STEILASetik lanean jarraitzen dugu, maiatzaren 9an Hezkuntza Sailarekin eta gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioa bere osotasunean eta adostutako baldintzetan ezar dadin.
STEILASen ustez, sinatutako akordioa ez da amaiera, hasiera baizik. Hori dela eta, irmoki eta etengabe ari gara lanean Hezkuntza Sailak maiatzaren 9ko akordioan jasotako eduki eta neurri guztiak lehenbailehen ezar ditzan, irakasleek eta Euskal Eskola Publikoak merezi duten kalitatezko hezkuntza eraikitzen laguntzeko. Arduraz eta erantzukizunez jokatuz, gure helburua argia da: irakasleak akordioak ezarritako lan-baldintzetan aritzea eta Hezkuntza Publikoaren funtzionamendu egokia bermatzea.
Akordioak jasotzen dituen lan-zama arintzeko neurriak ezinbestekoak dira etapa guztietan. Ikastetxe bakoitzak akordioak adierazitako irizpideen araberako baliabide pertsonalak behar ditu, eta horien inguruko neurriak Lanpostu Zerrendetan (LPZ) jasota egon behar dute. Adibide moduan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 2025-26 ikasturterako 177 irakasle gehiago arituko dira lanaldi osoan, nahiz eta 77 talde murriztu diren. Hala ere, ez da akordioak ezarritakoaren araberako bezain besteko baliabide jarri.
Irakaskuntza ertainetan, aldiz, Hezkuntza Sailak orain arte ez dizkigu eskatutako datuak helarazi. STEILASetik datuak eskatzen jarraituko dugu eta puntu honen jarraipen zorrotza egingo dugu, adostutakoa betetzen dela bermatu arte.
Desburokratizazio plana, adostutako puntu garrantzitsuenetako bat izanik, ezinbestekoa da akordioak ezarritako baldintzetan Desburokratizazioa Batzordea lehenbailehen osatzea. Eguneroko jardunean administrazio-karga arintzea funtsezkoa da irakasleek beren benetako lana, ikasleen hezkuntza eta arreta, lehenetsi ahal izateko. STEILASek akordioak adierazten duen Desburokratizazio batzordea lehenbailehen osatzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari, arlo horretan sindikatuko proposamen zehatzak mahai gainean jarri ahal izateko.
Gazteberritze plana eta erretiroari dagokienez, STEILASek bere desadostasuna adierazi du Hezkuntza Sailak argitaratutako adinagatiko irakastorduak murrizteko ebazpenekin, bai edukiekin bai eskaera egiteko epeekin, eta ebazpenei gora jotzeko helegiteak jarriko dizkiogu.
Era berean, lizentzia eta baimen berrien eskubideen bermea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu; eta ordezkoek ere eskubide osoz aritu behar dute maiatzaren 9tik sinatutako akordioak ezarritako baldintzetan.
Gauzak horrela, STEILASetik lanean jarraituko dugu akordioa irakasleentzat eta hezkuntza komunitate osorentzat tresna eraginkorra bihurtzeko. Horregatik, etengabeko jarraipena egingo diogu Hezkuntza Sailari akordioaren aplikazioa adostutako baldintzetan eta osotasunean egin dezan. Hori horrela izan ezean, sindikatuak beharrezkotzat jotzen dituen mekanismoak aktibatuko ditu, betearazpena bermatzeko eta Euskal Eskola Publikoaren funtzionamendu egokia eta irakasleen eskubideak defendatzeko.
Gora Euskal Eskola Publikoa!
The post STEILAS lanean, akordioaren aplikazioa bermatzeko appeared first on Steilas.