2025-06-19 11:45

Aurkeztu berri den Planaren izenburua, gure ustez, okerra da: Eskola Publikoa “eraldatzeko” Plana omen da, baina “eraldatu” behar dena Hezkuntza Sistema osoa da, bere egituran, dugun sistema duala eta desorekatua, alegia, ezberdintasunak eta desorekak sortzen dituena. Eskola Publikoa ez da eraldatu behar, zaindu eta sustatu behar da, hobetuz eta handituz joan dadin.

Bigarrenik, Planak izaera estrategikotik ezer gutxi du. Aipamenik ez azpiegitura berriez, ez eskola publikoaren zabalkundeaz, ezta hezkuntza sistemaren lehentasunezko ardatz bilakatzeko neurriez ere. Plan pedagogiko bat da, sarreran bertan hala adierazten baita oso argi. Asmo, orientabide, gomendio eta nahien zerrenda bat da, edozein ikastetxek bere egunerokoan dituen hamar erronken segida. Hitz bitan, desideratum pedagogiko bat da, zehaztasunik gabea.

Hirugarrenik, Plan hau lantzeko egin den prozesu parte hartzailea ez-nahikoa eta oso instituzionala izan da: lau jardunaldi guztira, hiru elkarrizketa (bakarra EHIGErekin, Guraso Elkarteen Federazioarekin) eta ikastetxeei egindako eta guztiz bideratutako inkesta bat. Ez du apenas kontatu Eskola Publikoaren eragileekin. Lan taldea E. Jaurlaritzarena izan da.

Laugarrenik, ez dugu konpartitzen Eskola Publikoaz egiten den diagnostikoa edo radiografia: zeharo hanka motza da, triunfalista eta interesatua. Hezkuntza Sailaren alde jokatzen duten datuak baino ez ditu ematen, eta horren argibide argia da ez duela eskola-segregazioa aipatzen, gure hezkuntza sistemak duen arazorik larrienetakoa, hezkuntza-politika jakin baten ondorioa. Bere auto-propaganda egiteaz gain, aipatzen diren “erronka berriak” (jaiotze-tasaren jaitsiera, emigrazioaren gorakada, euskara, digitalizazioa, berrikuntza, elkarbizitza…) oraingoak balira bezala planteatzen ditu, benetan arazo zaharrak direnean, eta sistema osoari dagozkionean, eta ez bakarrik eskola publikoari.

Topaguneko eragileok, eskola publikoa hobetzeko helburua duen “Plan Estrategiko” batean, honako gai hauek bota ditugu faltan:

  1. Finantzazioa: irakaskuntza kontzertatuari hezkuntzako aurrekontuen %28a (Estatuko ehunekorik altuena) ematen dion Hezkuntza Sailak ez du zehazten zer baliabide eta aurrekontu izango dituzten Planaren asmoak eta programak. Hiru urteetarako den Plan estrategikoak ez du diru-partidarik izango?

  2. Hezkuntza-planifikazioa: ez du mahai gainean jartzen nola bihurtuko den Eskola Publikoa sistemaren ardatz, nola emango dion “Euskal Hezkuntza Sisteman Euskal Eskola Publikoari dagokion protagonismoa” (5. orr.), eta ez du zehazten zein izan behar duen Eskola publikoaren lekua gurean, gure herrian.

  3. Eskola-segregazioa: Hezkuntza Sailak dio “aurrerapen handiak egin direla” (92 or.) eta, arazoa berria balitz bezala, planteatzen du “Segregazioaren aurkako Itun Soziala” eta kontratu-programak bultzatzea (!). Eta bitartean? Zer egingo da eskola-getoekin? Nola eman buelta dugun desoreka itzelari?

Ordiziako egoera bidegabearen gainean (eta, tamalez, egoera bera da EAEko hainbat eta hainbat herritan) Arartekoak argi adierazi du ez datorrela bat Hezkuntza Sailak Ordiziako hezkuntza egoeraz txosten batean egiten duen “balorazio oso positiboarekin”, eta arazoari aurre egiteko neurri zuzentzaile nahikorik” ez hartu izana egotzi dio: “Ezin da esan eskola-segregazioaren arriskua nabarmen gutxitzen ari dela, helburu hori lortzea urrun baitago neurri irmoagoak hartzen ez badira”. (Argia aldizkaria, ekainaren 9a).

  1. Euskalduntze arloan, ez ditu helburu zehatzik aipatzen: “Euskaran hizkuntza-konpetentzia egokia bermatzea”(!) bakarrik, eta horretarako “EEPublikoko ikastetxe guztietan, irakaskuntzarako komunikazio-hizkuntza euskara dela ziurtatzea”. Nola ezkontzen da hau indarrean dauden eta Hezkuntza Legeak babesten dituen A eta B ereduekin? Esijituko al zaio gauza bera irakaskuntza kontzertatuari, eredu horien ehuneko handiena duen sareari? Proposatzen diren “trakzio-ekintzak” guztiz orokorrak eta zehaztugabeak dira ere: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntz proiektua egitea, kasu.

Izan ere, plana irakurrita, badirudi hezkuntza munduan bi mundu daudela: errealitatea mozorrotzen duen administrazioarena eta eguneroko errealitatea bizi duten ikastetxeena. Horren froga argia Plan hau da, asmo onez betea baina muzin egiten diona benetako arazoei, estrukturalak direlako. Horren froga argia da Bermeo, Andoain, Ordizia, Amurrio eta hainbat herritako eskola publikoetako familiek urtero salatzen duten ikastetxe kontzertatuen eskola-plazen gain eskaintza.

Hezkuntza Sailak kontuan hartu beharko luke Topagune honetatik EAEko Ikastetxe guztietako Eskola Kontseiluetara bidalitako eskutitza eta horietako ehun inguruk sinatu eta jaso ditugunak. Honako eskaerekin:

1.- Ikasle guztiei aukera berdintasuna eman ahal izateko, inklusibitatea lantzeko, zaurgarritasunari aurre egiteko, baliabide egokiak behar ditugu.

2.- Azpiegiturak berritzea eta hobetzea, beti ere bertoko eskola komunitatearekin adostua.

3.- Eskola-jantokiak eraldatzeko, Catering sistematik bertoko sukaldera jauzi egitea.

4.- Euskara eskola publikoaren esparru guztietan indartzeko baliabideak.

5.-Eskola publikoa planifikazioaren eta hezkuntza politiken erdigunean jartzea. Beraz, familia orok bermatua izatea, plaza bat etxetik gertu, eskola publiko batean.

Dugun hezkuntza sistema dualak ez du bermatzen aukera berdintasunik. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da hezkuntza sistema publikoa indartzea eta zaintzea. Eskola Publiko indartsua dugu aukera bakarra gure jendartean benetako kohesio soziala lortzeko.”

Horixe bera eskatu nahi diogu hemendik Hezkuntza Sailari. Eta berriro esango dugu: Hezkuntza sistema osoak behar du Plan estrategiko bat, itunpeko irakaskuntzaren presentzia pixkanaka gutxituz, irakaskuntza publikoa “eraldatzea”, hobetzea, eta eskaintza hegemonikoa lortzea helburu izango duena.

The post Euskal Eskola Publikoa “eraldatzeko” plan estrategikoak ez die erantzuten eskola publikoaren beharrei appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.