2021-09-16 19:28

Gaur goizean, EHUko gerentziak ebazpen zirriborro bat aurkeztu digu sindikatuoi, aparteko lanaldi-neurriak indarrik gabe uzteko eta irailaren 27tik pandemiaren aurreko lanaldira itzultzeko.

Egungo egoera kontuan hartuta, pandemia oraindik gure artean baitago, sindikatu guztiok eskatu dugu salbuespenezko neurriak 2022ko urtarrilera arte luzatzea eta hilabete hauetan salbuespenezko aldian telelanaren funtzionamendua ebaluatzea. Gerentziaren erantzuna ezezkoa izan da, eta 2022ko lanaldiari buruzko zirkularrean kontziliazio eta telelana neurriak negoziatuko direla jakinarazi digu, nahiz eta pandemian hartutako salbuespenezko neurrien ildoan sakontzeko asmorik ez dagoen.

STEILASetik adierazi dugu beharrezkoa dela salbuespenezko aldi honetan zehar aurrez aurre lan egin behar izan duten funtsezko langile guztiak aintzatestea. Halaber, adierazi dugu ez dela alferrik galdu behar telelanaren azken hilabeteetako esperientzia, eta lanaldiak hobetzeko baliatu behar dela. Ildo horretan, STEILASek inkesta bat egin zuen langileen artean joan den ekainean, telelanari buruzko iritzia jasotzeko. Inkestak erantzun masiboa jaso zuen langileen aldetik, eta laster argitaratuko ditugu datuak, nahiz eta gaurko bileran aurreratu dugun balorazioa oso positiboa dela.

Sentitzen dugu telelanaren normalizazioan emandako atzerapauso hori, eta lanaldiak hobetzeko tresna gisa aldarrikatzen jarraituko dugu.

The post Salbuespenezko lanaldi-neurriak bertan behera EHUn appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.