2020-05-15 14:06

2020-05-12 STEILASBERRI 9(1)

2020ko maiatzaren 14ko Mahai

Atzo Haurreskolak Partzuergoarekin prebentzio neurriei buruzko bilera izan genuen. Pasa den astelehenean izandako bileraren jarraipena izan zela esan dezakegu. Hezkuntza Saileko ordezkaririk ez zen bileran izan, nahiz eta Zorione Etxezarragak berak horretarako konpromisoa hartu zuen asteleheneako bileran. Honek Haurreskolak Partzuergoarekiko Hezkuntza Sailak erakusten duen utzikeria agerian uzten du, eta horrela adierazi genuen atzoko bileran beste behin ere. Gerenteak gure haserrea jaso eta ulergarria iruditu zitzaion. Hala ere, noiz arte jasan beharko dugu hau?

Bileran prestatzen ari den prebentzio planen aurkezpena egin zigun enpresak. Horren ardura Prebentzio Departamentuko buruak izan zuen. 4 prebentzio plan desberdin lantzen ari dira:

  1. Matrikulazio eperako prebentzio plana.
  2. Hezitzaileak haurreskoletara itzuli beharko zaretenerako prebentzio plana.
  3. Kudeaketa langileak bulegora itzuli beharko direnerako prebentzio plana.
  4. Haurrak haurreskoletara itzuli beharko direnerako prebentzio plana.

Esan beharra dugu gerenteak berak momentu honetan oso zaila ikusten duela haurrak haurreskoletara bueltatzea, gaur gaurkoz ezin daitekeelako segurtasun neurririk bermatu (distantzia) eta are gutxiago haurren osasuna. Beraz, 4. prebentzio plana da burutzeko zailena momentuz, beraien esanetan.

Matrikulazio eperako plana izango omen da beste guztien oinarria, eta horretan ari dira lanean. Matrikulazio kanpainarako plana aurkeztu eta gero, sindikatuok gure ekarpenak egin genituen. Egia esan, oso landuta eraman zuen arduradunak, eta horrela azaldu zigun. Arratsaldean gurekin partekatu zuten dokumentua eta sindikatuak ekarpenak txertatzeko aukera izango dugu. Plana guztiz itxi eta gero, haurreskola guztietara bidaliko dute.

Matrikulazio eperako prebentzio planarekin batera, aurreikusten dituzten matrikulazio epeak zehaztu zizkiguten:

– On-line: maiatzaren 21etik ekainaren 8ra (biak barne).

– Aurrez aurre: ekainaren 1etik 8ra (biak barne).

– Gasteizko haurreskoletako matrikulazioak udalak kudeatuko ditu: maiatzaren 28tik ekainaren 8ra (biak barne, datak baieztatzeke).

Enpresak jada eskatuta du norberaren babeserako materiala haurreskola bakoitzaren tamaina eta unitate eta langile kopuruak kontuan izanda (termometroak, eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak). Oinetarako patukoak eskatzeko eskaera luzatu genien, eta alde zeuden. Test-ak ez direla egingo esan ziguten.

Material guztia jaso ahal izateko, haurreskoletako koordinatzaileek maiatzaren 25etik 29ra haurreskoletara joan beharko dute.

Matrikulazioa aurrez aurre egin daitekeen egunetan (ekainaren 1etik 8ra), koordinatzailea eta beste hezitzaile bat egon beharko dira haurreskolan.

Hezitzaileak haurreskoletara lanera bueltatu behar garenerako, salbuespen kasuak hauek izango dira:

    • Bereziki sentikorrak diren langileen kasuan: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularra, hipertentsioa, biriketako gaixotasun kronikoa, immunoeskasia, tratamendu aktiboko fasean dagoen minbizia eta haurdunaldia. Enpresako medikuarekin (IMQ Prevención) kontaktuan jarri beharko dira izapidea on-line (e-mailez) kudeatzeko.

    • 14 urtera arteko seme-alabak dituztenen kasuan (bikoteak lanera joan behar badu) edota bananduta dauden langileen kasuan (zaintza partekatua dutenentzat edo haurrak beraien zaintzapean daudenean) langileek aukera izango dute etxetik lan egiteko baimena eskatzeko. Baimena, momentuz, ekainaren 21era arte disfrutatu ahal izango da (epea moldatzeko aukerak aztertuko dituzte).

    • Langileek adin nagusiko pertsona bat baldin badute beraien zaintzapean etxetik lanean aritzeko baimena eskatu ahal izango dute:

      . Eguneko zentroa itxita baldin badago (alarma egoerak iraun bitartean edo hau ireki arte).

      . Etxean badago eta menpekotasunik badu (alarma egoerak iraun bitartean).

    • 60 urtetik gorako langileek etxetik lanean aritzeko baimena eskatu ahal izango dute bestelako patologia bat izanez gero arrisku talde baten parte direla ziurtatzerik badute.

      * Baimen hauek guztiak eskatu ahal izateko beharrezko dokumentazio osatua bidali beharko zaio Pertsonal Departamentuari.

Hurrengo astean beste bilera bat deitzea proposatu zigun enpresak, falta diren prebentzio planak negoziatu eta lantzen joateko.

Azkenaldian hainbeste nahasmendu sortu dituzten eskutitz eta aginduen gainean ere aritu ginen hizketan denbora luzez. Enpresari hainbatetan adierazi genion Hezkuntza Sailaren eta Haurreskolak Partzuergoaren arteko komunikazio txarrak (edo ezak) ezinegona eta gaizki-ulertu asko eta asko sortu dituela langileon artean azken asteetan. Momentu honetan ezin da horrelakorik gertatu. Langileok informazioa behar dugu, informazio garbi eta zehatza, ez aste batean gauza bat eta hurrengoan bestelako bat esaten dituzten aginduak, edota berandu iristen diren oharrak. Enpresari bileran hitz egindakoari buruz haurreskoletara beharrezko informazio zuzena garaiz bidaltzeko eskatu genion, ezinegonak errepikatu ez daitezen.

Momentu honetan Hezkuntza Sailak hartuko dituen erabakien zain gaude. Haurreskolak Partzuergoarekiko duen ardura ere behar bezala zaintzea eskatzen diogu.

Lanean eta informatzen jarraituko dugu!

The post HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN STEILASBERRI 9: 2020ko maiatzaren 14ko mahaia. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.