Hezkuntza komunitateari, urriaren 25ean mobilizatzeko deia luzatzen diogu, Palestinar herriarekiko elkartasuna adierazi, Israeleko Estatu sionistak eraildako milaka haurrak gogoratu eta genozidioa eta okupazioa salatzeko. Gure Haurrak Ere Badira ekimenaren hitzak:
Eguerdi on eta mila esker bertaratu zareten guztioi. Eskerrik asko ere, hemen gurekin zaudeten eta urriaren 25eko mobilizaziorako atxikimendua eman diguzuen guztioi: BDZ EH, Gernika-Palestina, Yala Nafarroa, Sanitarioak Palestinarekin, Ongi etorri errefuxiatuak, Gazarako mugimendu globala EH, Steilas, LAB, CCOO,ELA, UGT, Emakumeak gerraren aurka, Donostia Palestina, Bilbo Palestina, Erripagaña Palestina, Santurtzi Palestinarekin, Musikariak Palestinarekin, EHIGE, BIGE, Euskal eskola publikoaz harro, Ikastolen elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Seaska, 31016 Palestinarekin, Palestinarekin Elkartasuna, NASAF, Psicología sin fronteras, Dindaia, Aita Mari, O-3 Plataforma, Sakana Harrera Harana, Guggenheim Urdaibai Stop, Gasteiz Anitza, Kurkuluxetan, Ratioak jeitsi 0-18 plataforma, Hiritarron harrera sarea, Egiari Zor, Irakasleok Palestinarekin ,Amagintza, SOS arrazakeria, Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Nafarroako torturatuen sarea.
Sionismoak 77 urte daramatza palestinarren lurrak okupatzen. Garbiketa etnikoa etengabekoa izan da Nakba gauzatu zenetik eta azken 2 urteetan egoerak nabarmen okerrera egin du. Herri palestinarra kolonizazio eta genozidio baten biktima da; datuek hildakoak 65.000tik gora direla adierazten badute ere, argi dugu errealitatea are krudelagoa dela.
Save the Children GKEak baieztatu du 20.000tik gora direla hildakoak, 42.000 haur zauritu dituztela eta 132.000 haur txiki hiltzeko arriskuan daudela. Nahiz eta Hill eta Polya doktoreen ikerketak datu hauek txiki utzi dituzten. Horrez gain, OCHAk ohartarazi du Gazako 5 urtetik beherako haur guztiak (320.000 haur inguru) desnutrizioa pairatzeko arriskuan daudela, eta dagoeneko 367 pertsona hil direla desnutrizioarekin lotuta, horietatik 131 haur. Hezkuntzari dagokionez, 658.000 haur baino gehiago eskubide horretatik kanpo geratuko dira hirugarren ikasturte jarraian, eta ikastetxeen %76,6 zuzenean erasotuak izan dira. Gure Haurrak sufritzen ari diren zauri fisiko eta emozional hauek gainera, bizi osoan eramango dituzte, eta min hau gurea sentitzen dugu.
Zifra hauek egunero handitzen doaz, helburu argi batekin sionisten aldetik: palestinar guztiak euren lurraldetik kanporatu edo hauekin amaitzea, bai Gazan eta baita Zisjordanian ere. Egoera honen aurrean, euskal gizarteak ezin du geldirik geratu ezta konplize izan ere.
Bestetik, ezin dugu alde batera utzi, adingabekoak atxilotzea eta torturapean egotea. Urtero 500 eta 700 palestinar adingabe bitartean atxilotzen ditu Israelek eta tribunal militarrek
epaitzen dituzte (Defence for Children International). Guztion ardura da hau salatzea eta geldiarazten saiatzea.Gure Haurrak Ere Badira ekimenetik herri palestinarraren aldeko elkartasunerako deia luzatu nahi dugu. Euskal erakundeei genozidioa berehala amaitzeko neurriak hartzeko eskatu nahi diegu eta Israelgo Estatu sionistarekin harreman oro etetea; politiko, diplomatiko, ekonomiko, kultural…
Eskakizun guzti hauek Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu genituen, baina tamalez ez gaituzte aintzat hartu eta ez da aldaketarik egon. Bide beretik, hurrengo hilabeteetan, Nafarroako Legebiltzarrera gure eskakizunak eramango ditugu.
