo urteko urtarrilean berriro kontratu mota horren beharra balego, behar hori egiturazko beharra dela ulertuko da eta hurrenagoko irailerako lanpostu zerrendan gehituko eta hornituko dira.” Baina Haurreskolak Partzuergoak arazo burokratikoak aitzaki, ez du jasotakoa betetzeko asmorik eta irailean Haurreskolak  aurreko ikasturteko hezitzaile kopuru berdinarekin irekiko dira, nahiz eta datorren ikasturterako matrikulazioan igoera eman den.

Gogoratu behar dugu urte eta erdi pasa dela 2024ko akordioa sinatu genuenetik eta Hezkuntza Sailak denbora nahikoa izan duela akordioaren legezko izaera errespetatzeko eta bertan adostutako edukiak aplikatzeko. Baina, beste behin ere, utzikeriaz jokatu du, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua kolokan jarriz.

Gauzak horrela, ahalik eta azkarren konponbide bat bilatzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Hala izan ezean, beharrezkoak diren pausu guztiak emango ditugu akordioa betearazi arte eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari sinatutako akordioa osotasunean bete dezan eta lanpostuak irailerako gehitu daitezen exijituko diogu .

Honetaz gain, 2025eko otsailean Steilasek sinatu ez zuen lan akordioa kontuan hartu behar da sektoreko langileen egoera larria ulertzeko. Sektorean gehiengoa duen sindikatuak eta Hezkuntza Sailak 2024-2025 ikasturtean egindako greba arrakastatsuei bukaera eman zieten, sinatutako akordioa hutsala eta edukirik gabekoa izanik. EAEko Hezkuntzako beste kolektibo guztiek hobekuntza esanguratsuak lortu zituzten bitartean, Haurreskolak Partzuergoko langileoi borrokatzeko eskubidea eta aukera ukatu ziguten akordioaren sinatzaileek.

Steilasen argi dugu: Haurreskoletako langileek eta familiek dagokien kalitatezko zerbitzu publikoa izatea eta beharrezko aitortza jasotzea ezinbestekoa da.

STEILASen borrokan jarraituko dugu 2024an sinatutako akordioa bete dadin eta langile guztien eskubideak hobetu eta bermatu daitezen

 

The post Steilasetik Hezkuntza Sailaren arduragabekeria salatu nahi dugu 2024ko apirilean Haurreskolak Partzuergoan sinatutako akordioa ez betetzeagatik appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.