2025-09-10 09:12

Ikasturte berriaren hasiera ekitaldian unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa berriro da gako nagusia. Ekitaldian hitz politak entzungo ditugu lehendakariaren ahotik, unibertsitate publikoak euskal gizarteari egiten dion ezinbesteko ekarpena goraipatuz baita munduko unibertsitate onenen artean mantentzeko eta postuak igotzeko erronkari aipua eginez ere. Hala ere, gaur ikusarazten dugun errealitatea bestelakoa da: azpifinantzatutako unibertsitate publikoarena. Izan ere, bikaintasuna gora eta behera, EHUn daukagun egoera endemikoari bikaintasunezko utzikeria interesatua deitu beharko genioke.

EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. Datu bat emateagatik, 2008tik irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik hona KPIa % 46,6 igota.

Horrez gain, prekaritate egoera lazgarriak mantentzen dira. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 arteko euro kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortuak izan gabe. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko fondo-lasterketak ez du erakargarria egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle lanpostu berri gehiago hutsik geratzen ari dira. Horrek ondorio larriak izango ditu epe ertain eta luzean, unibertsitate publikoaren sail batzuetan irakasle nahikorik egongo ez baita.

Horri guztiari gehitu behar diogu 2024-25 ikasturte amaieran jasotako beste kolpea: sortzeko prest zeuden irakasle laguntzaile doktore plaza zein promozio plaza berriak bertan behera geratzea finantzaketa faltagatik.

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) kasuan azken 15 urteetan gauzatutako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar da. Ordainsari-maila txikieneko lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozen soldata-baldintza duinak bermatu. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko TEKAZELen lana ezinbestekoa da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle-ikertzaile/TEKAZEL ratioa 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa da.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da plantilla nahikoa izatea, lan-baldintza duinak izatea eta langileak zaintzea. Beharrezkoa da doktorego-tesietarako kontratu kopurua handitzea, ikerketarako baliabide nahikoa bermatzea, behar diren instalazio berriak martxan jartzea, eraikinen mantentze-lanak egitea (zentro batzuetan ohitu gara urteroko itoginetara…), zerbitzu batzuen pribatizazioarekin bukatzea, baita sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea ere.
Errektoretza taldeari EHUrako beharrezko finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantziazioa kemenez defendatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen finantzaketak oso baxua izaten jarraitzen du. Izan ere, 2025erako Eusko Jaurlaritzak EHUri egindako ekarpena 2024ko Euskal Erkidego Autonomoaren Barne Produktu Gordinaren % 0,42 izan da, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak 2030erako markatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Okerrena da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak medio batzuetan egindako adierazpenetan argi uzten duela ez dutela inolako asmorik kopuru horretara hurbiltzeko. Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateek gain-finantzaketa lortzeko USLOk eskaintzen duen aukera ere ez du aipatzen. Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren % 1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeko ardura dutenak bere oraina eta etorkizuna kolokan jartzen ari dira kontzienteki.

Eusko Jaurlaritzak EHUren erabilera instrumentala ere egiten du; ez du errespetuz tratatzen. Honen adibidea, medikuntza plazekin gertatutakoa da: Eusko Jaurlaritzak EHUri medikuntza ikasteko plaza kopurua handitzeko eskatzen dion bitartean, EHUk dituen beste arazo eta behar batzuei entzungor egiten die.

Gainera, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz. Guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen EHU pixkanaka-pixkanaka hondoratzen ari dira, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa den bitartean, instituzioetatik erraztasun guztiak emanda eta diru publikoz era zuzenean zein ez-zuzenean finantzatuta.

Ikasturte berriaren ekitaldian beraien eredu pribatizatzaile eta neoliberalaren aurrean izango gaituzte, EHUrako finantziazio nahikoa exijitzeko eta euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatzeko.

Unibertsitate publikoaren defentsan, Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa! Errektoretza taldea: irmo defendatu EHUk behar duen finantziazioa!

The post Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Errektoretza taldea: irmo defendatu EHU! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.