2025-09-11 07:23

Nafarroako Arartekoak D-PAIn seme-alabak eskolatuta dituzten familiei aitortu die D eredu hutsean ikasteko eskubidea. Baina Gimenok jaramonik egin ez eta aldebakarrez eutsiko dio PAIren inposizioari, familien, euskalgintzaren, gehiengo sindikalaren eta Gobernua sostengatzen duten alderdien kontrakotasunarekin.

PSN, gai honetan, erabat lerrokatu da UPN, PP eta VOX alderdiekin. Gobernu “aurrerakoi” baten kontseilaria izan beharrean, Barcinaren gobernuko kidea dirudi eta UPNk euskarari jarritako oztopoak areagotzen ari da.

Familia ugarik, herri edo auzo jakin batzuetan bizitzeagatik, izugarrizko diskriminazioa pairatzen dute. Eskola maparen arabera dagokien ikastetxean, haiek batere aukeratu gabe, PAI programa inposatzen zaie, eta gainera, orain, zigor hori handitu egingo da zientziak derrigor ingelesez egitera behartu dituztelako. D eredua euskarazko murgiltze eredua dela aintzat hartu gabe.

Arartekoaren gomendioa betetzea erraza da, ingelesez eman behar duten irakasleek euskaraz badakitelako. Baina Departamentuaren hautua D eredu hutsean ikasteko eskubidea ukatzea da. Euskararen aurkako jarrera hori oso nabarmena izan da Corellan hartu duten erabakiarekin ere, 11 familien seme-alabei debekatu baitzaie D ereduan eskolatzea.

Badirudi, Gobernua sostengatzen duten alderdien artean PSNren politika euskarafobikoen aurkako iritziak indartzen ari direla. Horregatik elkartu gara gaur hemen, lehen osoko bilkura hastear delako, Gobernuan berehalako norabide aldaketa bat eskatzen dugulako eta garaiz gabiltzalako murrizketa euskarafobiko horiek zuzentzeko.

The post Mobilizazioak egin ditugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean: euskaraz ikasi nahi dugu, PAI pikutara! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.