Mozioa jaso dute gutxieneko soldata propio batek zuzenean eragingo lieketen sektoreetako ordezkariek; hala nola, Arabako adinekoen egoitzetakoek, osasun klinika txikietakoek, hoteletako langileek, Bizkaiko elikagaien merkataritzakoek, lorezainek, Enplegu Zentro Berezietakoek, bulegoetako langileek, telemarketingeko langileek eta Amazoneko langileek.
LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko langile guztientzat gutxieneko soldata duin eta erreal bat ezartzeko ekimena abiatu dugu. Gutxieneko soldata aberastasunaren banaketarako tresna nagusietako bat da, eta prekaritatearen eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbesteko neurria.
Gaur egungo Espainiako gutxieneko soldatak ez du bermatzen bertako langileek euren bizitza modu duinean garatu ahal izatea. Gainera, prezioak gorantz doaz eta enpresen irabaziak marka historikoetara iristen ari dira. Horregatik, behar-beharrezkoa da gutxieneko soldata hemen erabakitzea eta Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzea. Langileon lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen burujabetza ariketa da egiten ari garena.
Horretarako bi bide abiatu ditugu: bata, bertako eskumenen baitan Lanbidearteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea, Confebask eta CEN patronalek ezezko borobilarekin erantzun dioten bidea. Bestea, Herri Ekimen Legegilearen bidez autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzen ari gara.
Gutxieneko soldata propio batek bereziki eragingo lieke gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei, horietako asko feminizatuak, migratutako pertsonez osatuak, aniztasun funtzionala duten langileak dauden esparruak eta langile gazteak lanean ari diren enpresak.
Esandakoarengatik, aipatutako sektore horietan ari diren langileen ordezkariek dei egiten dute gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimen guztietara, lanbidearteko akordio baten aldekora eta Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadurak biltzera.
Era berean, enpresa hauetan ari diren langileen ordezkariek dei egiten diete Hego Euskal Herriko langile guztiei beren sinadurarekin sostengua eman diezaioten gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileari. Sinadura bakoitzak legez gutxieneko soldata ezartzeko aukera errazten du eta, era berean, patronalari presio egiten dio negoziazio mahaira bueltatu dadin.
Ondoren atxikituta azaltzen dira gutxieneko soldata propio baten alde atxikimendua eman duten eta gutxieneko soldata propio baten onuradunak izango liratekeen langileen ordezkarien lantokiak:
Araba:
Bizkaia
Gipuzkoa
The post Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute 56 enpresatako langileen ordezkariek appeared first on Steilas.