2025-10-22 09:09

Nafarroako Hezkuntzako gehiengo sindikalak -STEILAS, LAB, CCOO, ELA- azaroaren 3, 4 eta 5erako Lanbide Heziketan deitu dugun greba ofizialki erregistratzen dugu.

Lanbide Heziketako Lege berria modu inprobisatu batean eta baliabiderik gabe ezartzearen ondorio zuzena da kidegoak gaur egun bizi duen egoera larria, eta hau salatzeko greba deia egiteko asmoa publiko egin genuen iragan 1ean.

Irailaren 12an Mahai Sektorial bat eskatu genuen Hezkuntza Departamentuarekin Lanbide Heziketako gaia jorratzeko, baina greba deialdia egin ondoren soilik deitu ziguten negoziazio mahaira. Hala baina, egoera larri honi konponbide bat bilatzeko asmoa adierazi ordez, Hezkuntza Departamentuak mahai hau erabili du emandako baliabideak nahikoa direla esateko eta irakasleen eskakizunei jaramonik ez egiteko.

Lanbide Heziketako narriadura okertu baino ez du egiten blokeo instituzional honek, ondorio hauek eraginez: gainzama, oinarrizko funtziotarako nahikoa irakastordu ez izatea, gehiegizko ratioak,Itunean kontuan hartzen ez diren errepikatzaileen utzikeria administratiboa, planifikazio eza eta inprobisazioak eragindako LH Dual zitala eta egungo ikastetxeei zintzoki erantzungo dien arau-esparru eza. Ageriko murrizketa honi Gimeno Kontseilariak eta Sevillano Zuzendariak BERRANTOLATZE edo PARADIGMA ALDAKETA deitzen diote. (edo GIMENO kontseilariaren hitzetan “una diferente forma de organizar los centros en una integración formativo práctica y en una evolución normativo organizativa“)

Departamentuaren itsukeria eta murrizketa hauen aurrean, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko guztietan, azaroaren 3, 4 eta 5erako greba deialdia berresten dugu, irakasleen erantzun kolektibo eta antolatu baten adierazpen gisa uler dadin. Bide batez, greba batzordea ahal bezain laster iragar dadila exijitzen dugu.

Hezkuntza Departamentuari bere jarrera zuzen dezan eskatzen diogu, Lanbide Heziketa behar dituen baliabidez horni dezala eta irakasleak ordezkatzen dituen gehiengo sindikalarekin negozia dezala.

Horrela ez bada, gatazka hau ez da azaroan bukatuko. Oso litekeena da LHn greba eta mobilizazio gehiago deitzea eta ekimen hauek beste hezkuntza etapetara hedatzea.

The post Nafarroako Lanbide Heziketako greba deialdia erregistratu dugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.