LAB eta Steilas sindikatuek Hezkuntza Sailak Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoan 2024an sinatutako akordioa ez duela bete salatu dute.
2024ko apirilaren 18an Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak eta ordezkaritza sindikalaren %82,98ak lanpostu berriak sortzeko prozedura arautzeko akordioa sinatu zuten. Akordio horretan, produkzio gorabeherengatik egindako kontratuen iraupena zehaztu zen kontratu horiek ondoz ondoko bi ikasturte jarraian errepikatuz gero, plaza horiek egiturazkoak joko direla eta Lanpostuen Zerrendan txertatu eta hurrengo irailaren 1etik aurrera hornituta egon behar direla ezarri zen.
Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak positiboki baloratu zuten akordioa eta horrela adierazi zuten Irekia atarian https://labur.eus/9evzpu0i. Hala ere, LAB eta Steilas sindikatuek gogor salatu nahi dute akordioa, gaur gaurkoz, ez dela bete eta 2025eko irailean Lanpostuen Zerrendan txertatu eta irailaren 1etik aurrera hornitu beharko liratekeen 63 lanpostu berriak ez direla sortu.
Bi sindikatuek gogor kritikatu dute egoera eta lotsagarritzat jotzen dute akordioa sinatu eta urtebete baino gehiago igaro ondoren oraindik ere, lanpostu horiek sortu gabe jarraitzea. Honen aurrean, Hezkuntza sailak mahai gainean ez duela alternatiba eta proposamenik jarri salatu dute.
Egoera horrek eta behar besteko kontrataziorik egin ez izanak ikasturtea normaltasunez hastea eragotzi du, agerian utziz Hezkuntza Sailaren utzikeria eta hitzartutakoa betetzeko ezgaitasuna.
BegoƱa Pedrosak, Hezkuntza sailburuak berak Haurreskolak Partzuergoko Batzar Nagusian adierazi zuen bezala, azken 4 urtetan matrikulazioak %40ko igoera izan du. Testuinguru horretan, agerian geratzen da hezitzaile gehiago behar direla eta enplegu egonkorra sortzea ezinbestekoa dela, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea bermatu dadin.
Sailaren ezgaitasuna eta utzikeria salatzea eta hitzartutakoa bete dadin exijitzea izan da LAB eta Steilas sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko egoitza nagusiaren aurrean egindako elkarretaratzearen helburua. Bi sindikatuek mahai negoziatzailea ahalik eta lasterren deitu eta egoerari irtenbidea emango dion proposamen zehatza aurkeztea exijitu dute.
Horretaz gain, Hezkuntza Sailari langileak errespetuz tratatzea eta haurreskolak behar dituzten baliabideekin hornitzea eskatzen diote.
The post Haurreskolak Partzuergoak 63 lanpostu sortu gabe hasiko du ikasturtea appeared first on Steilas.