Ikasturte honen hasieran, helburu argiak genituen STEILAS sindikatuan: gure aldarrikapenak barnebilduko zituzten, langileen lan-baldintzak hobetuko zituzten eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetuko zuten lan akordio onak sinatzea ordezkaritza dugun Euskal Hezkuntza Publikoko sektoreetan.
Hori lortzeko bidean, greba eta mobilizazio dinamikak jarri behar izan genituen martxan eta ondorioz, ezagunak diren emaitza desberdinak izan ditugu sektorez sektore. Orain, akordioak errealitate bihurtzeko garaian murgilduta gaude, adostutako edukiak paperetik eskoletara eta lanpostuetara hel daitezen.
Honen harira, adierazi nahi dugu sinatutako akordioak indarrean daudela eta erabateko berme juridikoa dutela, beraz, Hezkuntza Sailari nahitaez aplikatzea dagokio. Adostutakoa bete ezean argi dugu gure esku dauden baliabide eta tresna guztiak aktibatuko ditugula, bide judiziala zein ekintza sindikala, akordioa bere osotasunean betearazi arte.
Sinatutakoa betetzeaz gain, Hezkuntza Sailak baditu bestelako erpin arantzatsuak ere: onarpen prozesua, ikastetxeen fusioak, planifikazioa, hainbat prozesu administratibo… Gai bakoitzak monografiko baterako ematen badu ere, denek dute amankomunean gauza bat, Hezkuntza Saila aldebakarrez ari dela erabakiak hartzen, eta beste behin ere, agerian utzi duela bere jarrera murriztatzailea. Ez ditu kontuan izan hezkuntza komunitatea osatzen dugun agenteak: familia, ikastetxe, ikasle, sindikatu…
STEILAS sindikatutik ozen salatzen dugu Hezkuntza Sailaren jarrera, aldebakarrekoa, murriztaile eta fede txarrekoa. Eskola Publikoaren alde borrokan jarraituko dugu hezkuntza sisteman erreferentzialtasuna lortu arte. Horretarako, langileok hezkuntza komunitatearekin batera denona eta denontzako izango den Eskola Publiko bakarra exijituko dugu. Era berean, Hezkuntza Sailari adostutakoa eta sinatutakoa ahalik eta bizkorren betetzea exijitzen diogu.
The post Euskal Hezkuntza Publikoaren alde borrokan jarraituko dugu dagokion tokian egon arte appeared first on Steilas.