2020-09-29 13:34

LAB, STEILAS ETA ELA SINDIKATUEK AURREZ AURREKO BENETAKO NEGOZIAZIOA ESKATZEN DIOGU HAURRESKOLAK PARTZUERGOA ETA HEZKUNTZA SAILARI

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok irailaren 22an, mahai negoziatzailea berandu baino lehen deitzea eskatu genion gerenteari eta Hezkuntza sailari.

Covid-19ren osasun-krisia hasi zenetik, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ahalegin asko egin ditugu egoera honi aurre egiteko, itzulera adostua negoziatzeko, alegia, baliabide material zein giza baliabideak eskatuz. Hala ere, Haurreskolak Partzuergoko gerentziak ez die biderik eman egindako eskaerei.

Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak egindako pandemiaren kudeaketan inprobisazioa izan da nagusi. Arlo pedagogikoa zein prebentziokoa jasotzen duen kontingentzia plana presaka eta korrika prestatu behar izan zuten, haurreskolak irailean zabaltzea erabaki bazuten ere, ekainera aurreratu baitzuten, arlo pribatuko elkarte batzuetatik egin ziren eskaerei bide emanez. Hauek guztiak langile eta familiengan ezinegona eta langileen ordezkariok horri buruz genuen iritzia eta ekarpenak kontuan hartu gabe. Matrikulazio epearekin beste horrenbeste, berandu egin zen, familiei hasiera datan ziurtasunik eman gabe, komunikabideetan inongo iragarkirik egin gabe ,….

Ikasturte berriaren hasiera zaila izango zela aurreikusita, eta Haurreskolak Partzuergoarekin ikasturte hasiera horren inguruan negoziatzeko eskaera hainbat aldiz egin eta gero, uztaila hasieran eta amaieran sindikatuekin esertzera behartu genuen enpresa.

Bilera horietan, adostasunetara ez ginen iritsi, Haurreskolak Partzuergoko gerentziak argi adierazi zigulako iraileko agertokia “normaltasunaren” agertokia izango zela, eta horren baitan pertsonalean edo materialean inbertsio gehigarririk ez zela egongo.

Ikasturtea hasi eta iragarri bezala, Hezkuntza sailak ez du baliabide gehigarri bakar bat ere jarri: ez kontingentzia-plana erantzuteko baliabide pertsonalik, ez haurreskola bakoitzaren egoera ekonomiko latzari erantzuteko baliabide ekonomiko gehigarririk;. Hezitzaile asko egunero desplazatzen ari dira haurreskola batetik bestera inolako irizpiderik gabe, kontratazio berria blokeatuta dagoelako, osasun irizpideak kontuan hartu gabe eta pedagogikoki beti defenditu dugun ikasturteko oinarria den haurren egokitzapen aldia kolokan jarriz, matrikulazio gutxiago daukagula aitzakia hartua.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoari, lan baldintza seguruak eta kalitateko zerbitzua bermatzeko, haurreskolaz haurreskola eta Eibarreko egoitzan dauden beharren azterketa egitea eta horri aurre egiteko behar bezalako langile eta baliabideen hornikuntza egitea eskatu genizkion:

  • Kontingentzia Planak behar bezala bete ahal izateko lan baldintza egokiak: behar besteko prestakuntza, Covid arduradunak haurrik gabeko denbora izatea, talde txikiak eta talde itxia bermatzeko hezitzaileen kontratazio berriak.

  • Irizpide Pedagogikoak kontuan hartuko dituen behar bezalako Hezkuntza Zerbitzua eskaintzea. Egun batetik bestera antolakuntza aldaketak egitera behartu gabe hezitzaile faltagatik.

  • EPIak eta haurreskoletako funtzionamendurako beharrezkoa den aparteko hornikuntza ekonomikoa egitea.

  • Hezitzaileen egonkortasuna bermatzea.

  • Kontingentzia Planetik eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoarekin, 2. agertokitik ezarrita dagoen aforoaren muga kentzea.

  • Hezkuntza Saileko ordezkaria Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzaile guztietara etortzea.

Gure harridurarako, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailearen deialdia jaso dugu urriaren 1erako, modu telematikoan egiteko asmoarekin eta honako gai orden honekin, 2020ko hezitzaileen lanpostuen zerrenda eta baremazio deialdia.

Bildarratz Hezkuntza Sailburuaren sindikatuekin hitz egiteko asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide aurreikuspen eta bermeak nahi ditugu. Horrez gain, espero dugu Haur hezkuntzako lehenengo zikloak (0-3) hezkuntza-sistema osoan duen garrantzia ulertzeko gai izatea eta behingoz, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzeko urratsak emateko gai izatea.

Gauzak horrela, goian sinatzen dugun sindikatuok, aurreko puntuak jasoko dituen gai ordena aurrez aurreko mahai negoziatzailea deitzea eskatzen diogu Hezkuntza saila eta Haurreskolak Partzuergoari.

Euskal Herrian, 2020ko irailaren 30ean.

The post STEILAS, LAB ETA ELA SINDIKATUEK AURREZ AURREKO BENETAKO NEGOZIAZIOA ESKATZEN DIOGU HAURRESKOLAK PARTZUERGOA ETA HEZKUNTZA SAILARI appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.