2025-12-11 12:32

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok exijitu diegu Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiei Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baten alde egitea. CEN patronalari zein UGT eta CCOO sindikatuei esan diegu, negoziatzeko beraien ezezkoaren aurrean, mobilizazioarekin eta ekintza sindikalarekin erantzungo dugula.

CEN patronalak, UGT, CCOO eta Nafarroako Gobernuaren lerrokatze konplizearekin negoziazio kolektiboaren bidea blokeatu dute. Beste behin ere eskuz esku lerratu dira Nafarroako langileriaren lan baldintzak prekarizatzeko eta horiek hobetzeko aukera guztiak zapaltzeko asmoz. Bitartean, Nafarroako Parlamentuan argudio juridikoak direla medio, horren inguruan eztabaidatzeko aukera ere itxi zen. Aldiz, alderdiek gutxieneko soldata propio baten alde egin dezakete lege proiektua bat aurkeztuz.

Gogoan izan behar da hiru hilabete eskasean 18.316 nafar langileren babesa bildu dela, Herri Ekimen Legegilea abian jartzeko eskatzen den gutxienekoa hirukoizten duen sinadura kopurua. Ekimen horrek pobrezia egoerei aurre egin eta aberastasuna bidezko moduan banatzea ditu helburu.

Larria eta antidemokratikoa da Nafarroako Gobernuaren jarrera alderdikoia eta korporatiboa enpresarien zein UGT eta CCOO sindikatuen interesen alde, Nafarroarentzat eta nafar langileentzat ona eta guztiz legitimoa den gutxieneko soldata propio baten negoziazioa ukazioa babestuz.

Gaur ordezkari sindikalek osatutako giza katearekin Nafarroako Gobernua eta Parlamentua interpelatu dituzte sindikatuek: langileen alde egin dezaten. Aukera paregabea dute beraien posizioa birpentsatzeko, autogobernuak bizi eta lan baldintzak hobetzeko, Nafarroako gehiengo soziala irabazteko.

Horrez gain, CEN, UGT eta CCOO eragileei zuzendu dira, negoziatzera eseri daitezela eskatzeko. Bestela, beraien ezezkoaren aurrean, mobilizazioarekin eta ekintza sindikalarekin erantzungo dutela adierazi dute.

The post Giza-kate batekin lotu ditugu Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren alde appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.