2025-10-29 11:05

2024ko apirilean Hezkuntza Departamentuak eskatu zion Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari (NOPLOI) ikerketa bat egin zezan Hezkuntza Publikoaren irakasleen absentismo handiari buruz. Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusi Begoña Unzuek egin zuen eskaria, eta azpimarratu zuen bajak, batez ere, kontratudunen artean gertatzen zirela, martxoan interinoen %20,2 eta funtzionarioen % 11,4. Ez zuten zehaztu baja horien iraupena zein zen, baina 2023ko datuak antzekoak zirela aipatu zuten.

Datu horiek ez datoz bat, inondik inora, Kontuen Ganberak 2023ko fiskalizazio txostenean emandakoekin, non irakasleen bajen tasa % 7,7koa baitzen, Nafarroako Gobernuko baxuena, bakarrik suhiltzaileenaren gainetik. Altuagoa zen administrazio ardatzean, osasunbidean eta foruzaingoan. Aldi berean, sindikatuak hobekuntzak eskatzen ari ziren lan baldintzetan eta mobilizazioak iragarri zituzten lortzen ez baziren. Bestalde, NOPLOIk egin beharreko txostena ez digute helarazi eta ez dakigu egin den. Hortaz, garbi dago bajei buruzko datuen berriaren helburua zela iritzi publikoa irakasleen aurka jartzea.

Horregatik gaude gaur hemen, NOPLOIaren aurrean, manipulazioa salatzeko eta, gainera, Gimenol botikarekin irudikatu nahi dugu Nafarroako Gobernuaren politikek irakasleon lan baldintzetan duten eragina eta, jakina, irakasleon osasunean. Sinetsarazi nahi digute politika “progresistak” gauzatzen ari direla, gobernuan UPN ez dagoelako, baina Erregimenak berean dirau. Hori garbi gelditu da gutxiengoan sindikatu eskuindarrekin sinatutako itunean eta horrek ekarri dituen gabezietan. Departamentuak dio egiturazko interinitatea % 5aren inguruan dagoela, baina erreala %50era hurbiltzen da. Gainera PSOEk bat egiten du estatuko botere faktikoekin Europar Batasuneko 1999/70 zuzentaraua ez aplikatzeko eta langile kontratudunen prekarizarioari eusteko, langile horien finkotasunaren aurka eginez.

Zapateroren garaian hasitako soldata murrizketek bere horretan diraute, PSN ezinbesteko kolaboratzailea izan da langile publikoen erosahalmena murrizteko politiketan. Irakasleok 2010etik % 20 baino gehiago galdu dugu. Irakaskuntza zuzeneko saioei dagokienez, oraindik ez ditugu berreskuratu 2007-2011 tarterako sinatutako itunean lortutakoak: asteko18,5 ordu Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 17 Bigarren Hezkuntzan.

Gainera, izugarri handitu da burokrazia-lana, eta aparteko orduak sartzen ditugu etengabe inongo konpentsaziorik gabe. Irakasleon lanaldia agintarien nahierara luza daiteke. Hori gutxi balitz, beharrezkoak diren baliabiderik gabeko inklusioa abiarazi dute behar bereziak dituzten ikasleentzat, adibidez, pseudozientzietan oinaritutako Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalarekin, lan gainzama eta etsipena are gehiago handituz.

Bestalde, Carlos Gimeno kontseilaria etengabe bere burua goresten ari da, Hezkuntza Publikoaren egoera “idilikoa” adieraziz, errealitatea oso latza izan arren. Horren adibidea da Lanbide Heziketan sortu duten gatazka Duala jartzeko, besteak beste, pilotatzeen ebaluaziorik gabe eta ikasle guztien lantokietako praktikaldiak ongi kudeatzeko ordurik gabe.

Era berean, Erregimenaren euskarafobiak bere horretan jarraitzen du. Zailtasunak jartzen dira D ereduko lerro berriak irekitzeko eta ingeleseko saioen kopurua handitzen da, euskarazko murgiltzea oztopatzeko.

Dagoeneko anestesia “progre” horrek ez du funtzionatzen, irakasleak ez daude prest lan baldintza txarretan lan egiteko; Gimenolak ez du balio jada irakasleon ondoeza apaltzeko. Ezinbestekoak dira bestelako politikak eta inbertsio handiagoa. Hobekuntza esangarriak ikusiko ote ditugu hurrengo aurrekontuetan?

The post Gimenol, anestesia progrea irakasleen ondoezarako appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.