2024-05-07 13:58

Sindikatuak aste honetan bildu gara eta akordioa sinatutako terminoetan betearazteko mekanismoak aktibatzeko prest agertu gara.

Greba amaierako akordioa sinatu genuenetik hiru hilabete igaro dira. Akordioaren betearazpenari hasiera emateko eta bertan jasotako edukiak hitzarmenean txertatzeko asmoz bilera egutegi bat adostu genuen patronalekin. Bi bilera bertan behera utzi ditu Kristau Eskola patronalak. Beste lau bileretan sinatutakoa betetzeko oztopoak jartzen ari dira. Sindikatuok gure proposamenak esandako epeetan bidaltzen ditugun bitartean, patronalak bereak berandu eta adostutako terminoetatik aldenduz egiten ditu.

Azken mahaiko bilera pasa den apirilaren 26an izan genuen. Hurrengoa maiatzaren 8an izango dugu. Badirudi sinatuta dagoena aldatu nahi dutela. Horrela, besteak beste:

• Soldata taulak behin behineko moduan aurkeztu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpe;
• 2024ko soldata eguneratua ordaintzen hasteko data jakinik ez dute planteatu

• Hitzarmenerako proposatutako erredakzioan (oraindik artikulatu osoa ere ez dute berrikusi nahi izan) irakasleentzako eskola orduen murrizketa jaso gabe jarraitzen dute.
• Birkokapen prozesuan kalte-ordainak eta antzinatasuna aitortzeko araubide berria alde batera utzi dute; are gehiago, birkokapen prozesuaren aplikazioa bera ere kolokan jarri dute, erretiro
partzialean gerta litezkeen legezko aldaketak aitzakiatzat hartuz.

Egoera honen aurrean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza daukagun sindikatuok bildu gara. Maiatzaren 8ko bileran patronalek akordioa lehenbailehen betetzeko oztopoak jartzen jarraituz gero, sindikatuok akordioa betearazteko gure esku dauden mekanismo juridiko zein sindikal guztiak aktibatzea beste biderik ez dugu izango. Izan ere akordioa sinatuta dago, grebalariok akordioa sinatu eta hurrengo egunetik gure zatia betetzen ari gara eta patronalek zein eskolek beraiena bete beste biderik ez dute.

Ondorengo egunetan emango dizuegu gertatzen denaren eta jarraituko ditugun pausoen berri.

The post Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek eta eskolek Greba amaierako akordioa bete beste biderik ez dute appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.