2024-03-14 12:20

Haurreskolak Partzuergoko haurren onartze araudia eta zerbitzua emateko araudi berria ezarri zenetik, behin eta berriz bertan behera uzteko beharra plazaratu dugu STEILAS sindikatutik. Hala ere, eta azken mahai negoziatzailean administrazioaren partetik jasotakoa entzunda, berriro ere eskaera berdina egin beharrean gaude: Haurren onartze araudia, asistentzia kontrola eta arratsaldeko zerbitzua bertan behera utzi eta ordutegiak berraztertzea.

Aste honetan martxan jarritako asistentzia kontrolaren aurrean gure desadostasuna adierazi nahi dugu. Izan ere, honek ondorio kezkagarriak dituela argi ikusten baitugu, bai hezitzaileengan ( lan karga handiagoa, hezitzaile kopuruaren inguruko kontrola, …) eta baita familiengan ere ( haurren asistentziak justifikatu beharrak sortzen dituen ezinegonak eta santzioaren beldurrak, …). Era honetara familientzat onuragarria izan beharko litzatekeen zerbitzuak kontrako norabidea hartuko du.

Bestalde, matrikulazio atarian egonda familien onartze araudia berriro ere mahaigaineratu nahi dugu, honek eta familiei ezarri zaizkien baldintzek matrikulazioan eragin zuzena dute. Izan ere, umeak matrikulatzeko aukerak zabaldu baino murriztu egiten baititu. Hainbat familia Haurreskolak Partzuergotik kanpo utzi eta hauek beste aukera batzuk bilatu beharrean geratzen dira. Ondorioz, matrikulak jaitsi ezkero, hezitzaile kopuruan ere eragina izango du: plantillak murriztu, hezitzaileak desplazatu, etab…

Aurrekoaz gain, araudi berriarekin arratsaldeko ordutegia ezarri zen hiru haurreskoletan. Froga pilotu moduan sortu zena beste urte batez aplikatuko da, nahiz eta zerbitzu arrakastatsua ez izan. Gizartearen eskaera bati erantzuna emateko sortua izan omen zen (administrazioaren hitzetan), baina zerbitzua aztertu ostean ez dugu inon eskari horren islada ikusten. Gainera, arratsaldeko zerbitzuak oztopoak jartzen ditu langileen lan baldintzetan: hezitzaileek haien prestakuntza eta koordinazio lanak egiteko, bilerak egiteko, formazio saioetara joateko,…

Horregatik guztiagatik, doakotasunak ekarri dituen baldintzak berehala bertan behera uztea eskatzen dugu STEILAS sindikatutik. Hezitzaileon lan baldintzak hobetzea, familiei haien beharrak kontutan hartu eta lana eta bizitza uztartuko dituen aukera ematea eta haurrak jasotzen duen arreta eta zerbitzua kalitaterik handienekoa izan dadin exijitzen dugu.

 

Haurreskolak doakoak, publikoak eta unibertsalak nahi ditugu!

 

Euskal Herrian, 2024ko martxoaren 14an

 

The post Haurreskolak Partzuergoko haurren onartze araudia eta zerbitzua emateko araudia bertan behera utzi! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.