2021-10-08 08:27

Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordera bidali dugun azken gutunaren
berri eman nahi dizugu. Gaur egungo egoera sostengaezina dela uste dugu:

Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kide agurgarriok,
Haurreskolak Partzuergo publikoa 2003an eratu zen. Harrezkero, eredu gerentzial baten bitartez
kudeatu da. Bere sorreratik 2020ko urtarrilera arte Maite Larrañagak bete zuen gerente postua eta,
bera ordezkatzeko, Zorione Etxezarraga izendatu zenuten kargurako.

STEILAS sindikatua eredu gerentzial horrekin oso kritikoa izan da beti: Haurreskolak Partzuergoa
Hezkuntza Sailean integratzea eta horrek kudeaketa zuzena bere gain hartzea dira gure aldarrikapen
nagusienak. Horiek gauzatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatu izan dizuegu urteetan zehar behin
eta berriro, baita Hezkuntza Sailari ere.

Izan ere, urteen joan etorriak argi utzi digu Haurreskolak Partzuergoaren kudeaketa ezin dela eredu
gerentzial batean oinarritu. Kudeaketa eredu horren ondorioz, gutxi batzuen esku gelditu dira hainbat
eta hainbat erabaki urte guzti horietan, are gehiago pandemiak jo gaituenetik. Erabaki horiek, askotan,
Zorione Etxezarragak kargua bere gain hartu zuenetik batez ere, guztiz arbitrarioak izan dira.

Gauzak horrela, idatzi honen bitartez salatu nahi dugu 2018ko akordioa sinatu zenutenetik Haurreskolak
Partzuergoari bizkarra eman diozuela zuzen zuzenean, bai Maite Larrañagaren azken urteetan, bai eta
Zorione Etxezarragaren izendapenarekin ere. Ondorioz, egoera okertu besterik ez da egin: pasa den
ikasturtean zehar bizitakoak eta aurtengoak momentuz erakutsitakoak soberan erakusten digute hori
horrela dela.

Hortaz, Haurreskolak Partzuergoko eredu gerentzialarekin bukatzeko neurriak hartzeko garaia da:
Hezkuntza sare publikoan %100ean integratzeko, Haur Hezkuntzako lehen ziklo publikoa osotasunean
eratzeko (0-3), eskola mapan txertatzeko eta ziklo horren doakotasuna bermatzeko, langileon
eskubideak gehiago ez urratzeko, Haurreskolak Partzuergoaren helburu soziala behingoz gauzatzeko,
jatorrizko desorekak berdintzen laguntzeko eta jatorrizko desoreka horiek mantendu eta areagotzen
dituzten titulartasun pribatuko haur eskolek jasotzen dituzten diru-laguntza publikoekin amaitzeko.
Bukatzeko, STEILAS sindikatuak Euskal Hezkuntza Publiko integralaren bila beharrezko aurrerapausoak
ematea nahitaezkoa dela azpimarratu nahi dizue eta, bide horretan, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloari
(0-3) merezi duen aitortza politikoa ematen hastea.

Gure eskaria kontutan izango duzuelakoan, jaso agur bat.

STEILAS

Ezin dugu Hezkuntza Sailaren utzikeria gehiago onartu.

The post STEILABERRI 1: Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari bidalitako mezua. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.