2025-10-27 09:00

Hezkuntza Saila ikastetxe publikoetan kamera eta mikroak dituzten ekipamendu informatiko berriak instalatzen ari dela jakin dugu. Sindikatuok, ikastetxeetako zuzendaritzek eta irakasleek ez dugu informazio egokirik jaso, ezta aukera errealik izan ere ekipamendu informatiko hauen ezaugarriak edota beteko lituzketen helburuak behar bezala adosteko.

Hori dela eta, Hezkuntza Sailari digitalizazioarekin lotutako edozein neurri sindikatuokin zein ikastetxeetako zuzendaritzekin eta irakasleekin adosteko eskatzen diogu, aldebakarreko erabakiak bertan behera utziz. Horregatik, gaur bertan premiazko bilera bat eskatu diogu gai horren inguruan hitz egiteko.

Hezkuntza Sailari honako hauek ahalik eta azkarren argitzeko eskatzen diogu:

  • Egitasmo honen planifikazioa eta aplikazioaren informazio osoa.
  • Bideokonferentziak egiteko baliabideak ikastetxeetan ezartzea, Next Generation funtsak nola erabiliko diren konpetentzia digitala garatzeko.
  • Ikastetxeetan kamerak jartzeko irizpideak zeintzuk izango diren.
  • Datuen trataera nork kudeatuko duen.
  • Datuen babesa nola bermatuko den.
  • Ikastetxeetako monitorizazioa: mugimenduak kameren bitartez eta soinua mikrofonoen bitartez zertarako den. 
  • Baliabide hauen erabileraz ikasle eta langileak informatuak izango diren.

Halaber, datuak Babesteko Euskal Agintaritzari ere galdera egingo diogu, horrelako prozesu baten egokitasuna eta legezkotasuna bermatzeko, jakinda “DBEO Datuen babesa hezkuntza-eremuan” jasota dagoena. Hezkuntza Publikoko zuzendari, irakasle, ikasle, hezitzaile eta gurasoekin harremanetan egongo gara gaiaren inguruko informazio osatua izan arte.

STEILAS sindikatuak, erantzukizunez eta zentzuz jokatuz, gaiaren inguruko informazioa jaso, kontrastatu eta zabalduko du. Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoan erabiliko diren digitalizazio irizpideak alde sozialarekin adostea eta ekipamendu berrien instalazioari buruzko argitu beharrekoak emateko STEILASen bilera eskaerari berehala erantzutea eskatzen diogu.

The post Hezkuntza publikoan digitalizazio adostua orain! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.