2020-05-13 19:44

GAUR EAE-KO HEZKUNTZA SAILAK SINDIKATUOKIN BURUTUTAKO SEGURTASUN ETA OSASUN BATZORDEAN AGERIAN GERATU DA HEZKUNTZA SAILAREN INPROBISAZIOA ETA ARDURAGABEKERIA

Sindikatuok ikastetxeetako zuzendari eta patronalei eta osasuna bermatuko duten neurriak eta baldintzak adostuak izaten ez diren bitartean itzulera presentziala abian ez jartzeko eskatzen diegu

Maiatzaren 18a bueltan dugun honetan, gaurko bilera ere protokolo hutsa baino ez da izan. Horrenbeste aldiz aldarrikatu dugun negoziaziorik ez egoteaz gainera, informazio berririk zehazten duen dokumenturik ere ez da aurkeztu.
Jaurlaritzaren plan falta begi bistakoa da eta ikastetxeetara itzultzeko erabakia ikastetxe bakoitzaren eskuetan utzi duen honetan langile, ikasle zein hezkuntza komunitatearen osasun eta segurtasunaren bermeak kolokan jarraitzen dute.

Oraindik ere, gehiago dira galderak erantzunak baino eta onartezina deritzogu astelehenera begirako aurreikuspenaren inguruan galdetuta inolako erantzunik ez izatea.
Jaurlaritzaren segurtasun plana ostiral honetarako maskarila, hidrogel eta termometroak zentro publiko guztietara helduko direla ziurtatzera mugatzen da. Ondo eta ozen adieraziko dute medioetan, baina gaur gaurkoz ez dago prebentzio plan eta itzulera negoziaturik. Antolaketa eta aurreikuspenik ez eta oro har administrazio publikoko hezkuntza sistema osoko azpisektoreen planen inguruko berririk ere ez.

Guztiok beharrezko ikusten dugu klase presentzialetara itzultzea, baina ez edozein baldintzetan eta edozein kosturekin. Ugariak izan dira jadanik Astelehenean ikasketa presentzialekin hasiko ez direla adierazi duten ikastetxeetako zuzendaritzak, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailak ulertarazi nahi duenaren kontran, osasuna ez dagoelako bermatuta.

Horregatik, egoera larri honetan, berriro ere Hezkuntza sailari eskatzen diogu asteleheneko irekiera aukera baztertu dezala eta sindikatu eta gainerako eragileekin, bakoitzari dagokion esparruan, hezkuntza komunitate osoaren osasuna bermatuko duen aurrera begirako plana negoziatu eta adostu dezala. Aldi berean itunpeko hezkuntzako patronalei eta zuzendaritzei ere ildo beretik deia egiten diegu ez ditzaten ikastetxeak ireki berme guztiak negoziatuak izan arte eta modu honetan guztion osasuna babestu arte.

Euskal Herrian 2020ko maiatzak 13an

 

The post Segurtasun eta osasun batzordearen irakurketa: Sindikatuok ikastetxeetako zuzendari eta patronalei eta osasuna bermatuko duten neurriak eta baldintzak adostuak izaten ez diren bitartean itzulera presentziala abian ez jartzeko eskatzen diegu. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.