2025-11-26 12:45

Azken urteotan zoko guztietara iritsi da Black Friday, kontsumismoa sustatzeko kanpaina. Dendetan eta plataforma digitaletan eskaintza bereziak ageri dira, nonahi eta nolanahi. Merkeago saltzen dira ustezko kalitatezko produktuak, ezin utzizko aukerak bailiran. Hala ere, erosi ondoren ederki damutzen zaigu maiz, produktuek ez dituztelako betetzen gure nahiak eta itxaropenak. Damua areagotzen da aintzat hartzen direnean erosketek dituzten ondorio kaltegarriak ingurumenean eta langileen lan baldintzetan.

Berdintsu gertatu da PAIrekin. Barcinaren garaian PAI saldu zuten pagotxa gisa: arlo batzuk ingelesez irakatsi eta, horrela, ikasleak errazago jabetuko ziren atzerriko hizkuntzaz, eta ez zuten sumatuko inongo galerarik alor horietako edukietan. Urteak pasa ahala, oso nabarmen gelditu da eskaintza distiratsua gezurra zela, eta agindutako espektatibak ez direla bete. Azken finean, iruzurra besterik ez.
Nafarroa Garaiko ikastetxe publiko askotan PAI ezartzearen aurkako erresistentziak egon ziren hasieratik, baina indarrez inposatu zieten, sarri klaustroaren iritziaren aurka. Ondorio kaltegarriak berehala hasi ziren nozitzen eta, horregatik, ikastetxe batzuek erabaki dute PAItik ateratzea. 2021ean Castejonek erdietsi zuen, erruz borrokatuta; 2023an Cascantek, eta 2025ean Elizondok eta Garesek. PAItik ateratzeko aurtengo deialdia abian da, eta zenbait ikastetxe ari dira irteera prestatzen.

STEILASek PAItik ateratzeko gidaliburua argitaratu zuen 2021ean eta baditu bestelako material osagarriak prozesuan laguntzeko. Ateratzeko epea abenduaren 14an bukatuko da. Hortaz, horren inguruko argibide gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan sindikatuarekin.

Hainbat arrazoi daude PAItik ateratzeko. Adibidez, ingelesez irakatsitako arloak kaltetzen dira: edukien maila jaisten da eta ikasleen ulermena zailtzen. Oro har, ingeleseko maila ez da handitu. Hezkuntza Departamentuaren datuek ez dute inongo hobekuntza orokorrik erakusten. Bereziki kaltegarria da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat. Arazoak areagotzen dira gaur egun indarrean dagoen inklusio ereduarekin.

Ingelesaren ikaskuntza ez da demokratizatu. Ausarki biderkatu da ingelesa irakasten duten akademien eta ingelesezko errepaso klaseen kopurua. Klase ezberdintasunak sakondu dira, aukerak berdindu beharrean. Gainera, ikastetxe barreneko segregazioa sortu da, batez ere Bigarren Hezkuntzan. Gela jakin batzuetan biltzen dira arazoak dituzten ikasleak.

PAIren Legearekin lanpostuen kudeaketa zaildu da, eta egoera are gehiago korapilatu da PAIren foru aginduetan izandako aldaketekin. Aurreko guztia gutxi balitz, euskarazko murgiltze eredua okertu da: euskararen ikaskuntza ahuldu da, eta horren ondorioz gainontzeko hizkuntzena eta arlo guztiena. Horregatik guztiagatik, PAItik ateratzea da hoberena. Oraintxe dugu aukera.

The post PAI: Urrutiko intxaurrak hamalau, bertaratu eta lau appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.