2025-12-17 15:44

Estatuko gobernuak 2025erako inflazioa baino soldata igoera txikiagoa ezarri ondoren, eta 2022tik % 8,6ko erosahalmenaren galerarekin, Nafarroa Garaiko aurrekontuetan ez da jasotzen irakaskuntzako osagarrien igoerarik erosahalmen hori berreskuratzeko. Ezta ere aurre egiteko duela hilabete batzuk hezkuntza publikoan greba masiboak eragin zituzten arazoei.

Nafarroako Gobernuak Europar Batasuneko estandarren arabera legokiokeena baino 420 milioi euro gutxiago bideratzen ditu hezkuntzara; beraz, ia ezinezkoa da ratioak murriztea ikasleen arreta hobetzeko, eta eskolak prestatzeko ordu kopurua ere ezinen da handitu. Izan ere, PSNk zuzentzen duen Gobernua ez da iritsiko Barne Produktu Gordinaren (BPG) ehunekora, Gobernuak berak programa-akordioan hitzemandakora.

Gutxien hazten ari den Departamentuetako bat da Hezkuntzakoa, eta, beraz, aniztasunarekiko arreta ezin izanen da indartu. Ikastetxeek ezin izanen dituzte hobetu behar dituzten azpiegiturak, eta Lanbide Heziketa edo Hezkuntza Orientazioa ez dira izanen gure hezkuntza sistemak behar dituen zutabeak.
Inbertsiorik ezak azaltzen du Departamentutik datozen araudi berriek, hala nola Ikastetxearen Erregelamendu Organikoaren Dekretuak edo Hezkuntza Inklusioari buruzko Foru Aginduak, behar duten diru partidarik ez izatea, edo irakasleek eta ikastetxeetako gainerako langileek jasaten duten lan-gainkarga handitzen jarraitzea sistemaren premien arabera.

Era berean, gobernu honek, bere burua aurrerakoitzat hartuagatik, ez du ezarri erreforma fiskal esangarririk, eta Estatuari egindako ekarpena ia % 60 handitu da azken urteotan. Kopuru hori, besteak beste, gastu militarra, monarkia edo Europako ratio polizial handiena finantzatzeko erabiltzen da. Era berean, itzaleko bidesariak eta zorraren ordainketa % 12 handitu dira UPNk Gobernua utzi zuenetik, eta oraindik txosten ofizial bat egiteko dago, gure ekonomian zulo horiek sortu zituzten zergatiak eta eragileak bereizteko.

Bitxia da azken hamarkadan irakaskuntzan sartzeko baldintzak etengabe handitu diren bitartean, ordainsariek ez dutela diru-sarreren eskakizunekin bat datorren igoerarik izan, ezta etxebizitzaren, elikaduraren, energiaren eta abarren arloan bizitzaren kostua arrapaladan igo izanarekin ere.
Egoera horren aurrean, STEILASek eskatzen du hezkuntzara bideratutako inbertsioa handitzea, BPGren % 6an kokatu arte, Suedia, Belgika eta Danimarka bezalako estatuetara hurbiltzeko, % 7,2 eta % 6,4 artean inbertitzen baitute. Gainera, Gobernuari aurpegiratzen diogu Lanbide Heziketa Duala edo hezkuntza-inklusioa pribatizatzen hasi izana fundazio pribatuen edo enpresen bidez.

Hezkuntza arloko inbertsioaren igoera nabarmenik gabe, ez ditugu ikusiko etapa guztietako ratioen jaitsiera, benetako bitartekotasun tasaren jaitsiera, 60 urteko irakasle guztien erretiroa, haur eskolen publifikazio osoa, hezkuntza-inklusiorako partidak finkatzea eta ANPEk, AFAPNAk eta UGTk gutxiengoan sinatu baino lehenagoko itunen zain dauden beste hainbat gai.

Sistema publikoa bultzatuko duten aurrekontu eta politika fiskal nahikoak eskatzen ditugu, sistema ekitatibo, duin eta indartsu baten erronkei erantzun diezaieten. Hezkuntza publikoak ezin du jarraitu sakrifizio-eremu izaten, beste zerbitzu publiko batzuek, ingurumen politikak edo hizkuntza apartheidaren aurkako borrokak bezala.

The post Hezkuntza publikoak ez du lehentasunik Nafarroako 2026ko aurrekontuetan appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.