Aurreko ikasturtean EAEko hezkuntza publikoko irakasleok grebei emandako babes zabalari esker, lan-akordio berria sinatu genuen. Hainbat lan-baldintzetan hobekuntza esanguratsuak lortu genituen: lan-zama arintzea, soldata igotzea, gazte-berritze plana ezartzea, baliabide gehiago, ordezkoentzako hobekuntzak, lizentzia eta baimenak hobetzea eta abar.
Beraz, Steilasetik balioan jarri nahi dugu udaberrian lortu zen akordioa. Hala ere, Hezkuntza Sailak ez ditu oraindik ere eduki guztiak behar bezala aplikatu eta Steilasetik lan-baldintza berri guztiak lehenbailehen eta adostutako baldintzetan aplikatzeko lanean jarraitzen dugu. Ikasturte hasiera honetan, akordioa ezartzeko prozesuan, honakoak dira guretzat bloke nagusiak:
Bigarren hezkuntza eta Lanbide Heziketan 17 irakastorduak eta 2 zaintzak kasu guztietan aplikatu beharrekoak dira. Lehen Hezkuntzan, aldiz, Hezkuntza Sailak ez du aurten murriztu beharreko irakastorduaren murrizketatik eratorritako irakasle kreditua osorik ezarri. Beraz, neurri horiek ez betetzeak zuzenean eragiten die irakasleen lan-kargari eta eskola-zerbitzuari.
Hezkuntza Sailak ez ditu ikasturte hasierako ebazpenak behar bezala argitaratu eta nahasmena sortzen ari da, jardun murriztuetako irakastorduen kopuruetan, batez ere. Lehenbailehen zuzentzeko eskatu dugu.
Gazte-berritze neurriei dagokienez, hobekuntza nabariak izan ditugu, baina, hala ere, behin eta berriz eskatu dugu urteko lanaldi murrizketaren modalitatean ikasleekin zuzeneko arreta behar duen edozein zeregin kentzeko. Ez da bidezkoa irakastorduen murrizketa onartzea eta, horren ordez, ikasleekin zuzenean lan egitea.
Hilabete honetan soldata igoera aplikatu behar zaigu, gai honetan ere adi egongo gara. Kargu guztietarako pizgarri berriak modu egokian ezarri behar dira; eta jardun murriztuetan dauden pizgarriak ere, jardun osoan jaso behar ditugu.
Honekin batera, Hezkuntza Sailari jakinarazi diogu udan eta ikasturte hasieran irakasleok ez dugula arreta egoikirik izan. Horren ondorioz, irakasle askoren eskubideak urratu egin dira. Era berean, ikasturte hasierako ebazpenetan identifikatutako errakuntzak zuzentzeko exijitu diogu.
Irakasleon mahaiari begira, irailaren 10ean, 55 urtetik gorako interinoen egoera eta LAL prozesuaren baitako aldaketak jorratu ziren eta, ondoren, Desburokratizazio batzorde bat eratu zen.
Steilasen lanean jarraituko dugu irakasleon lan-baldintzen defentsan eta hobekuntzan, eta beharrezkoak diren urrats guztiak emango ditugu lan-akordioaren ezarpena erabatekoa eta adostutako baldintzetan izan arte.
The post Irailak 23: STEILASen lanean jarraitzen dugu Hezkuntza Sailak lan-akordioaren eduki guztiak aplika ditzan appeared first on Steilas.