Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak eztabaidatzen ari diren aste hauetan ezinbestekoa da berriro ere unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa agerian jartzea. Izan ere, 2026rako EHUra bideratutako finantzaketa zertxobait igotzea aurreikusten bada ere, EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Atzo, EHUko Klaustroaren aurretik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatu genuen. Ondoren, helburu berberarekin EHUko komunitatea osatzen duten kolektibo ezberdinetako kideek aurkeztutako adierazpena onartu zuen Klaustroak. Bertan, finantzaketa urriagatik EHUk esparru askotan dituen arazoak deskribatzen dira, eta, gabezia horiei erantzuna eman eta unibertsitate publikoak euskal jendarteari eskaini behar dion zerbitzu publikoa ahalik eta modu eraginkorrenean garatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzari EHUrekiko finantzaketa nabarmen handitzea eskatzen zaio.
Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira, eta kolektibo honek gainera, azken urteetan galera nabarmena jasan du erosahalmenean; 2008tik hona KPIa %46,6 igo den arren, irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute ordudanik, eta horri, 2006an sortutako osagarriak gaur egun oraindik izoztuta mantentzen direla gehitu behar zaio.
Gainera, prekarietate egoera lazgarriak ditugu oraindik. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400-800€ kobratzen jarraitzeaz gain, ez zaizkie aitortzen beraien jardunerako ezinbestekoak diren eta egiten dituzten hainbat lan. Horrek guztiak ez du lanbide hau interesgarria egiten, eta, gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik; horrek epe ertainean sail batzuetan irakasle nahikoa ez egotea ekarri dezake. Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenaren kasuan berriz, %18,2 galera jasan du azken 15 urteetan. Gainera, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun gehiago dago ordezkapenak betetzeko – gogoratu, IRI/TEKAZEL ratioa Europako beste herrialdeetan 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa dela – eta horri guztiari, ordainsari-maila baxueneko lanpostuak berrikustea premiazko kontua dela gehitu behar zaio. TEKAZELen lana irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko ezinbestekoa da, eta horrexegatik da garrantzitsua kolektibo honi ere soldata- eta lan-baldintza duinak bermatzea.
Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko, lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea edota langileak zaintzea ezinbestekoak dira.
Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezkoa den finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzazioa kemenez defendatzea.
Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen dirua gutxiegi da oraindik, eta, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak markatzen duenetik urruti dago. Gainera, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak egindako adierazpen batzuen arabera ez dago legeak esaten duen horretara gerturatzeko asmorik. Europako hainbat estatuetan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren %1a gainditzen duen bitartean, ardura hori dutenak kontzienteki ari dira gurean oraina eta etorkizuna kolokan jartzen.
Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. Izan ere, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa izatearen erantzule zuzenak dira instituzioak; EHUri ez bezala, azken hauei – zuzenean edota ez zuzenean – finantzatzeko erraztasun guztiak ematen baitizkiete.
Horregatik guztiagatik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok beste urrats bat emango dugu. Hala, alderdi politiko guztiei, euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatu eta beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzeko mobilizazioak deituko ditugu. Eskaera hau, EHU indartzeko edo ahultzeko abagunea duen Eusko Jaurlaritzari eta bereziki Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari egiten diogu. Horretarako, abenduaren lehenengo astean, campus guztietan ordubeteko lanuzte eta kontzentrazioak egingo ditugula iragarri nahi dugu. Abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. EHUko kideok badugu eskaera hau ozen adierazteko garaia!
Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!
The post Lanuzteak EHUn: Eusko Jaurlaritza, bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoan! appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.