2021-05-06 17:03

Atzo, hilak 5, Gasteizko Mariturri haurreskolan komun bateko sabaia erori zen bertan 5 haur eta hezitzaile bat zeuden momentuan.

Lehenik eta behin, kaltetutako haur, familia eta hezitzaileei gure babesa adierazi nahi diegu ohar honen bitartez.

Hezitzaileek hartu beharreko neurriak hartu zituzten, protokoloa aplikatu eta ebakuazio prozesua martxan jarri zuten. Istripuaren ondorioz, bi haurrek zauri arinak izan zituzten. Balioan jarri nahi dugu hezitzaileek erakutsitako profesionaltasuna, kalte larriagoak saihestea lortu baitzuten.


Istripua gertatu eta biharamunean, gure harridurarako, haurreskolako hezitzaileak haurreskolara bertaratu behar izan dira lanera; haurrik ez da joan. Aldi berean, udal teknikariek haurreskolako egitura segurua ote den baieztatu behar zuten gaur. Nola da posible hezitzaileak haurreskolara bertaratu behar izatea atzo sabaia erori eta gero udal teknikariek beharrezko ikerketa eta balorazioa egin gabe? Langileok espazio seguru batean lan egiteko eskubide dugu, eta, gure ustez, atzo gertatutakoa argitu gabe dagoenean oraindik hezitzaileak haurreskolara joatea derrigortzea ez da erabakirik onena.

Horregatik guztiagatik, Mariturri haurreskola haur zein hezitzaileentzat espazio segurua dela ziurtatu arte, inor ez bertaratzea exijitzen dugu. Bide batez, kontuan hartuta Gasteizko zenbait haurreskolek antzerako egiturak dituztela, horien guztien egoeraren errebisioa egitea eskatzen diegu Haurreskolak Partzuergoko Prebentzio Sailari eta Gasteizko Udalari, atzokoa bezalako ezbeharrik gertatzea saihestea ezinbestekoa baita.

Izan ere, lanerako espazioen egoera behar den bezala mantendu behar da langileen, familien eta haurren segurtasuna bermatzeko.

The post Gasteizko Mariturri haurreskolan gertatu den istripua dela-eta, ardurak argituko dituen ikerketa abian jartzea exijitzen dugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.