Guzti honengatik, datorren urriaren 25ean hezkuntza-komunitateari eta euskal gizarte osoari antolatu dugun mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Hainbat ekintza burutuko ditugu, eta horien ardatz nagusia Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa izango da (17:30). Bilboko kaleak zapataz bete nahi ditugu, Israeleko Estatu sionistak eraildako milaka haurrak gogoratu eta genozidioa eta okupazioa salatzeko. Bertaratzen diren guztiei zapatak ekartzeko eskatzen diegu eta udaletxeraino erametea omenaldi eta salaketa gisa (bertan egingo baitugu argazkia).
Esan dizuegun moduan, manifestazioaz gain, hainbat ekintza izango ditugu:
● Eguerdiko 12etan Bilboko Alde Zaharreko Zirika Gunean (erronda kalean) Palestinaren historiaren inguruko hitzaldia izango da. Borondatea jasoko dugu dirua Palestinara bidaltzeko.
● Eguerdiko 12etan Askatasun Doinua Ipuin-kontaketa ere izango da Bilboko alde zaharrean (lekua zehazteko). Kontaketa ostean, liburuen salmenta izango da eta bildutako diru guztia Palestinara bideratuko da.
● Prentsaurrekoa ere, duela astebete salmentan jarri genuen Maitane Azurmendi artistak diseinatutako gure kamiseta aurkezteko baliatu nahi dugu. Manifestazio amaieran 15 eurotan erosteko aukera izango da (12 euro umeenak), eta bildutakoa ere Palestinara bideratuko dugu. Kamiseta online eta sindikatuen egoitzetan erosteko aukera ere izango da.
● Manifestazio amaieran, pailazoak, musika eta beste ikuskizun batzuk egongo dira udaletxean.Duela aste batzuk sindikatuekin batera, Palestinaren alde ostegunetan ikastetxeetan mobilizazioak egiteko deia egin genuela gogorarazi nahi dugu. Dei honekin batera, ostegunero gure kamiseta solidarioa eramateko gonbita ere luzatu nahi dugu. Hurrengo webgunean erosi dezakezue: https://shop.serigrafia.eus/gurehaurrak/eu/?fbclid=PAZXh0bgNhZW0CMTEAAacFeX4e504r77Lqe4nVgVXzQPl06ihrjpW123ohuS3TxQAfRzP58SiwLJ-MRA_aem_FtEBbVKeoBvpWU3tUagDew
Telebistan emandako 2 urtetako genozidioa… Minez betetako 2 urte, non ezin duzun gehiago begiratu mingarriegia baita… Min hau gure bihotzetan sartzen da: gure haurrei gertatzen ari zaiena ikustean, gure gorputzak urrundik ere min hartzen dutela sentitzen dugulako, eta gizateriaren porrot ikaragarria dela ohartzen garelako.
Tristura, amorrua eta inpotentzia nahasten zaizkigu, baina sentipen horiek ezin dira isilarazi. Horregatik aterako gara kalera urriaren 25ean, gure oihuak haien oihuak direlako.
Ez direlako urruneko haurrak: gure haurrak ere badira.EUSKAL HERRIA PALESTINAREKIN!
GORA HERRIEN ARTEKO ELKARTASUNA ETA GORA PALESTINA!
GURE HAURRAK ERE BADIRA!
The post Palestinarekiko elkartasuna adierazteko, manifestazioa antolatu du Gure Haurrak Ere Badirak: urriaren 25ean Bilbon appeared first on Steilas.