2025-06-27 11:38

BPGren % 6 behingoz!

Une honetan, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren kudeaketaz hitz egitea gaizki idatzitako tragikomedia baten inguruan aritzea bezala da: gidoirik gabe, antzezle galduekin eta dena hankaz gora jartzen duen zuzendaritzarekin. Buru, Carlos Gimeno, PSN-PSOEko kontseilaria, zeinen talentu politikoak benetako balentria lortu duen: hezkuntza komunitate osoa ados jartzea… bere kontra.

Bai, zaila da lortzea, baina Gimenok egin du. Ikastetxeetako zuzendariak, gehiengo sindikala, irakasleak, hezitzaileak, bestelako langileak, familiak, gobernukideak eta oposizioa… Denak bat datoz: elkarrizketa eta negoziazio eza, plangintza falta, etengabeko inprobisazioa, inposizioa eta gure hezkuntza sistemaren egiturazko arazoei benetako erantzunak emateko ezintasun kezkagarria.

Ikasturte bakoitza baliabiderik eta jarraibiderik gabeko abentura bihurtzea da, zalantzarik gabe, Departamentuaren “metodologia aktibo” berria. Edo ez hain berria. Gure ikastetxeek irakasleen konpromisoari esker funtzionatzen jarraitzen dute, ez Departamentu honen politikei esker. Ikasgela masifikatuak, iristen ez diren baliabideak, bete gabeko promesak eta oinarririk gabeko esperimentuak dira Gimenoren politikaren ondorioak. Gaizki gobernatzea ere gobernatzeko modu bat baita Chiviteren PSNrentzat.

Santos Cerdán, PSOEko antolakuntza idazkariaren dimisioak eta, ondoren, Alzorriz PSNko idazkariorde nagusiarenak, Gimeno kontseilariaren balizko martxaren zurrumurruak berpiztu ditu. Denborak esango du, baina badakigu Nafarroak aire freskoa behar duela Hezkuntzan. Presazkoa da. Gobernukideek PSNren ahulezia baliatu behar dute orain arteko politikak aldatzeko. Aitzakien garaia bukatu da.

Dirurik ez dagoela entzuten ohitu gara. Eta barneratu egin dugu. Baina errealitateak dio 40.000 milioikoa dela espainiar estatuko ustelkeriaren gainkostua urtean, zerbitzu pulikoei bete-betean eragiten diena. NATOko buru Mark Rutteren azken adierazpenetan europar estatuen gastu militarra % 5era igo behar dela dio. Aldiz, UNESCOk Hezkuntzako gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 6koa izatea eskatzen du. Nafarroako Gobernuak bere akordio programatikoan % 5eko inbertsioa du helburu, baina oso urrun gaude kopuru horietatik.

Hau guztia kontuan hartuta, STEILASek exijitzen du Carlos Gimeno kargugabetzea eta hurrengo aurrekontuetan Hezkuntza Publikoan inbertitzea BPGren % 6.

The post Militarizaziorik ez, ustelkeriarik ez: inbertsio gehiago eskola publikoan appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.