2025-12-16 10:23

STEILAS sindikatutik, bat egin dugu zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak lortzeko kanpainarekin.

Euskararekiko dugun konpromisoa berretsiz, gaur, abenduak 16, Iruñean mobilizatu gara. Bihar, abenduak 17, manifestazioa egingo dugu Gasteizen.
STEILASen beti izan dugu euskara ardatz eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lana eta mobilizazioak egin ditugu, bai hezkuntzan, baita administrazio orokorrean ere. Gehiengo sindikalarekin eta bestelako eragileekin elkarlana bultzatu dugu euskalduntze ekimen orotan. Baina, ahalegin horrekiko administrazioen erantzuna etsigarria da eta hezkuntzan bertan ere atzerapausoak egiteko saiakerak antzematen ditugu.

Hala, egoera aztertuta, euskarari egiten ari zaizkion erasoei erantzute aldera, aldarrikapen hauekin bat egin dugu:
• Euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
• Administrazioak erabat euskalduntzeko planak abian jartzea, beharrezko neurriekin eta bermeekin.
• Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
• Nafarroa Garai osoan euskara ofiziala izan dadin zonifikazioarekin amaituko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzea. Bitartean, euskara eskakizun ez den lanpostuetan, gutxienez meritu izatea.
• EAEn lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea.
• Nafarroa Garaiko Hezkuntzan PAI programa desagertzea eta EAEn hizkuntza ereduen sistema gainditzea, euskarazko murgiltze eredu bakarraren bidean.
• Politika eta ekintza euskarafobiko oro gaitzestea eta euskarak egun bizi duen diskriminazioa salatzea.
• Gure hizkuntzaren aldeko berme juridikoak egon daitezen politika egokiak eskatzea.

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez!

The post Euskararen kontrako oldarraldia salatu eta berme juridikoak aldarrikatu ditugu: euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.