Hezkuntza Sailak eskola segregazioaren aurrean lan kolektiboa indartzea eta hezkuntza-sistema inklusiboago, bidezkoago eta kalitatezkoa egitea xede duen batzorde bat eratu du oraingoan.
STEILAS sindikatuak ez du gonbidapenik jaso Hezkuntza publikoan langileen artean bozkatuena den sindikatua izan arren. Jakin badakite beraien Hezkuntza politikak ez ditugula ontzat ematen, eta enegarren itxurazalekeria ariketaren aurrean salatzea beste biderik ez digute utzi.
STEILAS sindikatua aitzindaria da hezkuntza sisteman ematen den segregazioaren arazoa salatzen. Eta arazoa hain handia izanik, Hezkuntza Sail desberdinak gaia konpondu nahian dabiltza, baina oinarri dituzten politikak kontrako norabidean doaz; horren adibide garbia da orain gutxi ezarritako Hezkuntza Legea.
Egindako azterketa soziologikoetatik ondorioztatu dugu Euskal Autonomia Erkidegoak eskola-segregazioaren indizerik altuenetakoa duela. Eta frogatuta geratu da segregazioa eta eskola pribatu-itundua oso lotuta daudela. Argi geratu da beraz, eskola-segregazioak eskubideak eta aukerak urratzen dituela. Ondorioz, esan dezakegu gure eskola-sistema ez dela oinarritzen aukera berdintasunaren printzipioan.
Hezkuntza sisteman sare pribatuak sortu duen lehiakortasunak irizpide pedagogikoak, kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapaldu ditu. Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko?
STEILASen ustez, premiazkoa da etorkizunean Hezkuntza lege horiek benetako publifikaziorantz joatea, aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzea, eskola segregazioa errotik geldiaraztea eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzea.
The post Segregazioari aurre egiteko publifikazioa appeared first on Steilas.